Literatur Emailuak
211 zenbakia: 2006ko otsailaren 2an
Susa literatura argitaletxea 

Jose Luis Otamendiren poesia

Bost poema libururen egilea, XX. mendeko euskal literaturako ahotsik sendoenetako bat da Jose Luis Otamendirena. Ustelarekin 1980an kaleratutako Azken undinaren kaira liburutik hasi eta Lur bat zure minari poema-libururaino (Susa, 1995), lirika berezi eta indartsu baten jabe dela erakutsi du Otamendik. Bere poesiaren antologia bat, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman kaleratu zuen Susa argitaletxeak. Osorik irakur dezakezu orain, poemetako batzuk bere ahotsez entzunaz.

Duvoisinen Bible Saindua

115 urte bete dira urtarrilaren 30ean Jean Duvoisin (1810-1891) zendu zenetik.  Haren eskutik sortu-egokitu eta papereratutako obren artean ez da gure letretan garrantzi gutxienekoa, ez eta txikiena ere (ez, noski, tamainaz; ez, jakina, kalitatez) Klasikoen Gordailuak gaurkoan, ainhoarraren omenaldi gisa, eskaintzen duen Bibliaren itzulpena (1859-1865). Idazlanaren izaera erraldoiagatik hiru estekatan banatua (Bible Saindua (I) - Testament Zaharra, 1. zathia; Bible Saindua (II) - Testament Zaharra, 2. zathia eta Bible Saindua (III) - Testament Berria). Eta irakurketak bideratzea Klasikoen Gordailuaren eginkizuna ez bada ere, honako liburu paregabe hauetan aurki dezake irakurleak lehendabiziko aho-gozagarria: Eklesiastesa, Zuhurtzia, Erran zaharrak, Eklesiastikoa. Eta poesi hizkuntza maite duenak Salomonen Kantiketako Kantika eta Psalmoak liburuetan.


Efemerideak

1971 otsailak 2: Jautarkol hil zen Zarautzen.

1897 otsailak 3: Blas Fagoaga jaio zen Erratzun.

1934 otsailak 3: Txomin Garmendia jaio zen Berrobin.

1983 otsailak 3: Fernando Artola Bordari hil zen Hondarribian.

1881 otsailak 4: Jose Eizagirre jaio zen Tolosan.

1883 otsailak 4: Blas Alegria jaio zen Lakuntzan.

1969 otsailak 4: Bingen Ametzaga hil zen Caracasen, Venezuelan.

1980 otsailak 5: Julene Azpeitia hil zen Bilbon.

1840 otsailak 6: Juan Mateo Zabala hil zen Zarautzen.

1934 otsailak 7:  Juan Anjel Etxebarria Dirauket jaio zen Santurtzin.

1958 otsailak 7: Jules Moulier Oxobi hil zen Hiriburun.



Agenda

Jon Maiak Riomundo aurkeztuko du otsailaren 2an (osteguna) 20:00etan Zumaiako Alondegian. Antolataile: Baleike eta Hitza.

Edorta Jimenez Erromara joana da Capa eta Chim, gerra argazkilariak Euskal Herrian hitzaldia eskaintzera. Lehenengoa otsailaren 7an (asteartea) 19:00etan eskainiko du UPTER unibertsitatean. Beste bat eskaintzekoa da Erromako Geroa Taberna Bascan. Antolatzaile: Associazione Culturale Euskara.

Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitaldia egingo du otsailaren 11n (larunbata) 19:30etan Lekeitioko Kultur Etxean.






Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: