Literatur Emailuak
193 zenbakia: 2005eko irailaren 29an
Susa literatura argitaletxea 

Neguko Zirkua

"Liburu garrantzizko baten aurkezpena egitea egokitu zaidala kontziente naiz" esan zuen atzo Jon Alonso idazleak Harkaitz Canoren ipuin liburu berriaz jardutean. "Neguko zirkua erreferentziazkoa izango den liburua da, orain 22 urte Sarrionandiaren Narrazioak izan zen bezainbeste, literaturtasunaren eta euskal prosa literarioaren bilakabidea markatzen duelako". Neguko zirkua 19 kontakizunez osatua dago, eta hemen eskaintzen dizkizugu horietatik sei.

Igor Estankonaren Tundra

Anemometroa kaleratu zuenean (Susa, 1998) ahots berezi bat erakutsi zuen Igor Estankonak, mundu ikuskera propioa. Poesian jarraitu du lanean, bere burua egiten eta hori ezagun du Tundran, Jaka bekari esker 2002an kaleratutako liburuan. 2004an ere kaleratu du poema-libururik, Kutxa Fundazioarekin argitaratutako Ehiza eta nekea. Tundra liburua eskaintzen dizugu osorik.

Klasikoen Gordailua

Euskal Literatura Klasikoaren corpusa osatzeko xede aratzaz ez hain aspaldi ekindakoari segida ematera dator gaurkoan Klasikoen Gordailua, izan ere, gure letretan argi propioz nabarmendu diren bost autoreren idazlan berriak eskaintzen baititu dagoeneko amaraunean.
 XVIII. eta XIX. mendeetako euskal letren suspertzaile izan zen Manuel (Garagorri) Larramendiren luma zorrotz-ironikoak sortutako Euskal testuak (1729-1766) aurkituko ditu sare-itsasturiak lehendabizi. Andoaindarraren kemenaren itzalpean zaletu zen Sebastian Mendibururen Jesusen bihotzaren debozioa (1747) (baita bigarren edizioan harekin batera argitaraturako Kongregazioko Reglak ere) eta Igande eta festegunetarako irakurraldiak (ca. 1775) ere eskura izango ditu gero liburutegi birtualeko saguak, prosa garai eta distiratsuan burutuak. Egungo prosatik hurbilago, Agirre Asteasukoaren Erakusaldiak  izeneko obra mardularen 2. eta 3. liburukiak (1803-1823 bitartean idatziak) gorde-zabaltzen ditu halaber Gordailuak bere baitan.
 Intsentsu-usaina zertxobait idargetzeko, Joanes Etxeberri "Sarakoa"ren 1718ko Lau-Urduri gomendiozko karta, edo guthuna duzu irakurgai, eta Joan Bautista Gamiz jesuita lego arabarraren (1696-1773) amodiozko “dabilcenchoac” (= “seguidillas”) eta bertsoak, Euskal Olerkiak estekaren atzean.

Efemerideak

1939 irailak 29: Joseba Zubimendi hil zen Kanbon. Aberri oyuak bere liburua osorik da Klasikoen Gordailuan.

1948 irailak 30: Joan Mari Irigoien jaio zen Altzan.

1832 irailak 30: Franzisko Laphitz jaio zen Arizkunen.

1829 urriak 1: Juan Jose Alkain Udarregi jaio zen  Aian eta Usurbilen hil 1895eko urriaren 2an. zen.

1979 urriak 1: Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri hil zen Pauen.

1980 urriak 1: Xabier Peña hil zen Tolosan.

2003 urriak 1: Bixente Barandiaran hil zen Donostian.

2004 urriak 4: Martin Ugalde hil zen Hondarribian. Hiltzaileak bere liburua osorik daukazu Internetn.

Agenda

Ana Urkizak Bekatuak liburua aurkeztuko du irailaren 29an (osteguna)  11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezlea: Inma Errea. Argitaldaria: Elkar.

Berunezko soldadutxo ausarta ipuinaren azterketa egingo du Jabier Kaltzakortak irailaren 30ean (ostirala) 19:30etan Ondarroako Guzur Etxeko hitzaldi aretoan.

Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da nobela izango dute hizketagai irailaren 30ean (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean.

Iazko esperientzia oinarri hartuta Itzulpen lantegia egingo dute Elgetako Espaloian urriaren 3tik (astelehena) 6ra (osteguna). Jokin Muñozen Hausturak liburua lau hizkuntzatara aldatuko dute euskaratik. Alemanera egingo du Gabi Schwabek, italierara Roberta Gozzik, katalanera Daniel Lujanek eta polonierara Adam Zawiszewskik.  Antolatzaile: Eizie.

Aingeru Epaltzaren Gure kontu triste hori lana izango dute hizpide urriaren 6an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Hikateneoan. Gasteizko Irakurle Kluba.

Euskaraz irakurtu ekimenaren baitan Itxaro Bordak bere azken bi lanak aurkeztuko ditu urriaren 8an (larunbata) 15:00etan Amikuzeko mediatekan.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: