Literatur Emailuak
191 zenbakia: 2005eko irailaren 15ean
Susa literatura argitaletxea 


Vladimir Holan-en jaiotzaren mendeurrena

1905eko irailaren 16an jaio zen Pragan, orain 100 urte, Vladimir Holan, txekierak XX. mendean izan duen poetarik handienetako bat. Duela 25 urte hil zen, 1980ko martxoaren 31n. Sinbolisten eraginpean idazten hasia, poesi liburu asko argitartu zituen, baina hala ere 1949an, bere lana aintzat ez hartzearekin eta orduko kultura giroarekin gogaituta, Kampako bere etxean bere burua ixtea erabaki zuen. Eta halaxe jardun, etxean, gizartetik bakartuta, hil zen arte, nahiz eta 60ko hamarkadatik aurrera izena eta sariak jasotzen hasi zen. Heriotza, hain zuzen ere, eta itxaropena, patua... ohiko gai unibertsalak dira Holanek poemetan darabiltzanak.
Euskarara Joseba Sarrionandiak itzuli zituen bere bost poema, Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan (Pamiela, 1985) kaleratuak (beste bat ere badakar liburuak, titulua ez bestea txekieraz datorrena). Hementxe dauzkazu.

Deserriko karrikak 

2002an plazaratu zuen Susa argitaletxeak Deserriko karrikak, Mikel Ibargurenen bigarren poemarioa. Hemen gauak lau ertz ditu (hau ere osorik dago Interneten) lehen liburua (Susa, 1999) bezala, bigarren honetan ere autorearen bizi-esperientziak zedarritutako esparruan osatua da liburua. Deserrian, herrian bizi arren. Osorik irakur dezakezu.

Zeruko Argia eta Argia aldizkarietako 635 literatur kritika

Harri eta Herri liburuari 1964an, argitaratu zenean, egindako kritikarekin —hitzaren esanahirik zorrotzenean— hasi gara Zeruko Argia aldizkariko literatur kritikak on-line jartzen. Kritika bat baino gehiago dira eta baita erantzunak ere, Gabriel Aresti bera tartean, aldizkarian plazaratu zirenak. Kritikez gain, autore berriei buruzko artikuluak ere bai.  Kritiken Hemerotekan eta Literaturaren Zubitegian, autore bakoitzari dagokion orrian, paratu ditugu batak eta besteak. 1980 bitartean gure literaturan giltzarri izan diren hainbat liburu eta autoreren kritikak eta artikuluak, polemika eta guzti maiz: Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Rikardo Arregi, Xabier Lete, Joxe Azurmendi, Mikel Zarate, Joseba Zulaika, Patri Urkizu, Hartzabal, Anjel Lertxundi, Luis M. Mujika, Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Bernardo Atxaga... Beren lehen liburuarekin haietarik gehienak. Kritika sinatzen ere, berorien izenak aurkituko dituzu sarritan.

1980tik aurrera talde berri batek hartu zuen aldizkariaren lema, Argia bilakatu zen Zeruko Argia, baina kritika lanak eta literatur kezkak segitu zuten. 1980ko hamarkadan euskal liburuaren inguruan eta literatur aldizkarien leherketarekin nabarmendu ziren egileak, sendotzen joan zirenak eta berriak, eta beren lanak aurkituko dituzu. Eta, noski, 80ko hamarkadako erdialdetik harik eta 1997an literatur-kritikak argitaratzeari utzi zion arte, plazaratutako lan gehienak. Alegia, 1964-1997 bitarteko gure literaturaren errepasoa, kritikagintzaren arloari dagokionez.

Argitaletxeen bilakaera ere ikus daiteke: Itxaropena, Kriselu, Gero, Lur, Jakin, Hordago, Ustela ageriko dira 60 eta 70etan, eta gerora haiei batuko Elkar, Erein, Susa, Baroja, Maiatz, Labayru, Pamiela, Alberdania eta beste hainbat... 
Literaturaren Zubitegian eta Kritiken Hemerotekan irakur daitezke Zeruko Argian eta Argian argitaratu ziren 635 kritika.

Efemerideak

1981 irailak 15: Imanol Berriatua hil zen Palestinako Jerusalemen.

1748 irailak 17: Joakin Lizarraga jaio zen Elkanon.

1914 irailak 18: Balendiñe Albizu Zumaian jaio zen eta 2002ko irailaren 20an hil zen Zumaian. .

1919 irailak 19: Biktoriano Iraola hil zen Donostian.

1932 irailak 20: Xalbador Garmendia jaio zen Zaldibian.

1772 irailak 21: Domingo Patrizio Meagher hil zen Florentzian, Italian.

1777 irailak 21: Juan Mateo Zabala jaio zen Bilbon.

1842 irailak 21: Jean Baptiste Kamusarri hil zen Ziburun.

Agenda

Karmele Jaiok Hamabost zauri liburuari buruz berba egingo du irailaren 21ean (asteazkena) 20:00etan Deustuko Irakurlearen Txokoan,  Berbaizu euskara elkarteak antolatuta.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: