Literatur Emailuak
217 zenbakia: 2006ko martxoaren 16an
Susa literatura argitaletxea 
 

Leire Bilbaoren Ezkatak

"Soiltasunaren indarra dute Leireren poemek" adierazi zuen Iñigo Aranbarrik joan den astean Leire Bilbaoren Ezkatak liburuaren aurkezpen ekitaldian: “soiltasuna, ez errazkeria; zintzotasuna, ez inozokeria”. Konposizio laburrez ondurik dator Leire Bilbaoren lehen argitalpena. Hamabi poema dituzu irakurgai Susa literatura webgunean.

Jose Artetxeren mendeurrena

1906ko martxoaren 12an, duela 100 urte, jaio zen Azpeitian Jose Artetxe. 1936an Francoren lubakian gelditu eta frankismo garaian hala jarduna, idazle eta kazetari zen aldetik, berari buruzko polemikaren iturri da. Gehienbat gaztelaniaz idatzitakoa, euskarari ere emana dio lanik, prentsan beti ere. 1932tik 1935era bitartean, artean EAJko kide zela, El Día eta Argia agerkarietan 70etik gora artikulu sinatuak ditu Joseba Artetxek euskaraz. Euskal Prentsaren Lanak webgunean irakur daitezke. Egan aldizkarian ere idatzi zuen lanik, gaztelaniaz, baina agertu ziren, 1950 eta 52an, ataltxo batzuk, Bidez bide izenaz, Jon Etxaidek euskaratuak, Artetxeren Caminando lanaren zati batzuen itzulpena. Liburu osoaren itzulpena, Bidez bide, Jon Etxaidek euskaratua, Erein argitaletxeak plazaratu zuen 1994an. Osorik eskaintzen dizuegu.

Nork irakurriko? 

Antonio Arrutiren Olerki galduak (1913-1919) bertso-bildumarekin eta Tolosako Euskal Jaietan lehen saria jaso zuen haren Lukainka (1913) izeneko ipuinarekin irekitzen du Klasikoen Gordailuak gaurko irakurtze-gonbita. Era berean, Pierre Lhande zuberotarrak gipuzkeraz idatzitako Yolanda (1921) eleberri klasikoa izango du sarezaleak dastagai. Literatur eskaintza biribiltzeko, Jean Barbierren Piarres I (1926) dator azkenik lehenagotik Gordailuan zegoen bigarren zatia (Piarres II) osatzera.

Efemerideak

1703 martxoak 17: Domingo Patrizio Meagher jaio zen Donostian.

1840 martxoak 17: Patrizio Antonio Orkaiztegi jaio zen Andoainen.

1879 martxoak 17: Ramon Illarramendi jaio zen Errenterian. Bere bizitza eta lanak euskaraz.net atarian daude irakurgai.

1897 martxoak 17: Anton Abbadia hil zen Parisen. Anton Abbadiaren Koplari Guduak ere sarean daude.

1890 martxoak 18: Gabriel Manterola jaio zen Zeanurin.

1896 martxoak 18: Jose Ariztimuño Aitzol jaio zen Tolosan.

1898 martxoak 21: Juan Garmendia Zeleta jaio zen Lasarten.

1920 martxoak 22: Luis Villasante jaio zen Gernikan.

1936 martxoak 22: Gurutz Sarasola Lotsati hil zen Donostian. Bere poemak irakurgai daude Klasikoen Gordailuan.


Agenda


Joxemari Iturraldek Nafarroako artizarra nobelaren berrargitarapena aurkeztuko du martxoaren 16an (osteguna) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldaria: Elkar.

Goierriko Kasta aldizkaria argitaratzeaz batera, errezitaldia izango da martxoaren 16an (osteguna) 19:30etan Ordiziako Barrenan. Pello Ramirezen musikaz lagunduta, idazle hauen testuak irakurriko dituzte: JosAnton Artze, JM. Apaolaza, Jon Arano, Idurre Eskisabel, Garbiñe Etxaniz, Irati eta Ekaitz Goikoetxea, Koldo Goitia, Tere Irastortza, Izaskun Jauregi, Xabier Mendiguren, Arantza Urbieta, Iker Zaldua, Koldo Zubeldia, Patxi Zubizarreta, Oier Zurutuza eta Xabier Azurmendi.

Xabier Olarrak Estilo Ariketak liburua jendaurrean aurkeztuko du martxoaren 16an (osteguna) 20:00etan Iruñeko Planetarioan.

Bekatua eta haragikeria izango dute hizpide martxoaren 16an (osteguna) 19:00etan Arrasateko Monterron Jauregian Aitzpea Goenagak, Iñigo Lamarcak eta Jabier Muguruzak. Ana Urkiza izango da moderatzailea.
Inbidia izango du hizpide Kirmen Uribe idazleak martxoaren 20an (astelehena) 19:00etan Huheziko areto nagusian, Eskoriatzan. Jatunkeria Hasier Etxeberria idazlearen gaia izango da  martxoaren 21ean (asteartea) 19:00etan Huhezin. Handiustea gai moduan hartuko du Unai Elorriagak martxoaren 22an (asteazkena) 11:30etan, Huhezin. Eta azkenik, Nagikeria profitatuko du Harkaitz Canok martxoaren 23an (osteguna) 19:00etan

Koldo Izagirrek Greenwichekoa ez da meriadiano bakarra solasaldia eskainiko du martxoaren 16an (osteguna) 20:00etan Zarauzko Arrano elkartean. Gai berari buruz mintzatuko martxoaren 20an (astelehena) Igorreko kultur hamabostaldian.

Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitala egingo du martxoaren 17an (ostirala) 20:00etan Lesakako Kattu ostatuan.

Bilbo Dub Jukebox egingo da martxoaren 17an (ostirala) 22:30etan Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Poesia: Paddy Rekalde. Musika: Dj Ander Ground. Margoak: Peru Magdalena eta Gotzon Garaizabal.

Laura Mintegik Ecce homo nobela berria aurkeztuko du martxoaren 20an (astelehena) 11:00etan Bilboko Kafe Antzokian. Argitaldaria: Txalaparta.

Kirmen Uribek Ahozkotasuna eta poesia berria hitzaldia emango du martxoaren 21ean (asteartea) 18:30etan Uztaritzeko Lapurdi aretoan. Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Hitzak mintzo gaualdia.

Emakumearen irudia euskal literaturan
goiburuko mahainguruan Josune Muñoz, Yolanda Arrieta, Iratxe Retolaza eta M. Luz Esteban mintzatuko dira martxoaren 22an (asteazkena) 19:30etan Basauriko Arizko dorretxean. Antolatzailea: Euskarabila.

Luzien Etxezaharretak Ipar Euskal Herriko idazleen ekarpena euskal literaturari izango du aztergai martxoaren 28an (asteartea) 18:30etan Uztaritzeko Hitzak mintzo gaualdien baitan. Ostean Kattalin Totorikak eta Miren Aranburuk bertako egileen testuak irakurriko dituzte.

Primo Leviren Sistema periodikoa (Alberdania) izango dute hizpide martxoaren 30ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: