Literatur Emailuak
232 zenbakia: 2006ko ekainaren 29an
Susa literatura argitaletxea 


Paddy Rekalderen dub poemak

2004an plazaratu zuen Paddy Rekaldek Bilbo dub kronikak poemarioa. Sex abaroa poema liburua lehen ere kaleratua, Txalaparta argitaletxearekin, bere unibertso literarioan sakontzen dute dub poema hauek, erritmoz jositako Bilboren kronikek. Whiskey koloreko gauak (Txalaparta, 1999) edo Rebel Mayo Colorao (Txalaparta, 2002) liburuetan landutako mundu ikuskeraren beste erretratu bat da, poesiaren prismatik iragazia. Osorik irakur dezakezu orain.

Ebanjelio katoliko zaharrak

Francisco Ignacio Lardizabal zaldibiarra jaio zenetik berrehun urte betetzera doazen honetan (uztailaren 5ean, hain zuzen), Klasikoen Gordailuak haren aurretik ondutako ebanjelio-liburuen bi itzulpen-moldaketa eder sareratu nahi ditu omenaldi gisa. Lehendabizikoa J. Haraneder lapurtarraren Jesu Kristoren ebanjelio saindua (1740: 1990) da. Sinesmen katolikoan lehen Testamentu Berria izan arren (aurrekoa Leizarraga protestanteak burutu zuen 1571n), ehun bat urtez egon zen argia ikusi gabe, eta orduan ere (1855ean) lau ebanjelioak bakarrik kaleratu ziren. Gaurdanik oso-osorik aurkitu ahal izango du zaletuak sarean. Bigarren eskaintza P.A. Añibarro bizkaitarraren  Jesu Kristoren lau ebanjelioak batera alkarturik (c. 1804-1821: 1991) dugu. Bi-biak, irakurleak ikusiko duen bezala, goi mailako lanak eta, zalantza gabe, omenaldi egokia euskaldunok gehien irakurri bide ditugun Testamentu kristauen apailatzailearentzat (Klasikoen Gordailuan ikus daitezke hark egokituriko Testamentu Berriko Kondaira eta Testamentu zarreko kondaira).

Efemerideak

1854 ekainak 29: Bizenta Mogel hil zen Abanton.

1914 ekainak 30:
Xabier Peña jaio zen Tolosan.

1979 ekainak 30:
Jon Oñatibia hil zen Oiartzunen.

1998 ekainak 30:
Yon Etxaide hil zen Donostian.

1773 uztailak 1:
Jose Bizente Etxagarai jaio zen Donostian.

1901 uztailak 1:
Bingen Ametzaga jaio zen Algortan.

1995 uztailak 1:
Ibon Zabala hil zen Oreretan.

1994 uztailak 2:
Justo Garate hil zen Argentinako Mendozan.

1682 uztailak 3:
Pedro Ignazio Barrutia jaio zen Aramaion.

1865 uztailak 3:
Karmelo Etxegarai jaio zen Azpeitian.

1932 uztailak 4:
Paskual Bernardino Biguria hil zen Donostian.

1806 uztailak 5:
Francisco Ignacio Lardizabal jaio zen Zaldibian.

1893 uztailak 5:
Juan Garbizu Zubigar jaio zen Lezon.

1915 uztailak 5:
Frantzisko Zalakain jaio zen Errenterian.

1935 uztailak 5:
Jean Louis Davant jaio zen Urrustoin.


Agenda

Juan Luis Zabalaren Inon izatekotan liburua hizpide izango dute ekainaren 28an (asteazkena) 20:00etan Txurdinagako AEK euskaltegian. Antolatzailea: Asapala Euskara Elkartea.

Lauburu Pirinioetako kontakizunak liburua aurkeztuko du EIEk ekainaren 29an (osteguna) 12:00etan Iruñeko bere egoitzan (Iwer eraikina, Martxelo Zelaieta 75, B2). Aurkezleak: Inma Errea, Edu Zelaieta eta Iñaki Zubeldia. Uztailaren 1ean (larunbata) 12:00etan  beste aurkezpen bat egingo dute Urdazubiko monastegian.

Patxi Zubizarretak Mila eta bat gauen gauak liburuko ipuien irakurketa bat egingo du uztailaren 4an (asteartea) 20:00etan Donostiako Udal liburutegiko sotoan. Musikari laguntzailea: Pello Ramirez txeloarekin.

Leire Bilbaok Ezkatak poema liburuan oinarrituta errezitala egingo du uztailaren 7an (ostirala) 20:00etan Soraluzeko kapillan. Musikaz lagun izango ditu: Domentx Uzin eta Jon Basauri.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean. 


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: