Literatur Emailuak
224 zenbakia: 2006ko maiatzaren 4an
Susa literatura argitaletxea 


Pramoedya Ananta Toer-en heriotza

«Kartzelatua, debekatua, isilarazia. Indonesia XX. mendean hartu duten okupazio japoniarrak lehenik, Herbehereetako kolonizatzaileek gero. Eta diktadurak: Sukarnorenak eta gero Suhartorenak (...).Horren aurrean zer? Erresistentzia politikoa, aske izan beharrari fideltasuna eta bokazio literarioa.» Halaxe aurkeztu zigun Jon Benitok Pramoedya Ananta Toer idazle indonesiarra, herri hark XX. mendean eman duen idazle inportanteenetako bat, bere heriotza zela-eta egindako prentsa-artikuluan. Javan jaioa 1925an, 81 urte zituela hil zen 2006ko apirilaren 30ean. 81 urte horietarik 14 preso pasatu zituen Buruko irlan, eta han idatzi Buruko Saila izenaz ezaguna den tetralogia. Hainbat hizkuntzara itzulia, euskaraz ere irakur daiteke. Txalaparta argitaletxeak Pramoedya Ananta Toerrek Bukit Duriko presondegian 1949an idatzitako Iheskaria eleberria plazaratu zuen, 1994an, Jose Emilio Txoperenak itzulia. Hementxe duzu.

Artikulugileak

XX. mendeko Euskal Literaturan egile zein aztertzaile gisa azaldutako lau izen nagusiren artikulu bilduma interesgarriak eskaini nahi ditu Klasikoen Gordailuak gaurkoan. Lehendabizi, eta irizpide kronologiko hutsari jarraituz, Kirikiño paregabearen iruzkinak eta iradokizunak datoz Edo geuk edo iñok ez (1913-1928: 1984) izeneko bilduman. Bigarrenik, Lauaxeta handiaren ipuinak eta gai anitzeko artikuluak sareratu dira Azalpenak (1931-1935: 1982) eta Azalpenak eta beste 1932 (1932: 1991) bildumetan.
Oroitarazteko dira, halaber,
Enrike Zubiri Manezaundi nafarraren ipuin eta kazeta-artikulu zaporetsuak, haren Artikulu bilduma (1928-1936: 1990) jasotzen direnak. Azkenik, gaurko eskaintzari amaiera duina emateko, Piarres Lafitteren literatur lanak aurkituko ditu irakurleak haren Euskal literaturaz (1934-1967: 1990) izeneko bilduman.

Efemerideak

1864 maiatzak 4: Domingo Agirre jaio zen Ondarroan.

1912 maiatzak 4: Paulin Solozabal jaio zen Etxebarrin.

1847 maiatzak 5: Jose Paulo Ulibarri hil zen Bilbon.

1908 maiatzak 5: Juan Inazio Goikoetxea Gaztelu jaio zen goitizena eman zion herrian, Gaztelun.

1910 maiatzak 5: Pedro Mari Otaño hil zen.

1915 maiatzak 5: Piarres Larzabal jaio zen Azkainen.

1919 maiatzak 5: Piarres Ibarrart hil zen Baionan.

1830 maiatzak 6: Manuel Antonio Antia jaio zen Urretxun.

1854 maiatzak 7: Arturo Kanpion jaio zen Iruñean.

1869 maiatzak 7: Rosario Artola jaio zen Donostian.

1810 maiatzak 8: Jean Martin Hiribarren jaio zen Azkainen.

1938 maiatzak 8: Etienne Decrept hil zen Bidarten.

2005 maiatzak 9: Begoña Bilbao hil zen Bermeon.

1909 maiatzak 10: Manuel Olaizola Uztapide  jaio zen Endoian.

Literatura eta musika Bilbon

Maiatzean literatura eta musika uztartuko dira Bilboko Kalderapeko kulturgunean.  Lauaxeta eta Garcia Lorcaren poemekin landutako Zurak emanaldia eskainiko du maiatzaren 4an (osteguna) 21:00etan. Bilbo atzotik gaurkora poesia emanaldia egingo dute Miren Agur Meabek, Juanra Madariagak eta Sonia Gonzalezek maiatzaren 11n (osteguna) 21:00etan. Arrakalak emanaldiarekin jarraituko du Bihotz Bakartien Klubak maiatzaren 18an (osteguna) 21:00etan eta azkenik Ametsen baratza eskainiko dute Sorgintxulo gaztetxekoek maiatzaren 25ean (osteguna) 21:00etan.

Galdera ikurrak atriletan zintzilik

Poesiaren astea antolatu dute beste behin ere Errenteria, Pasaia eta Lezon Mikelazulokoek. Oteiza bere dardar minetan dokumentala eskainiko dute maiatzaren 9an (asteartea)  20:00etan Lezoko Gezala auditorioan. Ostean solasaldia izango dute Jose Luis Padronekin. Txikira beti hordago emankizuna eskainiko dute Bertol Arrieta, Xabier Etxabe (kitarra) eta Iñaki Olidenek (soinua) maiatzaren 10ean (asteazkena) 21:00etan Errenteriako Mikelazulon. Goierriko kastakoak izango dira berriz maiatzaren 11n (osteguna) 21:00etan poesia emanaldia eskainiz Mikelazulon bertan.
Poesia necesaria poesia mailu bat da errezitala egingo dute Antton Valverde, Amaia Lasa, Arantxa Gurmendi, Sabin Arana eta Auxtin Zamorak; Lauaxeta, Miguel Hernandez, Federico Garcia Lorca, Antonio Machado eta nazismoaren garian Ipar Euskal Herriko idazleengan eragina izan zuten hainbat idazleren poemak irakurriko dituzte. Errezitala maiatzaren 12an (ostirala) 20:00etan izango da Mikelazulon.
Amaitzeko, Atriletan zintzilik poesia emanaldia eskainiko dute maiatzaren 13an (larunbata) 19:00etan PAsai San Pedroko kultur etxean Literatuzta, BBK eta Mikelazuloko kideek. Atriletan zintzilik manifestua eskegi dugu armiarma.eus gunean.

Agenda

Castillo Suarez poetak Bala hutsak liburua aurkeztuko du maiatzaren 4an (osteguna) 20:00etan Bartzelonako Euskal Etxean.

Juan Ramon Makusok Hiri gorazarre poema liburua aurkeztuko du maiatzaren 10ean (asteazkena) 12:00etan Donostiako KM kulturunean. Argitaldaria: Elea.

Edu Zelaietak Mugaldekoak emankizuna eskainiko du maiatzaren 12an (ostirala) 20:00etan Universitat de Barcelonako kaperan. Emanaldia euskaraz eta katalanez izango da.




Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: