Literatur Emailuak
195 zenbakia: 2005eko urriaren 13an
Susa literatura argitaletxea 

Alex La Guma

1985eko urriaren 11n, duela 20 urte, hil zen Habanan Alex La Guma idazle hegoafrikarra. ANCren ordezkaria zen Kuban. 1924an jaioa, idazletza eta militantzia politikoak uztartu zituen 1950etako eta 60etako Hego Afrikan. Hainbat aldiz espetxeratua, 1966an Londresa erbesteratu zen, eta bi jarduerei lotu hil zen arte. Berari buruzko artikulu ederra egin zuen Joseba Sarrionandiak Marginalia (Elkar, 1988) liburuan. Interesgarria Gabriel Arestirekiko egiten duen erreferentzia. Hurrengo urtean, Susak plazaratutako Bake zibila liburuan, idazleari buruzko datu batzuekin bere ipuin bat argitaratu zen, Kafea biderako, Eduardo Mataukok euskaratua. Apartheid gordina eguneroko bizimoduan txertatua maisuki jasotzen duena. Biak eskaintzen dizkigu

Gabriel Aresti Zelaietaren begietan

Gabriel Arestiren heriotzaren 25 urteurrenean, 2000. urtean, plazaratu zuen Angel Zelaietak Gabriel Aresti (biografia), Susa argitaletxearekin. Arestiren laguna, Angel Zelaietak 1976 eta 1977an argitaratua zuen, bi liburukitan, Gabriel Aresti (Haranburu editorea). Baina 2000.ean ez zuen lehen egindako lana berrargitaratu, Arestiren biografia berriro osatu baizik, lehengo materialak eta berriak, eta distantziak emandako esperientzia baliatuz. 1933ko urriaren 14an jaiotako Gabriel Arestiren biografia  daukazu osorik.

Zazpi liburu gehiago Klasikoen Gordailuan

Oraingo honetan literaturaren esparrua gainditzen duten lanekin aberastera dator Klasikoen Gordailua. Nekazariei zuzendutakoak dira, esaterako, Arnaud Abadiak Eskualduna aldizkarian argitaratutako jakingarriak: Laborarier (1887-1903)  eta  Jean Baptista Althaberen idazlanak, hots, Ziberuko botanika edo lantharen jakitatia (1900)  eta Hunkailü berrien enthelegia Ziberuko laborarier (1904) .
Era berean, interes etnografiko handia erakusten du Federiko Garraldaren Aurrendako dostatzia (1926) lanak, Zaraitzuko haur-jolasak agertzen baitira bertako euskaran aurkeztuak.
Hainbat alderditan gaurkotasunik galdu ez duten Jose Agerre, Gurbindoren Kazetari lanak (1930-1936) datoz gero, eta, paperon literatur ukitua nabarmenagoa izan dadin, A. Tapia Perurena iruindarrak (1899-1957) azken hogeita hamar urtetan aldizkari zenbaitetan argitaratu zituen Olerki-lan guztiak (1925-1956) eskaintzen ditu Gordailuak ondoren.
Azkenik, euskaldunok ere zerurako bidea argiago izan dezagun, Asteteren katiximaren egokitzapen interesgarria erantsi zaio irakurleari, Damaso Legazek burutua Kristauaren ikasbidea (1880).

Efemerideak


1884 urriak 13: Madeleine Jauregiberri jaio zen Alozen.

1946 urriak 13: Xabier Kintana jaio zen Bilbon.

1901 urriak 14: Iñaki Olabeaga jaio zen Donostian.

1933 urriak 14: Gabriel Aresti jaio zen Bilbon.

1936 urriak 15: Jose Markiegi fusilatuta hil zen Oiartzunen.

1936 urriak 17: Jose Ariztimuño  Aitzol fusilatuta hil zuten Hernanin.

1974 urriak 17: Gilen Epherre hil zen Baionan. Jaio, 1911ko urriaren 19an Altzürükün.

1770 urriak 18: Agustin Kardaberaz hil zen Italiako Bolonian.

1931 urriak 18: Lukas Dorronsoro jaio zen Ataunen.

1845 urriak 19: Juan Ithurri jaio zen Larresoron.

1886 urriak 19: Damaso Intza jaio zen Intzan.

1962 urriak 19: Jose Agerre Gurbindo hil zen Iruñean.

Agenda


Jose Angel Irigaray
k poema irakurtaldia egingo du urriaren 14an (ostirala) 19:30etan Donostiako KMn. Pianoarekin laguntzen: Antoni O'Breskey.

Markos Zapiainek Txillardegi hemeretzi amets hitzaldia eskainiko du urriaren 15ean (larunbata) 10:00etan Larrabetzuko Literatura Eskolan.

Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitaldia egingo du urriaren 21ean (ostirala) 23:o0etan Ataunen.

Xabier Montoiaren Blackout nobelaz solasaldia gidatuko du Harkaitz Canok urriaren 24an (astelehena) 19:30etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Harkaitz Canoren Belarraren ahoa liburua izango dute hizpide urriaren 27an (osteguna) Gasteizko Irakurle klubean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: