.Literatur Emailuak
169 zenbakia: 2005eko apirilaren 14an
Susa literatura argitaletxea 

Klasikoen Gordailua

Euskal literaturaren lehen agerpenetik —Lingua Vasconum Primitiae (Bernard Etxepare,1545)— 1936ko gerrak ezartzen duen mugara arte ekoitzi diren euskarazko literatur testuak batzen ditu Klasikoen Gordailuak. Gordailua, testu horiek denak batu ditugun lekua delako. Ez gordeta edukitzeko, ordea. Irakurtzeko, erabiltzeko, ezagutzeko testuak dira, eta hala balia daitezen da gure asmoa.
        Klasikoen gordailuan bi ahaleginen batuketa dago: Patxi Salaberri Muñoa idazle eta irakasleak egin eta zuzendu zuen Euskal Testuen Gordailua eta Susa literatur argitaletxeak abian jarritako Armiarma literatur ataria. Bien batzetik sortu da Klasikoen Gordailua; gure argitaletxearen ekimenez eta Patxi Salaberriren zuzendaritzapean.
Euskal literaturako testu klasikoen gordailua apirilaren 14an (osteguna) 20:00etan aurkeztuko dugu Gasteizko Goiuri-Villasuso jauregian, gonbidatuta zaude.

Juanjo Olasagarreren  Puskak biziz

Joxerra Agirre, Endika Lakart, Debra Woolf eta abarren mundua, Bizi puskak (Susa, 1996) poemarioan aurkeztu zigun unibertsoak segida izan zuen Puskak biziz poema-liburuan, 2000an Susa argitaletxeak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak kaleratua. Pertsonaiek bizia emandako territorio oso bat erakutsi zigun Juanjo Olasagarrek. Osorik irakur dezakezu orain Puskak biziz, eta halaxe dago Ezinezko maletak ere, 2004an Susarekin kaleratu eta Espainiako Kritika Saria jaso berri duen eleberria. Beste jenero eta pertsonaiak izan arren, neurri batean unibertso bera konpartitzen duen liburua. Puskak biziz poema liburua irakurriz gainera, idazleak errezitatutako zenbait poema entzungo dituzu gainera.

Joxe Mari Lopetegi jaio zela 130 urte

Irunen sortu zen 1875eko apirilaren 13an, duela 130 urte, Joxe Mari Lopetegi, Hego Euskal Herriko errepublikanoen bertsolaria. Amikuzeko Arruetan hil zen,  Behe Nafarroan 1942ko ekainaren 2an. Lopetegik bere garaiko prentsan, Irungo agerkarietan batez ere, argitara eman zituen bertso sailak.
Joxan Elosegik, berriki liburu batera bildu ditu bertso sail hauek eta argitara eman Joxe Mari Lopetegi Errepublikanoen bertsolaria izenburupean, Paper Hotsak argitaldariak plazaratuta.
Bere jaiotzaren 130. urteurren honetan, eta Errepublika aldarrikatu zuten egunarekin bat eginez, errepublika gaitzat idatzi eta kantatu zituen bertsoak hautatu ditugu, hemen paratzeko.

Efemerideak

1875 apirilak 13: Joxe Mari Lopetegi jaio zen Irunen.

1828 apirilak 14: Gratien Adema Zaldubi jaio zen Senperen.

1871 apirilak 14: Baleriano Mokoroa jaio zen Tolosan.

1923 apirilak 14: Pedro Migel Urruzuno hil zen Mendaron.

1976 apirilak 14: Louis Dassance hil zen Uztaritzen.

1701 apirilak 15: Bernard Gazteluzar hil zen Pauen.

1855 apirilak 15: Bizente Etxegarai hil zen Donostian.

1861 apirilak 16: Toribio Alzaga jaio zen Donostian.

1873 apirilak 16: Engrazio Aranzadi Kizkitza jaio zen Donostian.

1906 apirilak 16: Plazido Mujika jaio zen Urnietan.

1941 apirilak 16: Baleriano Mokoroa hil zen Tolosan.

1904 apirilak 17: Anizeto Zugasti jaio zen Altzan.

1913 apirilak 17: Jose Estornes Lasa jaio zen Izaban.

1957 apirilak 17: Pierre Lhande hil zen Atharratzen.

1896 apirilak 18: Xabier Lizardi  jaio zen Zarautzen.

1940 apirilak 18: Fermin Iraolagoitia jaio zen Etxebarrian.

1943 apirilak 18: Jose Elizondo hil zen Donostian.

1968 apirilak 18: Toribio Etxebarria hil zen

1944 apirilak 19: Abelino Barriola hil zen Pauen.

1973 apirilak 19: Eustakio Mendizabal Txikia hil zuten Getxon.

Badator Liburuaren eguna

Urtero apirilaren 23arekin (larunbata aurten) ospatu ohi dugu liburuaren eguna, eta horren karietara liburu aurkezpenak izaten dira nagusi bazter hauetan. Mari Jose Olaziregik Mende berrirako ipuinak antologia aurkeztuko du apirilaren 15ean (ostirala) 12:00etan Donostiako liburutegiko sotoan eta 14 idazleren ipuinak batu ditu Ereinek argitaratuko duen liburuan. Susa argitaletxeak Itxaro Bordaren Zeruetako erresuma nobela aurkeztuko du apirilaren 22an (ostirala) 11:30etan Donostiako Liburutegiko Sotoan. Egun berean, apirilak 22an (ostirala) eta ordubete beranduago Iñaki Segurolaren Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saiakera aurkeztuko du Alberdaniak Donostiako liburutegiko sotoan. Beste liburu batzuk ere izango dira ziur, eta hurrengo asteetan emango dugu beraien berri, asteroko agendan.

Agenda

Luzien Etxezaharretak Mende erdi Iparraldeko literaturan hitzaldia eskainiko du apirilaren 14an (osteguna) 19:30etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ostean Miren Aranburuk eta Kattalin Totorikak testuen irakurraldia egingo dute.

Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak emankizuna eskainiko du apirilaren 14an (osteguna) 20:30etan Barakaldoko Laguntasuna dantza taldearen lokaletan. Biharamunean, apirilaren 15ean (ostirala) 22:00etan Aretxabaletako udaletxe zaharrean.

Xabi Bordak Birika zatiak liburuan oinarritutako errezitala egingo du  apirilaren 15ean (ostirala) 20:00etan Bartzelonako Euskal Etxean. Poemekin batera Aitor Bengoetxea Ondarruk prestatutako bideoa emango dute. Bartzelonako emanaldi honen karietara, Bordaren 8 poema katalanez jarri genituen Susaren webgunean.

Luzien Etxezaharretak euskal literaturari buruzko hitzaldia eskainiko du apirilaren 16an (larunbata) goizeko 10:00etatik aitzina, Sarako herriko ostatuan, Literatura Eskolak antolatuta.

Kirmen Uribek poesia errezitaldia eskainiko du apirilaren 19an (osteguna) 19:30etan Zaldibarko liburutegian.

Edu Zelaietak Mugaldekoak emanaldia eskainiko du apirilaren 21ean (osteguna) 20:30etan Getariako Alondegi Zaharrean. Edurekin izaten dira Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak.

Kirmen Uribe  poemak errezitatzen arituko da  apirilaren 22an (ostirala) 22:00etan Bartzelonako Euskal Etxean.

Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak Plouen Mentides liburua aurkeztuko du apirilaren 23an (larunbata) Bartzelonan, Lorea Agirrek idatzitako Euria ari du Egunkariaren itxieraren kronikaren katalanezko itzulpena.

Oskar Wilden Fidel izan beharraz liburua izango dute hizpide apirilaren 27an (asteazkena) 18:30etan Arrasateko Monterron kultur etxean.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: