Literatur Emailuak
146 zenbakia: 2004ko urriaren  28ean
Susa literatura argitaletxea

 

Pablo Sastreren Elurretan hotsak

Elur egunak gurean ez-ohikoak eta bereziak izaten diren gisan, Pablo Sastreren Elurretan hotsak nobela besteak ez bezalakoa da. Andoaingo ehun lagun inguru ekarri ditu, eta elur egun bitan herri oso bat da protagonista: andoaindarrak. Nobela mintzatua deitu dio Pablo Sastrek, jendeen solas hariei jarraiki jositakoa baita: antzerki edo dokumental moduko bat, baina aldez aurretik inork entsegurik egin gabe jokatua. Sei ekitaldietatik bi irakurriko dituzu Susaren gunean.

Jose Luis Otamendiren  Euri kontuak

Abuztu amaierako Emailuan adierazi genuen bezala, 1999an jauzi garrantzitsua egin zuen bere literatur ibilbidean Jose Luis Otamendik. Bost poesia libururen ondoren, XX. mendeko euskal poesigintzan izena errotua jada, narratibarako jauzia eman zuen eta Euri kontuak plazaratu Susa argitaletxearekin. Ipuinak dituzu kontu hauek, lirismoz blaituak bai, baina narrazio petoak.  Osorik irakur ditzakezunak.

Oh! Euzkadiren despedida

1979ko urriaren 28an, Zeruko Argiaren 849. zenbakiarekin, Oh Euzkadi sailak ez zuen Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak idatzitako artikulua eskaini. Zenbaki horretan idazle gonbidatua soilik izan zuten, Maripi Solbes, eta halaxe egin zuten hurrengo bietan ere. 850.ean Juan Jose Lasa eta 851.ean berriro ere Maripi Solbes, eurek espresuki izenburua jarritako Oh Euzkadiko azken gonbidatua-n. Hortxe, 1979ko azaroaren 11ko zenbakian, amaitu zen sail interesgarri eta aberats hau. Aste honetan, sailaren despedida gisa, soilik idazle gonbidatua izan zuten azken hiru ale horiek eskaintzen dizkizugu.


Bartolo Ayerbe Euskaraz.net liburutegi digitalean

Gero eta liburutegi digital osatuagoa dauka euskaraz.net guneak. Oraintsu Bartolo Ayerberen Gaintza jaioterriko eta gero bizileku izan zuen Altza-Loiola inguruko oroitzapenak biltzen dituzten bi lan osorik jarri ditu euskaraz.netek liburu digitalen atalean: Nere mundualdia eta Zaharrak berrituz. Atal berean irakur daiteke ere Joxe Ayerbe, Bartoloren semearen, Alako batean bertso bilduma.


Efemerideak

1957 urriak 28:  Juan Bautista Gesalaga Zaldubi hil zen Zarautzen.

1867 urriak 29:
Frantzisko Apalategi jaio zen Donostian.

1836 urriak 30: Klaudio Otaegi jaio zen Zegaman.

1877 urriak 30: Jean Etxepare Bidegorri jaio zen Mar Chiquitan, Argentinan.

1895 urriak 30:  Klaudio Sagarzazu Satarka jaio zen Hondarribian.

1913 urriak 30: Julian Alustiza jaio zen Gabirian.

1950 urriak 30: Julio de Urquijo hil zen Donostian.

1931 urriak 31: Jean Barbier hil zen Senperen.

1937 urriak 31: Jean Etxepare Landerretxe jaio zen Jatsun.

1969 urriak 31: Fidel Sarriegi hil zen Donostian.

1868 azaroak 1: Etienne Decrept jaio zen Baionan.

1967 azaroak 2: Andima Ibiñagabeitia hil zen Caracasen, Venezuelan.

1912 azaroak 3: Balentin Aurre-Apraiz jaio zen Gernikan.

1914 azaroak 3: Augustin Zubikarai jaio zen Ondarroan.

Agenda

Ilargiak baleki liburu eta CD bilduma berriko Lizardiren Parisko txolarrea eta  Lauaxetaren Lili-negarra aurkeztuko dituzte urriaren 28an (osteguna) 11:00etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Argitaldaria: Paperezko Hotsak.

Martin eta Xabier Etxeberriak Itxoidazu Cafe de Passy-n liburua aurkeztuko dute urriaren 28an (osteguna) 11:30etan Donostian. Aurkezlea: Andoni Egaña. Argitaldaria: Elkar.

Markos Zapiainek Txitxarroa helburu: gerra zibila Euskal Herrian  hitzaldia eskainiko du urriaren 28an (osteguna) 19:30etan Hondarribiko Zuloaga etxean. 

Luis Baraiazarra eta Julen Urkizak Augustin Zubikarairen bizitza eta literatur lanak izango dituzte hizpide urriaren 28an (osteguna) 20:00etan Ondarroako Guzur etxeko hitzaldi aretoan.

Anjel Lertxundik eta Juan Kruz Igerabidek poesia emanaldia eskainiko dute urriaren 28an (osteguna)  19:30etan Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

Juanjo Olasagarrek  Ezinezko maletak liburuaz berba egingo du  urriaren 28an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean (Hikateneoan).

Pako Aristik
Gauza txikien liburua aurkeztuko du urriaren 29an (ostirala) 12:00etan Donostiako Hontza liburudendan. Argitaldaria: Erein.

Mikel  Zarate
ren Ipuin antzeko alegi mingotsak eta Haurgintza minetan liburuen berrargitalpenak aurkeztuko dituzte urriaren 29an (ostirala) 19:30etan lezamako liburutegian.  Aurkezleak: Idoia Alzibar eta Jesus Etxezarraga. Argitaldaria: Labayru.

Fito Rodriguez Bornaetxeak Fausto liburua aurkeztuko du azaroaren 2an (asteartea) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Gonbidatua: Martin Anso. Argitaldaria: Utriusque Vasconiae.

Ur Apalategik Gure Gauzak S.A. liburuaz jardungo du azaroaren 2an (asteartea) 19:30etan Andoaingo Udal liburutegian.

Emakumeak idazle gaia izango dute jorratzeko azaroaren 4an (osteguna) 19:30etan Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Hizlariak: Eider Rodriguez, Sonia Gonzalez eta Jasone Osoro. Moderatzailea: Laura Mintegi.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: