Literatur Emailuak
222 zenbakia: 2006ko apirilaren 20an
Susa literatura argitaletxea 


XIX. mendeko albo-literatura

Juan Inazio Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira (1824) izeneko liburua dator gaurkoan Klasikoen Gordailuaren atal etnografikoa hornitzera. Bestalde, munduko erlijio nagusien aurkezpen katolikoa dakarkigu J. Martin Hiribarrenek Eskaraz egia (1858) liburuan, euskal irakurleari lehen aldiz Konfuzio, Buda, Brahma, Zoroastro, Isis eta Osiris bezalako pertsonaien berri eskainiz. Egile beraren Napoleon Lehena (1856) poema luzea dakarkizugu, Bonaparte Printzeari oparitutakoa. Amaitzeko, bi lan labur sareratu dira: Hiribarrenen Iruñeko bestak 1845 (1845) izeneko bertso-bilduma (antitaurinoa, besteak beste: Utz ordu dire zezenak,/ Espainolentzat eginak:/ Ni banintz erregetarik,/ Ez liteke zezenarik. //Horrek ez du espainola/ Izituren berehala;/ Ez dut hekien gusturik,/ Halere naski nererik./ Dena den, adio bethikotz/ Etzarete neretakotz,/ Josteta hirriskutsuak,/ Barbarian asmatuak!) eta apaizak soldadutzara behartzen zituen legaren aurkako idazkia, Arnaud Abadiak ondua: Aphezak soldado (1890).

Juanjo Olasagarreren poemak

Susa argitaletxearekin kaleratutako hiru liburuetan unibertso poetiko oso bat eratua du Juanjo Olasagarrek, batez ere azken bietan —Bizi puskak (Susa, 1996) eta Puskak biziz (Susa-Elkarlanean Fundazioa, 2000)— eraikitako territorioarekin. Lan horren antologia bat XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman argitaratutako alean irakur daiteke. Hemen daukazu osorik.

Efemerideak

1929 apirilak 21: Pepe Artola hil zen Donostian.

1968 apirilak 22:
Txomin Arruti Mendi-Lauta hil zen Zarautzen.

1900 apirilak 23:
Patxi Etxeberria jaio zen Andoainen.

1934 apirilak 24:
Juan Ignazio Uranga hil zen Donostian.

1718 apirilak 26:
Mixel Xurio hil zen Donibane Lohizunen.

1781 apirilak 26:
Juan Jose Mogel jaio zen Deban.

1823 apirilak 26:
Pedro Prudenzio Hualde Maio jaio zen Bidankotzen.

Literaldia Bartzelonan

Bartzelonako Euskal Etxeak, euskal literatura Katalunian ezagutzera emateko antolatzen duen Literaldia apirilaren 21ean (ostirala) abiatuko eta maiatzaren 19an (ostirala) bitarte burutuko da.
Unai Elorriagak SP-rako tranbia lanari buruz berba egingo du apirilaren 21ean (ostirala) 20:00etan Bartzelonako Euskal Etxean. Apirilaren 23an (igandea) eta Liburuaren egunaren karietara, Euskal Etxeak stand bat jarriko du literatur lanak ezagutzera eman eta saltzeko. Mikelazulokoek Kontrola lana eskainiko dute
apirilaren 28an (ostirala) 20:00etan Euskal Etxean bertan.
Castillo Suarez poetak Bala hutsak liburua aurkeztuko du maiatzaren 4an (osteguna) 20:00etan Euskal Etxean. Eta azkenik; Edu Zelaietak Mugaldekoak emankizuna eskainiko du maiatzaren 12an (ostirala) 20:00etan Universitat de Barcelonako kaperan. Emanaldia euskaraz eta katalanez izango da.




Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: