.Literatur Emailuak
167 zenbakia: 2005eko martxoaren 31n
Susa literatura argitaletxea 


 Ez duk erraza konpai!

Ez zen urtarrilaren lehenarekin, Iraultzaren efemeridearekin batera joan Kubara, martxoan baizik. Koldo Izagirre idazlea. Eta Kuban bidaiatu zen, Kuba geografikoan, historikoan eta literarioan, eta bere iragazi propiotik pasatuta, haren kronika ekarri zigun 1995ean, Susa argitaletxearen eskutik: Ez duk erraza, konpai!

Edu Zelaietaren poemak beste hizkuntzetan

Mugaldekoak poema-liburua kaleratu zuen 2004an Edu Zelaietak, eta hasiak dira bere poemak beste hizkuntza batzuetako doinuak ezagutzen. Bost poema —Batzuetan; Koldarrak eta ausartak; Iturriak; Kartografoa naufragioan; Lerro berdea— itzuli dizkiote hiru hizkuntzatara: gaztelania, katalana eta esloveniera. Lehenengo biez Jordi Serra arduratu da, gaztelaniazkoan egileak berak lagunduta; eta Marjeta Prelesnik Drozg-ek egin du eslovenierazko itzulpena.

Volgako Batelariak literatur bloga

Idazleen blogak ezagutu ditugu: Xabier Mendiguren, Markos Zapiain, Julen Gabiria. Eta orain literatur aldizkari gisara antolatutako blog bat sortu da: Volgako Batelariak. Rikardo Arregi, Juanjo Olasagarre, Ibon Egaña, Anjel Erro eta Iban Zalduak bultzatutako ekimena da. Apirilaren 6an (asteazkena) 21:00etan aurkeztuko dute Gasteizko Gora tabernan.

Efemerideak

1944 apirilak 1: Julen Urkiza jaio zen Ondarroan.

1907 apirilak 2: Wentworth Webster hil zen Saran.

1871 apirilak 3: Julio de Urquijo jaio zen Deustun.

1914 apirilak 3: Pierre Duny Petre jaio zen Donibane Garazin.

1924 apirilak 4: Junes Casenave jaio zen Santa Grazin.

1944 apirilak 5: Xabier Lete jaio zen Oiartzunen.

1974 apirilak 5: Ibon Zabala jaio zen Oreretan. Gazterik hil zen bere herrian, eta etxekoek Bizi-urratsen hitzak kaleratu zuten 2000. urtean. Basquepoetry.net gunean irakurriko dituzu bere poema batzuk. 

1980 apirilak 5:  Agustin Zarrantz Polikarpo Iraizozkoa hil zen Lekarozen.

Hatsaren poesia

Auxtin Zamoraren ekimenez urtero Hatsaren poesia eguna antolatzen da Senpereko Oxtikenean. Aurtengoa apirilaren 3arekin (igandea) ospatuko da. Urte osoan bildutako poemak batu eta argitaratzen ditu Hatsa elkarteak liburu batean, eta poemok errezitatzen izaten dira Euskal Herri osoko poetak.

Agenda

Jon Alonsok Julio Cortazar. Antologia apetatsua liburua aurkeztuko du martxoaren 31ean (osteguna) 12:00etan Iruñeako Xalbador liburudendan. Aurkezle: Harkaitz Cano. Argitaldaria: Txalaparta.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: