Literatur Emailuak
228 zenbakia: 2006ko ekainaren 1ean
Susa literatura argitaletxea 


Pedro Sarriegiren jaiotzaren mendeurrena

 Duela 100 urte, 1906ko maiatzaren 26an, jaio zen Hernanin Pedro Sarriegi, 1968an hil zena. Paper fabrika bateko langile, euskal kultura, dantza eta bereziki antzerkia zaletasun izan zituen eta eremuotan jardun zuen. Gehienak argitaratu gabeak (Antzertiren artxiboetan dauden makina-izkribuak), hainbat antzezlan idatzi zituen, denak ere estilo kostunbrista batekoak: Etxerako... nor? (1964) —Jarrai antzerki taldeak jokatu zuen—, Jokaldi txar bat (1966) —"Agora" saria—, Gazteak; Zauritutako lorea; Biotzaren neurria, 1965; Ama izaten lanak dira orratik eta Jose Mari'ren urre puskak. Azken honen testua eskaintzen dizuegu, idazkera gaurkotuta.

 Henrik Ibsenen heriotzaren mendeurrena

1906ko maiatzaren 23an hil zen Henrik Ibsen norvegiar idazlea. Antzerkigintzaren historian izen garrantzitsuenetakoa da Ibsenena, pertsonaien barne gatazkak marrazten maisua, XX. mendeko antzerkigintza modernora ezinbesteko zubia. Oraindik ere oso maiz taularatzen den egile honek hainbat obra ditu —Ostraat-eko Inger anderea, 1857; Brandes, 1866; Peer Gynt, 1867; Herriaren etsaia, 1882; Basa ahatea, 1884; Hildakoen artean itzarriko garenean, 1899—, baina zalantzarik gabe Andere-etxea da (Et Dukkehjem, 1879) bere obrarik ezagunena. Euskaraz ere irakur daitekeena, Jose Agirrek euskaratu eta Egan aldizkarian 1980-81eko aleetan kaleratu zena. Lehenago, hala ere, 60etan ere itzuli zen eta Jarrai antzerki taldeak 1965ean taularatu zuen. Ibsenen Mamuak izeneko lana ere euskaratua du —ez argitaratua, guk dakigula— Antonio M. Labaienek. Osorik irakur dezakezu orain, gaur eguneko grafiara ekarri dugun Andere-etxea.
.

Efemerideak

1942 ekainak 2: Joxe Mari Lopetegi hil zen Arruetan.

1981 ekainak 2: Nikolas Alzola Bitaño hil zen Irunen.

1936 ekainak 3: Jose Manuel Lujanbio Txirrita hil zen Altzan.

1821 ekainak 4: Salvat Monho hil zen Bardozen.

1981 ekainak 4:
Augustin Anabitarte hil zen Donostian,

1878 ekainak 5: Bonifazio Etxegarai jaio zen Zumaian.

1975 ekainak 5: Gabriel Aresti hil zen Bilbon.

Agenda

Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan CD-liburua aurkeztuko du Mugaldekoak taldeak ekainaren 1ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Gaztelupeko Hotsak.

Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? liburuaren gaineko solasaldia izango da ekainaren 1ean (osteguna) 19:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Izagirrek sarrera-hitzaldi labur bat egingo du liburuaz, eta ondoren solasaldia abiatuko da.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean. 


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: