Literatur Emailuak
185 zenbakia: 2005eko abuztuaren 3an
Susa literatura argitaletxea 

Lauaxetaren poemak

Duela 100 urte, 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Estepan Urkiaga Lauaxeta Laukizen. Senez prosista, bokazioz baino konbikzioz poeta, hizkuntzaganako maitasunak eraginik idatzi zituen bere poemak. Honela aitortu zuen: “eztot gixonakaitik egin, Aberrijagaitik baño”edo “soluan atxurretan Aberrija goralduko nebala uste baneu, laster itxiko neuke lan au”. Poesia europarrari begira, formetan eta gaietan euskal poesia bide berrietan abiarazten saiatu zen, baina betiere idazkeraz eta ideologiaz bere alderdiari loturik: “Olerkarija barik Jeltzale benetakua nazala entzutiak atseginduko nau”. Bide barrijak (1931), Arrats beran (1935) liburuak bezalaxe, hemen irakurriko dituzu poema solteak (1925-1937) eta poema itzuliak (1927-1931), adibidez: Tennyson, Hugo, Jammes, Baudelaire, Verlaine.

Lauaxeta eta antzerkia

Lauaxetak bost antzerki lan idatzi eta itzuli zituen. Horietako bat, Gotzone izenekoa galdu egin da, eta Mungian eta Lekeition 1931ko udan antzeztu zela bakarrik dakigu. Euzkadi egunkarian argitaratutako lau antzerkiok irakurgai dituzu Klasikoen Gordailuan; sortzezkoak, asmo komikoz: Asarre-aldija (1931ko maiatzean plazaratua) eta Epaya (1932ko otsailean); eta itzulpenak, asmo dramatikoz eta politikoz: Maurice Maeterlincken Balbia (1932ko abenduan) eta Manu Sotaren Iru gudari (1933ko urtarril-otsailean).

Poetek Lauaxeta gomutan

Lauaxeta 1937ko ekainaren 25ean goizeko 5:39etan fusilatu zuten faxistek Gasteizko Santa Isabel hilerrian. Zenbait idazlek Lauaxeta gogoan zutela egindako poemak bildu ditugu: Salbatore Mitxelena, Gabriel Aresti, Ibon Sarasola, Bernardo Atxaga, Xabier Montoia, Omar Nabarro, Iñigo Aranbarri, Eusebio Erkiaga, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi eta Joseba Sarrionandia.

Lauaxeta nobeletan

Gure literaturako pertsonaia ere bilakatu da Lauaxeta. Juan Luis Zabalaren Agur, Euzkadi (Susa-2000) nobelako protagonista nagusia duzu, Julen Lamarainekin batera. Bestalde, Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak (Susa-2003) nobelako zenbait pasartetan ere ageri da, baina bigarren mailako, Steer eta Monks eta Capa kazetarien aldamenean. Eta Xabier Mendiguren Elizegik antzezlan labur bat eskaini zigun: Lau haizetara (Susa aldizkariaren 20 zenbakian, 1987an).

Efemerideak

1864 abuztuak 5: Resurreccion Maria Azkue jaio zen Lekeition.

1900 abuztuak 5: Justo Garate jaio zen Bergaran.

1592 abuztuak 7: Arnaud Oihenart jaio zen Maulen.

1971 abuztuak 7: Luis Gonzalez Bingen Aizkibel hil zen Buenos Airesen, Argentinan.

1882 abuztuak 8: Emiliano Mujika jaio zen Albizturren.

1961 abuztuak 9: Nikolas Ormaetxea Orixe hil zen Añorgan.

1897 abuztuak 10: Dominique Soubelet jaio zen Hazparnen.

1901 abuztuak 10: Charles Bernadou hil zen Baionan.

1961 abuztuak 10: Jean Etxepare Landerretxe hil zen Hazparen.

1999 abuztuak 10: Bernardo Estornes Lasa hil zen Donostian.





Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: