Literatur Emailuak
147 zenbakia: 2004ko azaroaren  4an
Susa literatura argitaletxea 

Arthur Rimbaud jaio zela 150 urte

1854ko urriaren 20an, orain dela 150 urte, jaio zen Charlevillen Arthur Rimbaud. 20 urte betetzerako idatziak zituen literaturaren historian tokia egin dioten lanak, eta gerora bere beste lanek —Verlainerekiko harremanak, Afrikako bidaiek, arma trafikoak eta abarrek— puztu zuten mitoa. 37 urte zituen hil zenean, 1891ko azaroaren 10ean. Mikel Lasak ekarri du, batez ere, Rimbauden lana euskarara. 1991n Denboraldi bat infernuan liburu seinalatua plazaratu zuen, eta Poemak kaleratu 1993an, poetaren antologia bat. Liburu biak Erein argitaletxeak kaleratu zituen, biak ere edizio elebidunak.
Literatur aldizkarietan ere agertu izana zen, Mikel Lasaren beraren itzulpenak 1987ko  Literatur Gazetan, eta Joakin Balentziak euskaratutako Egunsentia, Korrok-en kaleratua. Lasak berak bi liburuetako egindako hitzaurreetan autorearen berri zehatza ematen zaigu. Aste honetan Poemak eta  Denboraldi bat infernuan eskaintzen dizkizuegu.


  Txillardegi omendua, Interneten ere

75 urte betetzearekin batera, omenaldiz omenaldi ibili da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, azken liburua kaleratu zuenean lehenbizi eta Koldo Mitxelena Kulturunean antolatutakoak ostean. Azken ekitaldi hauen karietara, webgune itzela paratu diote Interneten. Bere biografia, berari buruzko testuak, ohar bibliografikoak, bere lanen zati eta iruzkinak, idazle eta pentsalariari buruzko azterketak, elkarrizketak... denetarik batu dute bertan.

Harkaitz Canoren  Pasaia blues

Eleberri indartsu batekin etorri zitzaigun 1999an, Susa argitaletxearen eskutik, Harkaitz Cano: Pasaia blues. Komando bat, polizi-ikertzailea, argazkiak, boxeoa, iraganaren itzala, harremanak... osagarri askorekin bilbatutako ehuna eskaini zigun idazleak. Bigarren eleberria zuen hau, hiru urte lehenago Beluna jazz argitaratua zuen, baina ordurako ez zen izen arrotza, eta hainbat arlo jorratuta zetorren: poesia (Kea behelainopean bezala), narratiba re (Telefono kaiolatuak), zutabegintza... Beluna jazz oraindik orain gaztelaniaz argitaratua izan delarik (Jazz y Alaska en la misma frase, Seix-Barral), Pasaia blues nobela eskaintzen dizugu orain osorik.

Efemerideak

1915 azaroak 4: Jean Hiriart-Urruti hil zen Hazparnen. Labayru ikastegiak Ni kazeta-egilea naiz liburua plazaratu du oraintsu.

1925 azaroak 4: Karmelo Etxegarai hil zen Gernikan.

1999 azaroak 4:  Inazio Eizmendi Basarri hil zen Zarautzen.

1940 azaroak 5: Imanol Irigoien jaio zen Altzan.

1906 azaroak 7: Juan Benanzio Arakistain hil zen Tolosan.

1924 azaroak 7: Patrizio Antonio Orkaiztegi hil zen Tolosan.

1976 azaroak 7:  Fernando Aire Xalbador hil zen Urepelen.

1990 azaroak 7: Justo Mokoroa hil zen Bilbon.

1815 azaroak 8: Emmanuel Intxauspe jaio zen Atharratzen.

1879 azaroak 8: Sebero Altube jaio zen Arrasaten.

1906 azaroak 8: Klaudio Gallastegi jaio zen Elorrion.

1951 azaroak 9: Resurreccion Maria Azkue hil zen Bilbon.

1885 azaroak 10: Abelino Barriola jaio zen Donostian.

1925 azaroak 10: Jon Mirande jaio zen Parisen.

Agenda

Emakumeak idazle gaia izango dute jorratzeko azaroaren 4an (osteguna) 19:30etan Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Hizlariak: Eider Rodriguez, Sonia Gonzalez eta Jasone Osoro. Moderatzailea: Laura Mintegi.

Ixiar Rozasek Gau bakar bat antzezlana aurkeztuko du azaroaren 5ean (ostirala) 20:00etan Bilboko Likiniano liburudendan. Aurkezlea: Jose Luis Padron. Argitaldaria: Hiru.

Bihotz Bakartien Klubak Zakil alu hori! eskainiko du azaroaren 6an (larunbata) 20:30etan Txantreako Euskaldunon Biltokian.

Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta Musika eta literatura jardunaldiak burutuko dituzte Donostian azaroaren 9tik (asteartea) azaroaren 12ra (ostirala). Mikel Markezek azaroaren 9an (asteartea)  Literaturatik euskal kantagintza berrira hitzaldia eskainiko du. Azaroaren 10ean (asteazkena) Pello Zabalak Soinua, hitzaren soineko  izango du gaitzat, azaroaren 11n (osteguna) Anjel Lertxundik Hitza musika denean izango du hizpide eta ostean Juan Kruz Igerabideren irakurraldi musikatua izango da. Azkenik, azaroaren 12an (ostirala) Gari, Jabier Muguruza eta Jon Maia mahainguruan izango dira Letragile eta musikagile gaiarekin.

Pako Aristik Libreta horiko problemak ikuskizuna eskainiko du azaroaren 12an (ostirala) 19:30etan Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.




Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: