Literatur Emailuak
150 zenbakia: 2004ko azaroaren  25an
Susa literatura argitaletxea


  Elektrika, Montoiaren triologiaren amaiera

Azaro honetan 50 urte dira Aljeriaren askapenerako matxinada hasi zela. Frantziako Armadak koloniari indarrez eusteko milaka soldadu mobilizatu zituen, haien artean batzuk euskal herritarrak. Gudaldi hura da Xabier Montoiaren  Elektrika nobela berriaren eszenatokia, eta Jean Etxegoien protagonista. Irakurtzen hasi orduko ohartuko zara ez dela historia-lezio bat, baizik eta infernuan barrena bidaia bat, hilkintzez eta triskantzez gidatua. Xabier Montoiak Elektrika honekin amaitu du zikloa, Hezur gabeko hilak eta Blackout nobelekin batera Hilen bizimoldea izeneko hirukoa osatuta: Etxegoien Lehen Mundu Gerran, ondoren Bigarren Mundu Gerran, eta Aljeriako Gerran orain.

Juanjo Olasagarreren  Bizi puskak

1996an kaleratu zuen Juanjo Olasagarrek Bizi puskak, bere bigarren poemarioa (lehenago, Susarekin baita ere, Gaupasak, 1991n). Unibertso poetiko oso bat azaldu zigun, baina ez batere abstraktua, oso zehatza baizik: poema-liburua 21 pertsonaiaren ahotsen bidez erakutsiriko herri baten ikuspegi handia da. Hainbat gai, estilo eta gogoetari heltzen dion liburua, Puskak biziz liburuan jarraipena izan zuena, goi mailako poeta baten ekarpena erakutsi zigun. Osorik irakur dezakezu Bizi puskak.


Efemerideak

1866 azaroak 26: Jean Martin Hiribarren hil zen Baionan.

1900 azaroak 27:  Sorne Unzueta Utarsus jaio zen Bilbon.

1913 azaroak 27:  Inazio Eizmendi Basarri jaio zen Errezilen.

1875 azaroak 28: Juan Bautista Eguzkitza jaio zen Lemoan.

1983 azaroak 28: Aingeru Irigaray Apat-Etxebarne hil zen Donostian.

1767 azaroak 29: Juan Inazio Iztueta jaio zen Zaldibian.

1947 azaroak 29:  Ramon Intzagarai Elurmendi hil zen Donostia.

1904 abenduak 1: Telesforo Monzon jaio zen Bergaran.

1989 abenduak 1: Patxi Etxeberria hil zen Loiolan.

Getxoko literatur gida

Getxon bizi diren (Kepa Altonaga, Unai Elorriaga, Iñaki Friera, Amaia Iturbide, Laura Mintegi, Xabier Paia eta Joseba Santxo) eta bizi izan diren (Federiko Krutwig, Markos Olabarri eta Tellagorri) idazleen gida osatu du Estibaliz Ezkerrak. Idazle bakoitzaren biografia laburra eta bibliografia; eta idazle bakoitzak erantzundako galdetegi laburrak batu ditu Ezkerrak Getxoko literatur gida honetara. Liburua abenduaren 2an (osteguna) aurkeztuko dute Getxoko Torrene kaleko erakusketa aretoan. Liburuan azaltzen diren idazleak literaturaz berbetan arituko dira mahai inguruan. Argitaldaria: Getxoko Euskara zerbitzua.

Agenda

Anjel Lertxundi Italia, bizitza hizpide liburua aurkeztuko du azaroaren 25ean (osteguna) 12:00etan Donostiako udal liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Alberdania.

Jim Thompsonen 1280 arima liburua izango dute hizpide azaroaren 25ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurleen Klubekoek Hikateneoan.

Antzerkiola Imaginarioak Jon Gerediagaren poemetan oinarritutako Fitola Balba lana taularatuko du azaroaren 26an (ostirala) 22:00etan Berako Bidaxka ostatuan.

Bihotz Bakartien Klubak Arrakalak errezitaldia eskainiko du azaroaren 26an (ostirala) 22:30etan Bergarako gaztetxean.

Letren Kilimak ikuskizuna (poesia, antzerkia, musika) eskainiko dute hileko azken ostiralero bezala azaroaren 26an (ostirala) 22:30etan Errenteriako Mikelazulo elkartean.
 
Sandor Marairen Azken hitzordua aztertuko dute azaroaren 26an (ostirala) 20:00etan  Iruñeako Zaldiko Maldikon   Liburuak irakurriz dibertitzen gara sailaren barruan,  Xabier Olarra euskaratzailea bertan izango da.

Iban Zalduak Irakurraldi bat euskal gatazkaren inguruan irakurketa egingo du azaroaren 26an  (ostirala) 20:00etan Altsasuko Iorta kultur gunean. Era berean, Itzalak liburuko pasarteak pianoaren musikaz lagundurik irakurriko ditu abenduaren 2an (osteguna) 19:30etan Gasteizko Alde Zaharreko Luis Aranburu Musika Eskolan. Pianoa: Koruko Heras.

Felipe Juaristik Begi-ikarak poema liburua aurkeztuko du azaroaren 29an (astelehena) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Argitaldaria: Erein. Ekitaldi berean Mikel Hernandez Abaituaren Panpinen erreinua liburuaren edizio berritua agertuko dute.

Joxerra Garziak Kurrin kurrin vitae aurkeztuko du azaroaren 30ean (asteartea) 12:00etan Donostiako udal liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Alberdania.

Joxe Mari Lopetegi Errepublikanoen bertsolaria aurkeztuko du Joxean Elosegi biografoak abenduaren 1ean (asteazkena) 11:00etan Donostiako liburutegian. Argitaldaria: Paper hotsak.

Edu Zelaietak Mugaldekoak poema liburuaz solasaldia egingo du abenduaren 1ean (asteazkena) 20:00etan Gasteizen EHUko Campusean.

Xabi Bordak Birika zatiak poema liburuan oinarritutako errezitala egingo du abenduaren 2an (osteguna) 21:00etan Azkoitiko Matadexen. Antolatzailea: Maxixatzen.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: