Literatur Emailuak
220 zenbakia: 2006ko apirilaren 6an
Susa literatura argitaletxea 


 Graham Greene hil zela 15 urte 

1991ko apirilaren 3an hil zen, Suitzako Veveyn, Graham Greene idazlea, 1904an Ingalaterran jaioa zena. "Badirudi Graham Greeneren pertsonaiek orrialde inprimatuetatik jauzi egiten dutela, teologoei, soziologoei eta haren idazlanak irakurri dituen edonori arazoak, kezkak eta zalantzak planteatzen dizkietela" idatzi zuen haren aurkezpenean Iñaxio Lopez de Aranak. Irakurria, bederen, izan da. Eleberri askoren egilea, espiritu-gatazkaren alorrean kokatu behar dira Greeneren lan gehienak, jeneroz eskuarki espiotza-literaturan sailkatu behar badira ere —berak ere lanbide izan zuen, kazetaritza utzita—. Alor horretako lanez gain (Habanako gure gizona, Amerikar barea, Giza faktorea, Hirugarren gizona), besterik ere badu (Agintea eta Aintza, Auziaren muina). Euskarara bi eleberri ditu ekarriak: Iñaki Ibañezek Hirugarren gizona euskaratu zuen 1988an, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu; eta Iñaxio Lopez de Aranak Giza faktorea euskaratu zuen Literatura Unibertsala bildumarako, Ibaizabalek plazaratua 1997an. Biak eskaintzen dizkizugu osorik.


125 urte Iparragirre hil zela

1881eko apirilaren 6an hil zen Jose Mari Iparragirre koblakari ospetsua Ezkio-Itsason. Urretxuarraren heriotzaren 125. urteurrena betetzen den honetan, bada, egoki iritzi dio Klasikoen Gordailuak aparteko eskaintza egin eta haren Olerkiak eta eresiak (1839-1881: 1987) sareratzeari, berak burututako obra ezagutaraziz, erabiliz eta kantatuz opatuko baitzaio
omenaldirik zintzoena eta, herioak herio, biziena.
Jose Manuel Etxeita mundakarraren neurtitzak jasotzen dituen Au, ori ta bestia (1913) bertso-bilduma eta Jaioterri maitia (1910: 1988) izeneko eleberria datoz, azkenik, ezohiko eskaintza hau osatzera.


Efemerideak

1881 apirilak 6: Jose Mari Iparragirre hil zen Ezkio Itsason.

1889 apirilak 6:
Katalina Eleizegi jaio zen Donostian.

1939 apirilak 6:
JosAnton Artze jaio zen Usurbilen.

1888 apirilak 7:
Jules Moulier Oxobi jaio zen Bidarrain.

1911 apirilak 7:
Lino Akesolo jaio zen Diman.

1954 apirilak 7:
Emeterio Arrese hil zen Tolosan.

1644 apirilak 8:
Pedro Agerre Axular hil zen Saran.

1696 apirilak 8:
Joan Batista Gamiz jaio zen Sabandon.

1985 apirilak 8:
Paben Loidi hil zen Igeldon.

1979 apirilak 10:
Mikel Zarate hil zen Lezaman.

1605 apirilak 11:
Juan Perez de Lazarraga hil zen Larrean.

1879 apirilak 11:
Ixaka Lopez Mendizabal jaio zen Tolosan.

1894 apirilak 12:
Bitor Gaubeka jaio zen Bermeon.



Agenda


Edorta Jimenez
ek Bermeo bi argazkitan: Hemingway eta Cappa hitzaldia emango du apirilaren 6an (osteguna) 20:00etan Bermeoko Udal liburutegian.

Koldo Izagirrek Sua nahi, Mr Churchill? liburuari buruzko hitzaldia eskainiko du apirilaren 6an (osteguna ) 20:00etan Larrabetzuko kultur etxean.

Xabier Mendigurenek Arima enkoinatuak aurkeztuko du apirilaren 7an (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegian. Aurkezle: Susana Mujika. Argitaldaria: Elkar.

Castillo Suarezek Bala hutsak poesia liburua aurkeztuko du apirilaren 7an  (ostirala) 20:00etan Arbizuko Karrika tabernan.

Agosti Xahoren Kantutegia aurkeztuko du Patri Urkizuk apirilaren 20an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Susa.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: