Literatur Emailuak
196 zenbakia: 2005eko urriaren 20an
Susa literatura argitaletxea 

Hasier Etxeberriaren nobela berria 

Mutuaren hitzak izena du Hasier Etxeberriaren liburu berriak, eta Eulien bazka nobelan ezagutu genuen Damian Arruti hura bera du protagonista. Bizi izan zituen gartakarien katramiletatik ihesi joan da orain Baztanera, Leon Karrika adiskide pintorearen etxera, bake bila, naturaren baretasunean zoriona aurkituko duelakoan. Hamabi ataleko nobela da Mutuaren hitzak, eta lehendabizikoa osorik eskaintzen dizugu aurrerapen gisa, datorren astean liburua aurkeztu baino lehen.

Walt Whitman-en Belar-hostoak

Duela 150 urte, 1855ean, kaleratu zuen lehen aldiz Walt Whitmanek Leaves of Grass (Belar-hostoak), bere lanik handiena. Edizioz edizio poemak eransten joan zitzaion, eta harekin osatu AEBetako poesigintzan zutabe den lanetako bat. Hala edukiz nola estiloz ordura arteko tradizioarekin hautsi zuena. Walt Whitmanen poemak euskaraz argitaratu dira, denak ere Belar-hostoak obrakoak. Bingen Ametzagak euskaratu zuen poemarik ezagunenetako bat, Oh Captain!, My Captain!, Abraham Lincolni eskainitakoen sailean dagoena. 1959an Olertin kaleratu zen Whitmanen poematxo bat, Onezkoak egin izenburuaz. 80etan, azkenik, Hotsizki aldizkarirako labur bat euskaratu zuen Aitor Aranak, eta Hegatsen poema luzea Maite Gonzalez Esnalek. Hemen dauzkazu Belar-hostoak.

Koldo Izagirreren Mendekuak

1987an kaleratu zuen Koldo Izagirrek Mendekuak narrazio liburua, Susa argitaletxearekin. Hiru urte lehenago Euzkadi merezi zuten (Hordago, 1984) argitaratua, Mendekuak ipuin liburuan berriro ere erakutsi zuen narraziorako trebezia. Estiloa eta erritmoak menderatuz, eta bere obran giltzarria den mundu erreferentzial oso aberatsa eraikiz. Osorik dago sarean.

Efemerideak

1977 urriak 20: Madeleine Jauregiberri hil zen Zibozen.
   
1911 urriak 21: Jon Beistegi jaio zen Eibarren.

1960 urriak 21: Martin Uriarte hil zen Zornotzan.

1723 urriak 23: Franzisko Xabier Munibe Peñafloridako kondea jaio zen Azkoitian.

1858 urriak 23: Agosti Xaho hil zen Baionan.

1905 urriak 25: Franzisko Laphitz hil zen Buenos Airesen, Argentinan.

1866 urriak 26:  Ebaristo Bustintza Kirikiño jaio zen Mañarian.

Agenda

Patxi Huarte Zaldi Eroak De Rerum Natura liburua aurkeztuko du urriaren 20an (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Elkar.

Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitaldia egingo du urriaren 21ean (ostirala) 23:o0etan Ataunen.

Xabier Montoiaren Blackout nobelaz solasaldia gidatuko du Harkaitz Canok urriaren 24an (astelehena) 19:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Hasier Etxeberriak Mutuaren hitzak nobela berria aurkeztuko du urriaren 26an (asteazkena) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Solaskidea: Harkaitz Cano. Argitaldaria: Susa.

Txillardegik Labartzari agur liburua aurkeztuko du urriaren 26an (asteazkena) 12:15etan Donostiako Bilintx liburudendan. Solaskidea: Joxe Azurmendi. Argitaldaria: Elkar.

Harkaitz Canoren Belarraren ahoa liburua izango dute hizpide urriaren 26an (asteazkena) Gasteizko Irakurle klubean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: