Literatur Emailuak
219 zenbakia: 2006ko martxoaren 30ean
Susa literatura argitaletxea 


Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra

Baladak, koplak, sehaska kantak, bluesak... Koldo Izagirreren kantuak eta kantugaiak biltzen ditu Teilatuko lizarra liburuak, hogeita hamar urtetik hona diskoetan eta poema liburuetan argitaratutakoak eta gordean zeuzkan beste hainbat berri. Teilatuko lizarra honetara ekarri ditugunetatik erdiak Imanolek, Natxo de Felipek, Peio Serbiellek, Joseba Tapiak... musikatuak izan dira. Liburua aurkezteko, Koldo Izagirrek errezitala egingo du apirilaren 4an (asteartea) 19:30etan Donostiako Tabako Fabrikan (Egia auzunean).

Olerki ehunduak

Lau idazleren poemak irakurtzeko gonbita luzatu nahi du gaurkoan Klasikoen Gordailuak. Gabirel Manterola zeaniztarraren Goi-izpiak izeneko poema-bilduma da lehendabizikoa, 1921ean argitaratua. Garai bertsuko Paulo Zamarriparen Gora begira (1927) eta Alejandro Bilbao Maruri'tar Erramun fraide txotinodunaren Lili-txingar (1928) eta Txindor-egadak (1964) izeneko liburuak datoz ondoren. Eskaintza osatzeko, Joseba Zubimendi, Agirre lehendakariaren adiskide abeslaria datorkigu azkenik Zumalakarregi (1935) poema sortarekin.

Edu Zelaietaren Mugaldekoak

Muga geografikoa elementu fisikoa da, baina baita elementu fisikoa baino askoz gehiago. Areago mugaldekoak: mugaldeko jendea, istorioak, harremanak... Eremu horretan txertatu zuen Edu Zelaietak bere poema liburua, Susa argitaletxearekin 2004. urtean kaleratua. Lehendik Arabako Foru Aldundiarekin Jendakiak urruneko familiatan poemarioa argitaratua zuen. Osorik eskaintzen dizugu Mugaldekoak.

Stanislaw Lem-em heriotza eta Izarretako bitakora

1921ean Lvoven (gaur egun Ukraina) jaioa, 2006ko martxoaren 27an hil da Stanislaw Lem, XX. mendeko idazle poloniar garrantzitsua eta zientzia fikzioaren alorrean mundu mailako maisuetako bat. Generoaren baitan literarioenetakoa kontsideratua, bere lanetan osagai zientifikoaz haratagoko arazo, kezka eta gogoetak izan zituen idazgai, filosofiaz blaituz bere narrazioak. Solaris da bere lanik ezagunena, baina beste hainbat eleberri eta ipuin idatzi zituen: Fiasko, Ziberiada, Transfigurazioaren ospitalea, Garaitezina, Futurologia kongresua.... Euskaraz ere irakur daiteke haren lanik. 1998. urtean Maskarada taldeak Izarretako Bitakora bakarrizketa taularatu zuen, Stanislaw Lem-en testua oinarri duen antzezlana. Teatro testuak batzen dituen gunean irakur dezakezu.

Efemerideak

1851 martxoak 30: Agustin Paskual Iturriaga hil zen Hernanin.  Euskal dialogoak eta Ipuinak liburuak osorik daude Klasikoen Gordailuan.

1944 apirilak 1: Julen Urkiza jaio zen Ondarroan.

1907 apirilak 2: Wentworth Webster hil zen Saran. Berak batutako Euskal ipuinak Klasikoen Gordailuan daude irakurtzeko moduan.

1871 apirilak 3: Julio de Urquijo jaio zen Deustun.

1894 apirilak 3:
Martin Lapeire hil zen Beloken.

1914 apirilak 3:
Pierre Duny Petre jaio zen Donibane Garazin.

1924 apirilak 4: Junes Casenave jaio zen Santa Grazin.

1944 apirilak 5: Xabier Lete jaio zen Oiartzunen. Bere zenbait poema dituzue basquepoetry.eus euskal poesiaren atarian.

1974 apirilak 5:
Ibon Zabala jaio zen Oreretan. Irakurtzeko aproposa da bere Ke arteko egunak poema, adibidez.

1980 apirilak 5:
Agustin Zarrantz Polikarpo Iraizozkoa hil zen Lekarozen.


Agenda



Castillo Suarezek Bala hutsak poesia liburua aurkeztuko du martxoaren 30ean  (osteguna) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan.

Joan Mari Torrealdaik Euskal kulturaren zentsura, lehen eta orain hitzaldia eskainiko du martxoaren 30ean (osteguna) 19:30etan Arrasateko Monterron kultur etxean.

Primo Leviren Sistema periodikoa (Alberdania) izango dute hizpide martxoaren 30ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Erloju lehorrak ikuskizuna eskainiko dute Mikelazulokoek martxoaren 30ean (osteguna) 21:30etan Zarauzko Euskalduna tabernan.

Koldo Izagirrek Sua nahi, Mr Churchill? liburuari buruzko hitzaldia eskainiko du apirilaren 6an (osteguna ) 20:00etan Larrabetzuko kultur etxean.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: