Literatur Emailuak
161 zenbakia: 2005eko otsailaren 17an
Susa literatura argitaletxea 


Iñigo Aranbarriren poemak entzuteko

1998an kaleratu zuen Iñigo Aranbarrik Harrien lauhazka poema liburua, osorik 155. Literatur Emailuan eskaini genizuena. Poema liburu eder horretara gatoz berriro ere, irakurtzera ez ezik entzutera. Liburuko dozena bat poema grabatu ditu Aranbarrik, eta hemen eskaintzen dizkizugu poetaren ahotsean entzun ahal ditzazun.

Saltzaile baten heriotza

Arthur Millerren heriotza da azken egunotan irakurgai izan duguna, idazle estatubatuarra pasa den 2005eko otsailaren 17an hil baita. XX. mendeko antzerki-autore inportanteenetako bat, haren lan ezagunena, Saltzaile baten heriotza, Xabier Galarretak euskaratua dago. 2001ean plazaratu zuen Hiria argitaletxeak, eta orain osorik dakarkizuegu.

Efemerideak

1815 otsailak 17: Jean Baptiste Kamusarri jaio zen Ziburun.

1826 otsailak 17: Michel Elizanburu jaio zen Heletan.

1937 otsailak 17: Janbattitt Dirassar jaio zen Hazparnen.

1711 otsailak 18: Xabier Idiakez jaio zen Iruñean.

1900 otsailak 18: Jose Antonio Oar-Arteta jaio zen Markinan.

1903 otsailak 18: Etienne Salaberri jaio zen Heletan.
 
1869 otsailak 20: Jose Antonio Uriarte hil zen Zarautzen.

1935 otsailak 21: Xabier Azurmendi jaio zen Zegaman. Bere poemak irakurriko dituzu basquepoetry.eus  poesiaren atarian.

2001 otsailak 21: Bitoriano Gandiaga hil zen Arantzazun. Bitoriano Gandiagaren poesia kaiera osorik daukazu.

1932 otsailak 22: Felix Zubiaga jaio zen Errigoitin. Bere poemak irakurriko dituzu basquepoetry.eus poesiaren atarian.

Harkaitz Cano-ren "Ahulkiak"

Ahulkiak ikuskizuna mustuko da datorren ostiralean, otsailak 18 dituela, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko aretoan, arratsaldeko 19:30ean. Harkaitz Canok idatzitako testua, idazleak berak eta Patxi Santamaria eta Itziar Lamuedra aktoreek antzezten dutena. Galeusca 2003n bat egin zuen hirukoteak Ixteko ordua testuarekin (95. Literatur Emailuan eman genizuen), eta lan hark izan du segida. Ikuskizunak Oier Iruretagoienak prestaturiko soinu-banda du lagun.

Agenda

Jose Luis Otamendik poesia errezitaldia eskainiko du otsailaren 17an (osteguna) Laudion Korrika kulturaleko ekitaldien barruan;  Juan Ramon Madariaga, Gotzon Barandiaren eta Lutxo Egiak martxoaren 3an (osteguna) Kalderapekon eskainiko dute Literatur Jazz emanaldia. Four Friends taldeko musikariak izango dituzte laguntzen.

Bilbo Zaharra Forum-ek atontzen dituen ekitaldien barruan, Felipe Juaristik euskera eta literaturaren ajeen gainean berba egingo du otsailaren 17an, arrastiko 19:30ean, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Berrian daukan egoitzan.

Pako Aristi eta Jose Luis Padron idazleek amodiozko olerkiz osatutako poesia emankizuna eskainiko dute, Jexuxmai Lopetegi musikariaren laguntzaz, Zarauzko Euskalduna tabernan, otsailaren 24an, iluntzeko 21:30ean. "Kafe Torero" emanaldi-programazioa abiatuko dute.

Edu Zelaietak Mugaldekoak poesia errezitaldia eskainiko du otsailaren 25ean (ostirala) 20:30etan Gasteizko Gora tabernan. Bi musikari lagun izaten ditu Zelaietak ekitaldiotan: Beñardo Goietxe (kitarra) eta Raul Garcia (zerra melodikoa eta harmonika).

Quim Monzóren Gauza guztien zergatia ipuin liburua izango dute mintzagai martxoaren 4an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldikoren egoitzan. Luis Berrizbeitia euskaratzailea ere bertan izatea espero dute antolatzaileek.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: