Literatur Emailuak
159 zenbakia: 2005eko otsailaren 3an
Susa literatura argitaletxea 

Patricia Highsmith hil zela 10 urte

1995eko otsailaren 4an, orain dela 10 urte, zendu zen Patricia Highsmith idazlea.  AEBetako Texasen jaioa, 1912an, Arrotzak tren batean (1950) eleberriak egin zuen ezagun, lehenengoz, eta gerora izen handia eman Tom Ripley pertsonaiak. Ripleyren jokoa eta Ripley trebea eleberriak, hain zuzen, euskaratuak dituzte Maria Garikanok eta Asun Garikanok, eta Igela argitaletxeak kaleratuak 1995 eta 1999an. Eleberrigile trebe honen euskaratutako lehen lanak ez dira horiek, ordea. Koro Navarrok Poliki, poliki haizetan ( Slowly, slowly in the wind, 1979) narrazio bilduma euskaratu baitzuen 1988an, Elkar argitaletxeak argitaratua. Bost narrazio erakargarrik osatua, misterioa bezala pertsonaien arima protagonista diren bost narraziok osatua, osorik eskaintzen dizugu.

Lehorreko patera

Ez dira urte asko patera hitza gure hiztegira sartu denik, baina zoritxarrez ugari dira urte horietan itsasoan sartutako paterak. Eta asko onik atera ez direnak. Inmigrazioaren gaiari zuzen helduta Ahmeden bidaia kontatu zigun Iñaki Frierak Lehorreko paterak eleberrian, Susa argitaletxearekin 2001ean kaleratua. Ceutan abiatzen da istorioa, baina iristen da Euskal Herriraino, Ceutatik edo beste edonondik abiatzen diren pateretako bidaiariak bezalaxe. Irakurgai duzu osorik Ahmedek Jezabel arrebaren bila bizi izandakoa.

Efemerideak

1897 otsailak 3: Blas Fagoaga jaio zen Erratzun.

1934 otsailak 3: Txomin Garmendia jaio zen Berrobin.

1983 otsailak 3:  Fernando Artola Bordari hil zen Hondarribian.

1881 otsailak 4: Jose Eizagirre jaio zen Tolosan.

1883 otsailak 4: Blas Alegria jaio zen Lakuntzan.

1969 otsailak 4: Bingen Amezaga hil zen Caracasen, Venezuelan.

1980 otsailak 5: Julene Azpeitia hil zen Bilbon.

1840 otsailak 6: Juan Mateo Zabala hil zen Zarautzen.

1934 otsailak 7:  Juan Anjel Etxebarria Dirauket jaio zen Santurtzin.

1958 otsailak 7:  Jules Moulier Oxobi hil zen Hiriburun.

1894 otsailak 9: Manuel Lekuona jaio zen Oiartzunen.

Literatur jazz saioak  Korrika kulturalean

Poesia eta musika uztartuko dituzten lau errezitaldi antolatu ditu aurten Korrika kulturalak. Andolin Eguzkitzaren beraren ekimenez, Bilboko Kalderapeko kulturgunean  ernaldutako esperimentazio saioa Euskal Herriko beste bazter batzuetara zabalduko da hortara.
        Jazz Ciudad eta Four friends jazz banda bilbotarrak izango dira doinuak jartzen. Poemak irakurtzen Harkaitz Cano eta Castillo Suarez otsailaren 10ean (osteguna)  Hernanin;  Jose Luis Otamendi otsailaren 17an (osteguna) Laudion;  eta azkenik, Juan Ramon Madariaga, Gotzon Barandiaren eta Lutxo Egia martxoaren 3an (osteguna) Kalderapekon bertan.  

Agenda

Igor Estankonak solasaldia eskainiko du otsailaren 4an (ostirala) 20:00etan Bermeko liburutegian.

Igone Etxebarriak Sorne Unzueta eta bere giroa hitzaldia eskainiko du otsailaren 10ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko Hikateneoan. Antolatzaile: Korrika kulturala.

Edu Zelaietak Mugaldekoak poesia errezitaldia eskainiko du otsailaren 11n (ostirala) 22:30etan Usurbilgo Udarregi ikastolan. Bi musikari lagun izaten ditu Zelaietak ekitaldiotan: Beñardo Goietxe (kitarra) eta Raul Garcia (zerra melodikoa eta harmonika).



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: