Literatur Emailuak
225 zenbakia: 2006ko maiatzaren 11n
Susa literatura argitaletxea 


Ulua poemarioak 50 urte

1955eko urrian San Franciscoko Six Galleryn irakurri zuen Allan Gingsbergek Ulua (Howl) poema. Horren ostean, Lawrence Ferlinghettik oharra bidali zion Gingsbergi hainbat urte lehenago Ralph W. Emersonek Walt Whitmani Belar-hostoak (Leaves of grass) irakurri eta gero bidalitako oharra errepikatuz: "Ibilbide handi baten hasierari diosala egiten diot". Ferlinghettik esaldi bat erantsi zion: "Noiz eskura nezake eskuizkribua?". Handik gutxira izan zuen. Izan ere, 1956an, duela 50 urte, City Lights argitaletxean plazaratu zuen Ulua eta beste poema batzuk, Allan Gingsbergen poemarioa.
Britainia Handiko lehen edizio honek, 1957an Estatu Batuetakoak ez bezala, ez zuen Administrazioarekin arazorik izan. Ameriketakoaren zati bat bahitu egin baitzuten agintariek, obszenitatea egotzita. Auzitara ere eraman zituzten egilea eta editorea. San Franciscoko irakurraldiaren urteurrenaren karietara, 2005eko udazkenean, Susa argitaletxeak Ulua testua plazaratu zuen, Harkaitz Canok euskaratuta. City Lights argitaletxeak urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituen honetan , euskaraz ere osorik irakur daiteke.

Bilintx jaio zela 175 urte

1831ko apirilaren 30ean jaio zen Indalezio Bizkarrondo Bilintx. Urteurrenaren karietara, Donostiako Euskara Patronatuak argitalpen berezia egin du, Bilintx. 175 urte direla eta..., olerkariaren hamazazpi bertso-sail ezagun argitaratuz Mattinek edizio eta bertso horiei propio eginiko marrazkiek lagunduta. Liburua on-line dago, hala marrazkiak nola testuak ikusgai, Euskaraz.net-en. Auspoa sailean kaleratu zen Bilintxen Bertso ta Lan guziak liburua ere irakurgai dago gune horretan, eta Klasikoen Gordailuan ere aurkituko dituzu Bilintxen Bertso guztiak.

Efemerideak

1804 maiatzak 11: Juan Antonio Mogel hil zen Markinan.

1907 maiatzak 11: Bernardo Estornes Lasa jaio zen Izaban.

2005 maiatzak 11: Julian Alustiza hil zen Arantzazun.

1923 maiatzak 13: Jean Haritxelhar jaio zen Baigorrin.

1810 maiatzak 15: Jean Pierre Duvoisin jaio zen Ainhoan.

1921 maiatzak 15: Federiko Krutwig jaio zen Getxon.

1823 maiatzak 17: Juan Bautista Agirre hil zen Asteasun.

Agenda

Atriletan zintzilik poesia emanaldia eskainiko dute maiatzaren 13an (larunbata) 19:00etan Pasai San Pedroko kultur etxean Literatuzta, BBK eta Mikelazuloko kideek. Atriletan zintzilik manifestua eskegita dago armiarma.eus gunean.

Edu Zelaietak Mugaldekoak emankizuna eskainiko du maiatzaren 12an (ostirala) 20:00etan Universitat de Barcelonako kaperan. Emanaldia euskaraz eta katalanez izango da.

Itxaro Bordak poesia errezitaldia eskainiko du maiatzaren 13an (larunbata) 16:00etan Miarritzeko mediatekan. Laguntzaile izango du Kattalin Totorika eta Pantxix Bidart (gitarra).

Gasteizko Irakurle klubean Jaroslaw Iwaszkiewicz-en Wilkoko andereñoak liburua izango dute hizpide maiatzaren 23an (asteartea) 20:00etan Hikaateneoan.

Castillo Suarez poetak Bala hutsak liburua aurkeztuko du maiatzaren 24an (asteazkena) 20:00etan Iruñeako Kalaska gunean.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: