Literatur Emailuak

 

 

Batasunaren baranoan

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k

 

        Ez dut iñoiz ere izkatzerik maite izan, are gutxiago orain, gudu otsez inguraturik arkitzen geran lurralde urruti ontan. Alare ba'dira gai garrantzitsu batzu bertanbera ezin utzizkoak, alanola euzkeraren batasuna.

        Aldizkari ontako zenbaki berezian, Arana-Goiri batasunaren eragilletzat artu nun aren opaz idatzi idazlan kaxkar batean. Idatzi nitun itzak —ondo nekian—, eztabai iturri izango zirala. Eta ala gertatu da, nik uste bezala. Urrengo zenbakian, abertzale eta euskal-idazle zintzo bat ene usteak gezurtatzera etorri zan, eta gogor xamar io nindun.

        Aurrera baiño len, zabal aitortu bear dut iñoiz ere ez dudala nere euzkerarik batasun eredutzat ezarri. Ez naiz ain arro eta ez nago ain anpurusturik. Auxe ere esan dezaket ordea, batasun bidetik ibiltzen nere indar guztiekin saiatu naizela, ta aurrerantzean ere indarrok bikoizteko gerturik nagoela. Ez da nere gaurko ekiña batasun-ezaren kalteak arakatzeko. Euskal bidean zerbait ibillia danak argi ikusi ditu nonbait, ez orrek ekarri dizkigun ondamendiak. Beraz, oriek orrela, goazen arira.

        Bañan irakurle, ez daukat emen orain ari naizen «Alderdi» orren zenbakirik, idazle eta abertzale iaioak nere aburuen aurka ialkiak arakatzeko. Gogoan dut, orratio, zerbait, ots «nere artikulu artan eta berak aipatzen dun idaztunean, Irakaslearen asmo ta aburuak itzulazten nituela, eta ori gezurra egi antzean saltzea baiño okerrago zala eta era ortara iokatu ezkero sarraski aundiena sor nezakeala nere irakurleen artean. Orrez gainera ez natzaiola Irakaslearen legeari iarraitzen idazkeran eztare izpiakeran, eta nere abizenari ere uko egiten diodala Sabin'en aginduak aintzat artu gabe».

        Dakusunez, irakurle, apuko gogortxoak dira aipatuak, aurrenekoa batez ere. Bigarrenak ez dit miñik ematen, nere aurka soilik dalako, beraz ez noa bigarren tini oni garbitzera ere; nere abizena, beti erabilli dugu gure artean nik darabildan bezala, ta gure baserriaren izena nik darabildan bezelaxe idatzirik dago Ibarrangelu'ko paperzartegian. Goazen, bada, gai garrantzitsuago artara.

        Badio, nere iazarleak, Sabin'ek bere izenak bizkairako soilik, asmatu zituela, eta izenok asmakeran bizkaieraren izpiakera erabilli zula. Ba'diteke.

        Bañan iaun argi orrek irakurririk du nunbait, Eleizalde'k «Deun-Ixendegi Euzkotarra»ri ezarri zion itzaurrea, ta astiro, noski baino noskiago. Eta iaun iakitun ark ba'zekin zen zerasan. Ez ori bakarrik. Arana-Goiri'tar Sabin'ek berberak egutegiari ezarri itzaurrea ere irakurgarrienetakoa da. Aipatu gizon argi bion aburuak aski izango dirala uste dut, nere batasun asmoak are indartuagotzeko. Gaiñera iruzkinik ere ez dutela merezi derizkiot.

        Onatx Arana-Goiri'ren itzak 1897'g.ko «Egutegi-Bizkaitarra»tik artuak: «Pantzeraz edo prantzesaz itz-egiten daunak, pantzeraz dauka ixena; españeraz edo gaztelaniaz egiten daunak, españeraz dauka ixena; edozein erritako gixonen ixenak euren izkerazkuak dira... Zegaitik ba, ez daukagu guk euzkerazko ixenik? Geure izkerea, euzkera zar ta ederra, ezta gixonen izkerea, ala? Geu bizkaitarrok eta euzkaldun guztijok eskara Jaungoikuaren semiak eta zerurako deituak, beste gizonak legetxe?».

        Ni neuk, aldatu idaztunetik, argi baiño argiago erasten dut Arana'k bere izendegia ez zuela antola bizkaitarrentzat soilik. Bestela zertako geituko zuen arako euskaldun guztijok? Aski zukean bizkaitarrak soilik aipatzea nire iazarleak nai luken mugarte estuetarako bere izenak eratu ba'zituen. Bañan itzaurrean bertan, argiago mintzatzen zaigu Irakaslea euskel izenok euskaldun guztientzat nai zituela nolarebait adiraziz: «Bai-dakit emen argitaratuten diran ixen euzkeraztubok euzkeldun gitxiren artean aurkituko dabela arrera ona, erdelzaletuta dagozalako geyenak; bañan zeuk be ulertzen bai-dozu biarrekua dala berton erakusten dan irabijapena, ta noz-edo-noz auxe esan eta irabijetan asi biar dala».

        Azken lerro auetan bizkaitarrik aipatu ere ez du egiten. Gure Bizkai'ko mugak baiño zaballagoak ames zituen, noski, Irakasleak, bere ixendegi ederrarentzat. Beraz, gai ontan beintzat, batasuna ere nai zula, bere esanak itxulaztu ta naasi gabe aitortu dezakegu.

        Eleizalde, aldiz, argiago mintzo zaigu «Deun-ixendegi Euzkotarra»ren sarreran. Izendegi ark asieratik nai luke euzkotar eta ez bizkaitar soilik. Ondo daki nere iazarleak euzkotarraren zabalgoa eta edapenaren berri; ez daukat zertan azaldu ere. Beraz «Ixendegi Euzkotarra», bakarra euskotar eta euskaldun guztiontzat. Idaztiño orren 7 ta 8'g. orrialdeetan auxe esaten digu Eleizalde argi ta euskalzale porrokatuak:

        «Ta beste gauza bat oraindik: oraindaño erabilli izan diran euzkera-mordollozko izenak? berdiñak, erabakardunak, izan al-dira euskel-erri guztiyetan? Ez, iñolaz ere. Adi-bidez: Gipuzkoa'ko Beterriyan erabilli izan da Pello; Bizkaian ostera, Peru; Naparroan, berriz, Piero (Pierola abizena ortik datorkigu, oarrean dio); Laburdi'n Piarres, ta edonun Pedro. Auxe da euzkerarentzat gauza egokia. Ta onek gauzok iraun-erazo bear dirala esango digute! Ostera, Kepa izena zabaltzen ba'da, guk nai degun bezela, euzkeldun oroentzat erabakardun izango da: Kepa izango da Gipuzkoa'ko euzkalduna berdin Naparroa'koa, berdin Laburdi naiz Bizkaikoa; Kepa izango da Euzkadin bizi dan euzkalduna, ta berdin Ameriketan naiz edonungo erbestean bizi dana».

        Beraz argi dago Arana eta Eleizalde ere, izendegiarekin batasunaren alde zintzo iokatu zirala. Itzak baiño iarraibideak beti ere indartsuagoak izaten dira, eta ontan ere orixe gertatzen da.

        Izenak bat bear dute, noski, euskeraz Euskadi guztian. Eta zergatik ez izkerari doazkion beste zer guztiak ere? Gizon aundi oriek eman iarrabideetan zergatik ezin dezakegu batasun ustea ere sendotu. Arana'ren irakaspenak saltzea litzakela? Ez dakit nundik atera dezaken olakorik nere iazarleak.

        Zer ba? Izenetan batasuna ta beste enparauetan nasikeri ta sasikeria geure izkera ederra itotzeko? Ez orixe! Izkera bidean ere artezak bear dugu logikarik ukatzeke. Izenak bat izatekotan, izkerak bakarra bear du bere zer guztietan.

        Eta bukatzeko: Irakaslearen irakatsietatik ondoren au ateratzekoan, nere iazarleak uste duen bezin oker ez nabillela derizkiot. Ontaz aski.

 

Guatemalan 1954'gko bagillak 23

 

 

  Andima Ibinagabeitiaren deituraren grafiaz, Pruden Gartzia
170. Literatur Emailura itzuli