Literatur Emailuak
163 zenbakia: 2005eko martxoaren 3an
Susa literatura argitaletxea 


100 urte Marcel Schwob hil zela

Duela mende bat, 1905eko otsailaren 26an, hil zen Marcel Schwob idazlea. Chavillen jaioa 1867an, idazle fina eta azterlari zorrotza, liburu eder zenbait egin zituen, eta azterketa kritiko oso interesgarriak (François Villoni buruz, kasu). Euskal idazleak hurbildu dira haren obrara, eta 1986an, Baroja etxearekin, Mimoak lana euskaratu zuen Mikel Lasak. Hurrengo urtean, 1987an, Urrezko maskaradun erregea lana argitaratu zuen Pamielak, Periko Diez de Ultzurrunek itzulia. 2002an, azkenik, Bizi alegiazkoak kaleratu da Literatura Unibertsala bilduman, Ibaizabalek argitaratua, Juan Garzia Garmendiak itzulia (liburu horretako ipuin bat euskaratu eta argitaratua zuen Erein etxearekin, Ipuin gogoangarriak obran). Izan du harrerarik, beraz, idazle sinbolistak gurean. Hiru lanak eskaintzen dizkizuegu, osorik.

Lauaxetaren poemak

Aurten beteko da Estepan Urkiaga Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrena eta izango da ospakizun bat baino gehiago —Sabino Arana Elkargoak berriki aurkeztu du idazlearen liburutegiaren katalogoa—. Egokiera ona da, beraz, laukiztarraren literatur-lanak irakurtzeko (edo berrirakurtzeko). Susa argitaletxeak kaleratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman bada, noski, Lauaxetaren poemen antologia.

Georges Perec... akordatzen

Gaur bezalako egun batez, 1982ko martxoaren 3an hil zen Georges Perec, Je me souviens... eta beste hainbat libururen idazlea, OULIPO literatur tailerreko kideetarik bat. Pamiela aldizkarian 1985ean Perec-en liburu horretako pasarteak euskaratu zituen Edurne Garitanok, Nik... gogoratzen dut izenburuaz.


Efemerideak

1869 martxoak 3: Emeterio Arrese jaio zen Tolosan.

1916 martxoak 3: Salbador Barandiaran jaio zen Oñatin.
   
1896 martxoak 5: Odon Apraiz jaio zen Gasteizen.
  
1876 martxoak 6: Bitor Garitaonaindia jaio zen Zaldibarren.

1933 martxoak 6: Mikel Zarate jaio zen Lezaman. Literatur lan guztiak batuta daude mikelzarate.com gunean.
  
1923 martxoak 8: Sabin Irizar jaio zen Deban.
  
1533 martxoak 9: Esteban Garibai jaio zen Arrasaten.

1952 martxoak 9: Jon Andoni Irazusta hil zen Liman, Perun.

1981 martxoak 9: Telesforo Monzon hil zen Donibane Lohizunen. Bere literatur lanen bilduma osoa dago Internetn.



Agenda 

Harkaitz Cano idazleak eta Igor Calzada musikariak osatutako Uztail Oparo Ostean taldeak Hirisladak errezitaldia eskainiko du martxoaren 3an (osteguna) 20:00etan Altzako Kasares Kultur Etxean.

Gotzon Barandiaran, Juanra Madariaga eta Lutxo Egia Literatur Jazzean arituko dira Four Friends taldearekin batera martxoaren 3an (osteguna) 20:30etan Bilboko Kalderapeko Kulturgunean.

Quim Monzóren Gauza guztien zergatia ipuin liburua izango dute mintzagai martxoaren 4an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldikoren egoitzan. Luis Berrizbeitia euskaratzailea ere bertan izatea espero dute antolatzaileek.

Harkaitz Canok Zinema eta literatura hitzaldia eskainiko du martxoaren 5ean (larunbata) goizeko 10:00etan Larrabetzuko Literatura Eskolan.

Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da liburua izango dute mintzagai martxoaren 9an (asteazkena) 20:30etan Deustuko Irakurlearen txokoan, Bidarte etxean.  Idazlea beraiekin izango da.

Jon Kortazarrek Lauaxeta idazle sinbolista hitzaldia eskainiko du martxoaren 10ean (osteguna) Bilboko Nerbioi Hotelean.

Juanjo Olasagarrek poesia emanaldi musikatua eskainiko du martxoaren 11n (ostirala) 22:00etan Arbizun. Musikaria: Arzellus. Antolatzaile: Korrika.

Kirmen Uribek poesia errezitaldia eskainiko du martxoaren 17an (osteguna) 18:00etan Durangoko udal euskaltegian. Antolatzaile: Korrika.

Pello Lizarralderen
Sargori liburua izango dute hizpide martxoaren 22an (asteartea) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: