.Literatur Emailuak
168 zenbakia: 2005eko apirilaren 7an
Susa literatura argitaletxea 


 Karol Wojtilaren poemak euskaraz

Loiolara egindako bisitaz gain, bestela ere iritsi zen Karol Wojtila euskararen eremura 1980ko hamarkadan. Ez baita telebista Wojtilak agertzeko hautatutako medio bakarra.  Santi Onaindiak euskaratu zituen poloniarraren hainbat poema, eta  Olerti aldizkarian argitara eman. Literatur Aldizkarien Gordailuan irakur ditzakezue, edo, nahi izanez gero,  Euskal Bertso eta Olerkien Hemerotekan.

Jon Miranderen poemak

Karol Wojtilaren oso bestelakoa da Jon Miranderen idazkietan irakurtzen dena. Antitesia, esan genezake. Paristar zuberotarraren poemek idazleak bizi eta sortu zuen munduaren ikuspegia ematen digute, haren kezka eta jarduerena, haren irakurketa eta sentipenena. 2002an plazaratu zuen  Susa argitaletxeak Jon Miranderen poemen antologia, XX. mendeko Poesia Kaierak bilduman.

Poetak Bartzelonan

EH! Literaldia 2005 antolatu dute liburuaren egunaren karietara —Sant Jordi eguna ere ospatzen dute— Bartzelonako euskal etxekoek. Jon Elordik emango duen literaturari buruzko ikastaroaz gain, zenbait poesia emanaldi eta liburu aurkezpen bat ere izango dira Bartzelonan. Xabi Bordak Birika zatiak liburuan oinarritutako errezitala egingo du  apirilaren 15ean (ostirala) 20:00etan. Poemekin batera Aitor Bengoetxea Ondarruk prestatutako bideoa emango dute. Bartzelonako emanaldi honen karietara, Bordaren 8 poema katalanez jarri ditugu Susaren webgunean.
        Kirmen Uribe bere aldetik apirilaren 22an (ostirala) 22:00etan izango da Euskal Etxean poemak errezitatzen.
Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendariak Plouen Mentides liburua aurkeztuko du apirilaren 23an (larunbata), Lorea Agirrek idatzitako Euria ari du Egunkariaren itxieraren kronikaren katalanezko  itzulpena.
 

Efemerideak

1888 apirilak 7:  Jules Moulier Oxobi jaio zen Bidarrain.

1911 apirilak 7: Lino Akesolo jaio zen Diman.

1954 apirilak 7: Emeterio Arrese hil zen Tolosan.

1644 apirilak 8: Pedro Agerre Axular hil zen Saran.

1696 apirilak 8: Joan Batista Gamiz jaio zen Sabandon.

1985 apirilak 8: Paben Loidi hil zen Igeldon.

1979 apirilak 10: Mikel Zarate hil zen Lezaman.

1605 apirilak 11: Juan Perez de Lazarraga hil zen Larrean.

1879 apirilak 11: Ixaka Lopez Mendizabal jaio zen Tolosan.

1894 apirilak 12: Bitor Gaubeka jaio zen Bermeon.

1813 apirilak 13: Eusebio Azkue jaio zen Lekeition.

1875 apirilak 13: Joxe Mari Lopetegi jaio zen Irunen.

Agenda

Unai Elorriagak Literatura irakurtzeko eta idazteko moduak hitzaldia eskainiko du apirilaren 7an (osteguna) 19:30etan Zaldibarko liburutegian. Hurrengo astean, apirilaren 12an Yolanda Arrieta izango da hizlari. Azkenik, apirilaren 19an  Kirmen Uribek poesia errezitaldia eskainiko du.

Jon Arretxek Griot liburuaren gainean berba egingo du apirilaren 7an (osteguna) 20:00etan Bergarako herri liburutegian.

Juan Ramon Makusok
Musipoemak eskainiko ditu Bizitzeak hil egiten du poesia liburuan oinarrituta. Saioa apirilaren 7an (osteguna) 20:00etan Errenteriko Mikelazulo elkartean. 

Luzien Etxezaharretak Mende erdi Iparraldeko literaturan hitzaldia eskainiko du apirilaren 14an (osteguna) 19:30etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ostean Miren Aranburuk eta Kattalin Totorikak testuen irakurraldia egingo dute.

Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak emankizuna eskainiko du apirilaren 14an (osteguna) 20:30etan Barakaldoko Laguntasuna dantza taldearen lokaletan.

Luzien Etxezaharretak euskal literaturari buruzko hitzaldia eskainiko du apirilaren 16an (larunbata) goizeko 10:00etatik aitzina, Sarako herriko ostatuan, Literatura Eskolak antolatuta.

Oskar Wilden Fidel izan beharraz liburua izango dute hizpide apirilaren 27an (asteazkena) 18:30etan Arrasateko Monterron kultur etxean.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: