Literatur Emailuak
227 zenbakia: 2006ko maiatzaren 25ean
Susa literatura argitaletxea 


Bingen Ametzaga, itzultzaile aitzindaria

William Shakespeareren Hamlet eta Juan Ramon Jimenezen “Platero eta biok” euskaratu eta 50etan argitaratu zituen Bingen Ametzagak. Gure literaturako itzultzaile aitzindarietako bat izan zen Ametzaga, 1901ean Algortan jaioa eta exilioan Caracasen hila 1969an. Bere poema sakabanatu eta argitaragabeak batu ditu Xabier Irujok Itsaso aurrean liburuan, bai eta ere poesia itzulpenak: Chaucer, Marlowe, Argensola, Whitman, Turgenev... edo Oscar Wilderen “Reading kartzelako balada” gogoangarria. Itsaso aurrean maiatzaren 30ean (asteartea) 11:30etan Donostiako Liburutegiko Sotoan aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Txistu y tamboliñen seigarrena

Fermin Eguren, Lodinowsky, Bernardo Kapanaga, Kapez Kap... sinadurak irakurri eta Txistu & Tambolin aldizkaria duzula begien aurrean da pentsatzekoa. Durangaldeko taldea berriro ere aldizkaria egiteari lotu zitzaionetik, seigarrena plazaratu dute. Interneten plazaratu, hain zuzen ere, paperezko ediziorik ez baitu orain aldizkariak. Poemak, narrazioak, testuak, ironia, kritika... topatuko dituzu 6. honetan, "Txistu & Tambolin... ... y lo malo de ser pobre es que ocupa todo el tiempo" izenburua duen honetan.

Baldendin Enbeita jaio zela 100 urte

1906an jaio zen Balendin Enbeita, berak esan zuen legez «Balendin Berriotxoa, Elorrioko semea, beato egin eben egunean, Lorailaren 20an», Muxikako Usparitxan. Urretxindorraren semea, bere kasa azkar asmatu zuen hegan egiten bertsolaritza eta olerkigintzaren munduan. Gaztetandik kantuan hasia, hainbat plazatan jardun zuen bertso-kantari, Bizkaiko txapela lau aldiz jantziz, eta aldizkarietan ere eman zituen argitara bertso eta olerkiak. Gerra ondoren —gerra eta espetxea, biak ezagutu zituen— bertsolaritzaren sustatzaile nagusietako bat izan zen; besteak beste, lehenengo bertsolaritza eskola sortu zuen. Bere bertso eta olerkien bilduma bat kaleratu zuen Auspoa sailean, Nere apurra, 1974an. Eta 1986an Bizitzaren joanean plazaratu zuen, Elkar argitaletxearekin, memoria liburua. Biak eskaintzen dizkizugu osorik.

 Kardaberazen idazlan guztiak sarean

Iragarri bezala, gaurko Literatur Emailu honen bidez Agustin Kardaberazen  lan guztiak kontsultatzeko aukera paregabea zabaltzen da azkenik sarean. Aurrekoetan argitaratutakoez gainera, irakurleak honako idazlan berri hauek ikusi, irakurri, dastatu eta erabili ahal izango ditu oraingoan gure Klasikoen Gordailuan: Aita San Ignazioren bizitza laburra [1767; 1901], Ama beneragarri Josefaren bizitza [176?; 1882], Senar emazte santuak (1766), Deboziño batzuk (1764), Jesus Maria eta Joseren debozioa (1764; 1824) eta Meza eta komunioa [176?; 18??]. Badu, beraz, non bazka letrazaleak!
.

Efemerideak

1872 maiatzak 18: Belzuntze bizkondea hil zen Bordelen.

2004 maiatzak 19:
Anastasio Arrinda hil zen Deban.

1871 maiatzak 20:
Paskual Bernardino Biguria jaio zen Elizondon.

1873 maiatzak 20:
Manex Etxamendi jaio zen Ezterenzubin.

1906 maiatzak 20:
Balendin Enbeita jaio zen Muxikan.

1901 maiatzak 21:
Piarres Lafitte jaio zen Luhuson.

1957 maiatzak 21:
Alejandro Tapia Perurena hil zen Iruñean.

1811 maiatzak 22:
Gregorio Arrue jaio zen Hernanin.

1883 maiatzak 24:
Robustiano Ortuzar jaio zen Bermeon.

1888 maiatzak 24:
Tene Mujika jaio zen Deban.

1841 maiatzak 25: Felipe Arrese Beitia jaio zen Otxandion.

1838 maiatzak 26: Jose Inazio Arana jaio zen Azkoitian.

1906 maiatzak 26: Pedro Sarriegi jaio zen Hernanin.

1941 maiatzak 27: Toribio Altzaga hil zen Donostian.

2005 maiatzak 27: Iñaki Goenaga hil zen Donostian.

1667 maiatzak 28: Jacques Bela hil zen.

1812 maiatzak 28: Jose Antonio Uriarte jaio zen Arrigorriagan.

1891 maiatzak 28: Krispin Beobide hil zen Tolosan.

1901 maiatzak 28: Justo Mokoroa jaio zen Tolosan.

1908 maiatzak 28: Etxahun-Iruri jaio zen Irurin.

1916 maiatzak 29: Jose Manuel Estonba jaio zen Irunen.

1879 maiatzak 30: Juan Etxamendi Bordel hil zen Luzaiden.

1907 maiatzak 30: Antonio Arozena jaio zen Caracasen.

2005 maiatzak 30: Juan San Martin hil zen Hondarribian.

1993 maiatzak 31: Eusebio Erkiaga hil zen.

Agenda

Castillo Suarezek Bala hutsak poesia emanaldia egingo du maiatzaren 26an, (ostirala) 20:00etan Iruñeako Kalaska espazioan. Irakurleak:  Castillo Suarez, Pello Belaskoain eta Xabier Mendiguren. Musikariak: Maite Abad eta Jone Sanmartin.

Txikitasunetik unibertsaltasunera. hitzaldia eskainiko dute Jose Luis Otamendik eta Antton Lukuk maiatzaren 27an (larunbata) 11:00etan Izurako Haize Berri kultur etxean. Aurkezlea: Iñigo Aranbarri. Antolatzailea: Literatura Eskola.

Koldo Izagirre Sua nahi, Mr. Churchill? narrazio liburuaz mintzatuko da ekainaren 1ean (osteguna) 19:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean. 


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: