Literatur Emailuak
192 zenbakia: 2005eko irailaren 22an
Susa literatura argitaletxea 

 Harkaitz Canoren ipuin-liburu berri bat

Asteburu honetan liburu-dendetan izango da Harkaitz Canoren liburu berria: Neguko zirkua. Hemeretzi kontakizunez sareztatua, datorren astean Donostian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Aurrerapen gisa Ez zaie errazegi jarri behar ipuina eskaintzen dizugu, urtegi baten karietara, etxea urpean geratu baino lehen alde egin behar izan zuen batek kontatua: "Bere etxea urpean duenak, bere zati bat ere urpean du betirako, eta edonon dagoela ere, ur ilunei begira geratzen denean, behean zer altxor klase dagoen asmatzen saiatzen da".

Literaturaren Zubitegiko aipamenak

Literaturaren Zubitegian, idazlez idazle antolaturiko gunean, idazle bakoitzaren bibliografiaz gain, berak idatzitakoez gain alegia, berari buruz idatzitakoak jasotzen ere lana egina dugu. Literaturaren historia-liburu eta entziklopedietan jasotakoak bilduak genituen orain arte, egile bakoitzari buruzko informazioa eskainiz. Bibliografia pasiboa deitu izan diogu Aipamenak izenburupean datorren sail honi. Eta oraintsu Literaturaren Zubitegian egindako azken eguneraketan emendatu egin dugu sail hau, hain zuzen. Hainbat idazleri buruz idatzi izan diren lanak bildu eta digitalizatu ditugu, baina ez historia-liburu eta entziklopedietan datozenak, beraiek idatzitako liburuen hitzaurre, hitzatze, sarrera eta aurkezpenetan baizik. Beraien lanari egindako hurbilpen zehatzetan. Aldizkaritan agertutako  hainbat artikulu edo monografia ere ekarri dugu. Gabriel Arestiren liburuei eginiko sarrerak, Axularren edizioei eginiko hitzaurreak, Kirikiñoren aurkezpenak, Lizardiz eta bere lanez idatzitako artikuluak, Joxe Azurmendirenak, Ramon Saizarbitoriarenak, Bitoriano Gandiagarenak... Horiei denei, bestalde, Joxemiel Bidadorrek Euskaldunon Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarrian bost urtez (1995-2000) euskal idazleez plazaratutako 115 artikulu erantsi dizkiogu.
Eta honenbestez, 1.800etik gora dira Literaturaren Zubitegian irakur daitezkeen aipamenak.

Bart irakurtzeko gaur izkiratuak

Xabier Izagak 1998an plazaratu zuen Bart irakurtzeko gaur izkiriatuak poema-liburua. Espetxealdian egindako liburua, pareta eta burdina arteko oihua, poesia bizia da berea. Lehen liburua izanagatik, ez zen, hala ere, idazle ezezaguna. Literatur aldizkarietan irakurriak genizkion poemak, eta 1995ean Sun Tzu-ren Gerraren antzea euskaratu zuen, eta Txalaparta argitaletxearekin kaleratu. Hemen dituzu bart irakurtzeko gaur izkiriaturiko bere poemak. 

Klasikoen Gordailua

Euskal literaturako testu klasikoen gordailuan liburu berriak gehituko ditugu hemendik eta urte amaiera bitarte. Guztira ia 60 liburu gehiago izango dira urte amaieran.  Hamabostean behin; gaika, garaika edo autoreka lotutako liburuak gehituko dira Klasikoen Gordailua gure atarian.
Datorren astean, XVIII. eta XIX. mendeetako idazle Manuel Larramendiren liburuak, Sebastian Mendibururen obrak eta  Agirre Asteasukoaren bi liburuki ere eskainiko ditugu. Azkenik Joan Bautista Gamizen Euskal Olerkiak ere sarean izango dira.

Felix Markiegiren mendeurrena

Orain ehun urte, 1905eko irailaren 23an jaio zen, Deban, Felix Markiegi idazlea: Markiegi'tar Peli. Ez dira asko 1946an Bahia Blancan (Argentina) zendutako autoreari ezagutzen zaizkion lanak. Dozena erdi poema aipatzen ditu Santi Onaindiak, moralistak lau eta bi Lizardiren heriotzan idazlearen omenez idatzitakoak; hemen aurkezten dizkizuegu denak. Eta bi antzerki lan. Eukaristiaren martiri lana Euzkadi egunkarian kaleratu zuen, 5 ataletan, 1935eko maiatzaren 1etik 7ra bitartean. 1936an, berriz, Lopez Mendizabalenean kaleratu zuen Seme hondatzailea izeneko antzerki-lana, irakaspen moralekoa berau ere, hitz neurtuz emana. Hau osorik irakur dezakezue.

Efemerideak

1942 irailak 22: Rikardo Arregi jaio zen Mendaron.  Irakurtzeko modukoa da Jose Azurmendik Herriaren lekuko liburuari egin hitzaurrea.

1982 irailak 22: Jose Manuel Estonba hil zen Urkiolan.

1986 irailak 22: Damaso Intza hil zen Iruñean. Bere omenez Intza proiektua / euskal lokuzioak sarean.

1905 irailak 23: Felix Markiegi jaio zen Deban.

1971 irailak 23: Jose Artetxe hil zen Donostian.

1902 irailak 25: Emmanuel Intxauspe hil zen Omizegañen.

1929 irailak 27: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi jaio zen Donostian. 

1814 irailak 28: Joannes Oxalde jaio zen Bidarrain.

Agenda

Maite ditugun olerkariak ekimenaren baitan Urtzi Urkizuk eta Urko Menaiak Kakatua dabel ur ikuskizuna aurkeztuko dute irailaren 24an (larunbata) 16:00etan Senpereko Oxkitenea elkartean. Antolatzaile: Hatsa elkartea.

Harkaitz Canok Neguko zirkua narrazio liburua aurkeztuko du irailaren 28an (asteazkena) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezlea: Jon Alonso. Argitaldaria: Susa.

Karmele Jaiok Hamabost zauri liburuari buruz berba egingo du irailaren 28an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Irakurlearen Txokoan,  Berbaizu euskara elkarteak antolatuta.

Ana Urkizak Bekatuak liburua aurkeztuko du irailaren 29an (osteguna)  Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezlea: Inma Errea. Argitaldaria: Elkar.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: