Literatur Emailuak
199 zenbakia: 2005eko azaroaren 10ean
Susa literatura argitaletxea 


Pablo Sastreren Kristalezko bularrak  

Bost urteko isilune luzearen ondoren kaleratu zuen Kristalezko bularrak narrazio bilduma Pablo Sastrek. Merezi izan zuen itxaroteak. Liburuko bederatzi ipuinetan, garaiko gizartearen erretratu gordina bururatu zuen Sastrek, egileak ohi duen moduan errealismorako joera hizkuntzan eta hizkeran uztartuz. Droga, zoratzea, ezkutuko lanak, zahartzaroa eta beste hainbat gairen inguruko puzle bortitza eta aldi berean samurra da 1990eko Kristalezko bularrak liburua orain sarean osorik irakur dezakezuna.

Ken Saro Wiwa gogoratuz

Ken Saro Wiwa ogoni leinurukoa zen, hainbat eleberri, ipuin eta telebista gidoi arrakastatsu idatzi zituen 80ko hamarkadan, hala nola Basi & Company telenobela, Sozaboy eleberria edo Songs in a time of war (Kantak gerra garaian) poema-bilduma. 1990ean MOSOP, Ogoni Herriaren Biziraupenerako Mugimendua sortu zuen, bakea eta ekologismoa ardatz zituen erakundea. Nazio Batuen Herri Indigenen Batzordean mintzatu zen 92an, Nigeriako gobernuak eta Shell petrolio-konpainiak euren lurretan egiten ari ziren genozidioa salatzeko: Nigerko delta petrolioz oso aberatsa izanik ere, Ogoni herriak zigor bikoitza jasan zuen: aberastasunek Nigeriako diktadurak aberastu eta ogoniei ezer ez gelditzeaz gain, ogonien lurra erabat kutsatu zuten, ogonien bizimolde tradizionalak ziren nekazaritza eta arrantza suntsituz.

Ken Saro Wiwa 1994ko maiatzean atxilotu zuten eta mundu osoan salatu zen epaiketa fartsa baten ostean, urkamendian hiltzera zigortu zituzten Saro Wiwa bera eta beste zortzi ekintzaile. Munduko gobernuek, giza-eskubideen bultzatzaileek, idazle eta kulturgileek, International PEN-Klubak eta beste hainbatek eskatu zuen zigorra bertan behera uzteko. Abachak entzungor egin zuen, baina Shell konpainiarekin bildu eta presio egiteko ahaleginak ere alferrik izan ziren. 1995eko azaroaren 10ean urkatu zituzten. Mundu osoa hunkitu zituzten gertakari haiek, Nigeria Commonwealthetik egotzi eta Shellen aurkako boikota hasi zen.

Euskal Pen klubak bere omenezko ekitaldia egingo du datorren azaroaren 12an (larunbata) 17:00etatik aurrera Bilboko Arriaga plazan. Ken Saro Wiwa euskaraz irakurtzeko gonbidapena egin digu Urtzi Urrutikoetxeak, eta Emailu honetan dituzu irakurgai.


Klasikoen Gordailua

 Tomas Kempiskoak (c. 1379-1471) idatzi zuen Imitatio Christi liburua “debozio modernoa” delakoaren laburbiltze garrantzitsuena suertatu zen, eta, aldi berean, hurrengo urteetan agertuko ziren erreformatzaile erlijiosoen zinezko egitaraua. Izan ere, aszetika liburu hau kristauen arimaren iparrorratz gisa hartu izan zen perfekziorako bidean. Eskolastika guztietatik urruti, liburu honek espiritualtasunean eta Kristoren imitazioan oinarritu nahi izan zuen bere proposamena. Berehala best-seller bilakaturik, ia lau mila edizio ezagutzeko tenorean dagoenean, euskaldunok ere ez dugu haren faltarik geure buruaren betegintzarre-ahaleginen lagungarri. Batez ere mugaz bestalde.  Ildo horretan, gaurkoan Klasikoen Gordailuak eskaintzen duen Leon Leon hazpandarraren Jesu-Kristoren Imitazionea (1927) dugu moldaketa berriena eta berritzaileena (“Lan huntan hasi ginelarik, iduritu zaikun, orhe bera hartuz, zerbait pollitagorik egin zitakela”). Kronologikoki lehena, dena den, S. Pouvreau euskaldun berriaren eskutik etorri zitzaigun: Iesusen Imitazionea  hain zuzen (XVII.mendearen erdialdean burutua, baina luzaroan argitaragabea). Harrezkero, Mixel Xurio azkaindarraren Jesu-Christoren Imitacionea (1720) eta Martin Maister-ek zubereraz eskaini Jesu-Kristen imitazionia (1757) dira azpimarragarrienak.

Aurrekoen osagarri, F.A. Hérouville apaiz frantsesak apailatutako liburuaren itzulpena da Alexander Mihura donibandarrak Andredena Mariaren Imitacionea, Jesus-Christoren Imitacionearen gañean moldatua izenarekin dakarkiguna (1778), oraingoan, izenburuak dioen bezala, Amabirjinaren antz-bidea proposatuz.
Amaitzeko, Saleseko San Frantziskoren “bizitze deboterako introdukzionea” edo Filothea ( 1664) da Bidarteko erretore S. Pouvreau-ren lan erraldoiaren beste ale adierazgarri bat bezala irakurle gosetuari eskaintzen zaiona. On egingo ahal dio!


Efemerideak

1885 azaroak 10: Abelino Barriola jaio zen jaio zen Donostian.

1925 azaroak 10: Jon Mirande jaio zen Parisen.

1873 azaroak 11: Eusebio Maria Azkue hil zen Lekeition.

1905 azaroak 11: Martin Itziar jaio zen Azkoitian.

1921 azaroak 11: Martin Ugalde jaio zen Andoain.

1927 azaroak 11: Juan Mari Lekuona jaio zen Oiartzunen.

1922 azaroak 13: Ernest Bidegain jaio zen Alduden.

1929 azaroak 14: Alfontso Irigoien jaio zen Bilbon.

1930 azaroak 15: Jose Mari Satrustegi jaio zen Arruazun.

1998 azaroak 15: Federiko Krutwig hil zen Bilbon.

1976 azaroak 16: Antonio Arrue hil zen Donostian.

Agenda

Lutxo Egiak Ezker hanka falta zuen nobela berria aurkeztuko du azaroaren 10ean (osteguna) 11:30etan Bilboko Likiniano kultur elkartean. Argitaldaria: Susa.

Edu Zelaietak Mugaldekoak errezitala egingo du azaroaren 10ean  (osteguna) 19:30etan Donostiako Campusean.

Harkaitz Canok Neguko Zirkua izango du hizpide azaroaren 10ean (osteguna) 19:30etan Larrabetzuko kultur etxean.

Alberto Barandiaranek Kazetaritzatik literaturara hitzaldia egingo du azaroaren 10ean (osteguna) 19:30etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Antolatzailea: Kima euskara taldea.

Pentsamendu eta Literaturari buruzko I. jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 14tik  (astelehena) 18ra (ostirala) bitarte Donostiako KM kulturunean. Thomas Hobbes, Zizeron eta Ernest Renan izango dituzte hizpide Unai Elorriagazk, Carlos Rojas eta Patxi Ezkiagak. Testuen irakurraldiak egingo dituzte berriz, Asier Sota, Nagore Aranburuk eta Egoitz Lasa aktoreek.

Karlos Linazasoro
k Denbora aleak poema liburua aurkeztuko du azaroaren 16an (asteazkena) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Pamiela.

Juan Luis Zabalak Galdu arte liburua izango du hizketagai azaroaren 16an  (asteazkena) 19:30etan Zarauzko Xakela gaztetxean.

Xabier Mendiguren Elizegik Euskal literatura esportagarria da? hitzaldia egingo du azaroaren 17an (osteguna) 19:30etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Antolatzailea: Kima euskara taldea.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: