Literatur Emailuak
145 zenbakia: 2004ko urriaren  21ean
Susa literatura argitaletxea

 

Edorta Jimenezen Azken fusila italieraz

L'ultimo fucile izenburuaz eta Roberta Gozziren itzulpenarekin plazaratu berri du Milanoko Tranchida argitaletxeak Edorta Jimenezen Azken fusila nobela (1993-Susa). Idazlea Italian da nobela aurkezten: astelehenetik ostegunera bitartean bost hitzaldi egin ditu Milanon, eta bana bihar Bergamon eta larunbatean Erroman. Tranchidak Edorta Jimenezi argitaratzen dion bigarren nobela da, iaz agertu baitzuen "La voce delle balene" ("Baleen berbaroa", 1997-Txalaparta).

Joxe Azurmendiren 68 poema alemanez

Joxe Azurmendi poeta bezala baino saiogile eta filosofo moduan da ezagunagoa. Idazle aparta hala ere. Hitz Berdeak poesia liburua 1971. urtean kaleratu zuen Arantzazuko EFA argitaletxearekin. Geroztik saiakerari emana izan da luzaroan.  Orain aurkezten dizkizugunak alemanera itzulitako 68 poema dira. Azkena, Azurmendiren poemarik ezagunena; Manifestu atzeratua-Verspätetes manifest.


Bertso eta Olerkien hemeroteka armiarma.eus atarian
 

Ametzagaiña taldeak eta Susa argitaletxeak Bertso eta Olerkien hemeroteka osatua jarri dute armiarma.eus atarian. Lan hau Julen Urkizak hasitakoaren jarraipena da eta euskaraz idatzitako eta idatziko diren bertso eta olerkiak bildu, sailkatu eta gizarteratzeko gunea da. Orain arte bildutako 46.000 erregistroetatik %20k badu erantsia, jada, bertsoa edo olerkia, 9181 orain arte.  
Lan honetan Susa argitaletxeak autoritateak finkatzeko ardura hartu du eta baita produktua ostatatzekoa ere, armiarma.eus atarian. Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du, eta hiru urtetako lana dago proiektuaren muinean. Oraindik osatzen eta gehitzen joango den proiektu honek, jendearen partehartzea bultzatu gura du.  

Itxaro Bordaren  Orain

Euskal literaturako izen handietako bat, poesiari heldu zion Orain liburuan (Susa, 1998)  Itxaro Bordak. Zazpi urte zeramatzan azken poema liburua egin zuenetik (Bestaldean, Susa); Amaia Ezpeldoi detektibearen trilogia argitaratu zuen tarte horretan. Eta 1998an Orain ekarri zigun, bere poema libururik helduenetako bat, non formalki ere berezia den Deep Northern atalak indar izugarria erakusten duen. Osorik irakurri dezakezu poesia liburu hau.

EAJren kanpaina

EAJk estatutuarentzat baiezkoa eskatuz hasitako kanpainari gogor ekin zioten Saizarbitoriak eta Izagirrek, bai eskatzeko erabilitako leloa bereziki. Artikuluan Basarriren "bordatxoak" ere  izan zuen tartea. Eta ez zuten erabat askatu Federiko Krutwigek botatako hitzen haria, Oteizak esandakoekin alderatuz. Konbinazio arras interesantea. Zeruko Argiaren 848.arekin emandako Oh! Euzkadin Jon Casenave izan zuten artista gonbidatua.


Efemerideak

1911 urriak 21: Jon Beistegi jaio zen Eibarren.

1960 urriak 21: Martin Uriarte hil zen Zornotzan.

1723 urriak 23: Frantzisko Xabier Munibe Idiakez Peñafloridako kondea jaio zen Azkoitian.

1858 urriak 23: Augustin Xaho hil zen Baionan.

1866 urriak 26:  Ebaristo Bustintza Kirikiño jaio zen Mañarian.

1893 urriak 27: Jose Garzia jaio zen Hernanin.

Agenda

Joxemiel Bidador euskal literaturaz mintzatuko da urriaren 21ean (osteguna) 20:00etan Mendillorriko Ezpondapea elkartean.

Joseba Iriondok Palestina Hotela liburuari buruz berba egingo du urriaren 21ean (osteguna) 20:00etan Burlatako Axular kultur elkartean.

Xabi Bordak Birika zatiak poema liburuan oinarrituta errezitala egingo du urriaren 21ean (osteguna) 21:00etan Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Antolatzailea: Uztarria.

Iban Zaldua  Itzalak liburua aurkezten izango da urriaren 22an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezlea: Pello Lizarralde. Argitaldaria: Erein.

Begoña Bilbaok Palestina, zure mina liburua aurkeztuko du urriaren 22an (ostirala) 12:00etan Bilbokok Abante kulturgunean. Argitaldaria: Elkar.

Harkaitz Canok gidatuta, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur liburua izango dute mintzagai urriaren 25ean (astelehena) 19:30etan Donostiako Udal liburutegian.

Pablo Sastrek Elurretan hotsak nobela aurkeztuko du urriaren 27an (asteazkena) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Gonbidatua: Harkaitz Cano. Argitaldaria: Susa.

Eider Rodriguezek Eta handik gutxira gaur ipuin liburuaz jardungo du urriaren 27an (asteazkena) 19:30etan Txurdinagako euskaltegian. Antolatzailea: Asapala elkartea.

Martin eta Xabier Etxeberriak Itxoidazu Cafe d Passy-n liburua aurkeztuko dute urriaren 28an (osteguna) 11:30etan Donostian. Argitaldaria: Elkar.

Juanjo Olasagarrek  Ezinezko maletak liburuaz berba egingo du  urriaren 28an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean (Hikateneoan).



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: