Literatur Emailuak
213 zenbakia: 2006ko otsailaren 16an
Susa literatura argitaletxea 

Heinrich Heineren olerkiak

1856ko otsailaren 17an, orain 150 urte, hil zen Parisen Heinrich Heine, XIX. mendeko idazle aleman handietako bat. Dusserdolfen 1797an jaioa, bere poema eta kantuekin eta bidaia-kronikekin arrakasta lortu zuen. Alemaniako botere eta pentsamenduarekiko kritiko, ironia eta sarkasmoaren maisuetako bat izan da, eta bere idatziek oihartzun handia izan dute. Euskarara ere iritsi ziren, 1920ko hamarkadan. Joseba Arregi Txingudik euskaratu zituen Bitarte eta Itzulia poemarioak eta Heine'ren olerkiak liburuan plazara eman 1927an. Txingudiz gain, hala ere, Klaudio Sagarzazu Satarkak, Martin Oiartzabalek, Jokin Zaitegik eta beste zenbaitek ere euskaratu dituzte idazle alemanaren poemak. Heine'ren olerkiak liburua eta beste poema solteak dauzkazu irakurgai.

Agirre Asteasukoaren lan guztiak

Asteasun erretore izandako Juan Bautista Agirre (1742-1823) dator gaur Klasikoen Gordailura amaitzeke zegoen "erakusaldien" zikloa edo osatzera. Bi obrarekin agertzen da oraingoan. Lehendabizikoa, Konfesioko eta komunioko sakramentuen gañean erakusaldiak izenekoa (1803an idatzia, 1823an argitaratua), ohiko katiximen antzera dago moldatua, hots, galdera-erantzunez taxutua,  lehen komunioa egin behar zuten haurrei zuzendua baita. Bigarrena, berriz, zazpi sakramentuen inguruko hausnarketa-sorta gisa aurkezten da eta Zazpi sakramentuen gañean erakusaldiak du izenburu (1808an idatzia eta 1850ean argitara emana). Honenbestez, bada, Asteasukoaren lan osoa dugu eskuragarri sarean.

Efemerideak

1815 otsailak 17: Jean Baptiste Kamusarri jaio zen Ziburun.

1826 otsailak 17: Mixel Elizanburu jaio zen Heletan.

1937 otsailak 17: Janbattitt Dirassar jaio zen Hazparnen.

1711 otsailak 18: Xabier Idiakez jaio zen Iruñean.

1900 otsailak 18: Jose Antonio Oar-Arteta jaio zen Markinan.

1903 otsailak 18: Etienne Salaberri jaio zen Heletan.

1869 otsailak 20: Jose Antonio Uriarte hil zen Zarautzen.

1935 otsailak 21: Xabier Azurmendi jaio zen Zegaman.

2001 otsailak 21: Bitoriano Gandiaga hil zen Arantzazun. Poesia kaiera osorik dago Interneten eta basquepoetry.eus atarian  bere poemak euskaraz gain, gaztelaniaz eta alemanez ere irakurriko dituzu.

1932 otsailak 22: Felix Zubiaga jaio zen Errigoitin.



Agenda

Piarres Aintziartek Azken apeza eta Eneko Bidegainek Mahatsaren begia liburuak aurkeztuko dituzte otsailaren 16an (osteguna) 18:00etan Donibane Lohizuneko Maurice Ravel entzutegian, Euskal kultur astearen barnean. Antolatzaile: Euskal Kultur Erakundea.
 
Ibon Sarasola, Anjel Lertxundi eta Juan Luis Zabala idazleak Zehazki gaztelania-euskara hiztegiaren inguruan solastuko dira otsailaren 16an (osteguna) 19:30etan Donostiako Udal liburutegiko sotoan.

Xabier Olarrak Estilo ariketak liburua aurkeztuko du otsailaren 16an (osteguna) 20:00etan Bilboko Likiniano liburudendan. Aurkezpenaren ostean, Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala aktoreek irakurketa egingo dute. Antolatzaile: eremulauak.com

Mikel Ayllonek Gerezi gorrien garaia liburua izango du mintzagai otsailaren 16an (osteguna) 20:00etan Zarautzko Arrano elkartean.

Jon Maiak Riomundo liburuari buruz berba egingo du otsailaren 16an (osteguna) 20:00etan Larrabetzuko kultur etxean.

Blogak eta literatura mahaingurua egingo dute otsailaren 17an (ostirala) 18:00etan Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Bertan izango dira Iban Zaldua, Katixa Agirre, Xabier Mendiguren eta Markos Zapiain. Moderatzaile: Mikel Iturria.

Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur izango dute hizpide otsailaren 23an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle klubean.




Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: