Literatur Emailuak
144 zenbakia: 2004ko urriaren  14an
Susa literatura argitaletxea

 

 Andolin Eguzkitzaren liburu amaitu gabea

Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki izenburuarekin 1998ko urriaren 12ko iluntzean abiatu zuen azken liburua Andolin Eguzkitzak, oraintxe sei urte. Astiro, oso astiro idazten zuen poesia, eta 29 poemaz baina liburua amaitu gabe hil zen 2004ko martxoaren 24an. Liburua urriaren 19an (asteartea) 11:30etan Bilboko Bidebarrieta Liburutegian aurkeztuko du Susa argitaletxeak. Hitzaurrea Juan Ramon Madariagak idatzi du.

Gabriel Arestiren 12 poema entzuteko

Gaurkoa bezalako egun batean (baina 1933an) jaio zen Gabriel Aresti. Idazlea gogoan, Euskeraren izen poetikoak hitzalditik 8 poema-audio ekarri ditugu, Hernanin 1966an Jesus Mari Olanok grabatuak: Besteak beste: "Bilbaoko kaleak", "Euskal Harria", "Marea-gora bizia", "Aurresku eta acesku". Gabriel Arestiren 4 poema-audio eman genituen duela bi urte: "Egia bat esateagatik", "Nire aitaren etxea", "Gizonaren ahoa" eta "Azken euskaldunaren heriotzea". Beraz, hamabi poema dira orain entzungai.

Urtzi Urrutikoetxearen  Borroka galduetatik gatoz

Enbata indartsu baten gisa azaldu zitzaigun Urtiz Urrutikoetxea bilbotarra letren plazara: Borroka galduetatik gatoz. Susa argitaletxearekin 1997n argitaratua, indar eta era berean sentsibilitate handiko poema liburua zen, gazte baten ahots freskoak zekarrena. Poesia idazten jarraitu du eta Utzidazu karmina kentzen eman zuen argitara, Kutxaren sariaren irabazle gisa, 2002an. Ernestina de Campourcin saria zela eta Gaur ere ez du atertuko poemarioa ere atera zuen. Imre Kertesz-en Zoririk ez euskaratu du 2003an.

Tarradellas eta Krutwig

Astebeteko pausaren ostean, mamitsua ekarri zuten Oh Euzkadi atala Saizarbitoriak eta Izagirrek Zeruko Argiaren 847. zenbakian. Tarradellas (beharbada ez hain) honorablea hartu zuten ahotan eta Katalunia eta Euskal Herriaz jardun, eta amaieran Federiko Krutwigek euskal literaturaz La Voz egunkarian esandako "harribitxi" batzuk ekarri, gezi pare bat jaurti aurretik. Artista gonbidatua Ermi Madariaga izan zen.

Oscar Wilderen jaiotzaren 150 urte

1854ko urriaren 16an, orain dela 150 urte, jaio zen Dublinen Oscar Wilde. Narradore, poeta, saiogile eta antzerkigilea, literaturaren historian tokia eginak dira bere obra eta haren oinarrian diren bere bizitza eta bizitzarekiko bere ikuspuntuak. Euskarara asko eta aspaldidanik ekarria izan da Oscar Wilde. 1927an Joseba Altunak Verdes Atxirika argitaletxearekin Ipuñak liburua plazaratu zuen (Literatur Emailuotan eskainia duguna 2002ko abenduan ), eta gerora asko argitaratu dira. Literatur Aldizkarien Gordailuan ere topa daitezke haren lanak, horien artean Reading baitegiko leloa, Bingen Ametzagak euskaratu eta Euzko Gogoa aldizkarian emana. Literatur Emailu honetan Oscar Wilderen bi antzerki lan eskaini nahi dizkizuegu: Salome, Inazio Mujikak euskaratu eta Baroja etxeak 1987an kaleratua, eta Fidel izan beharraz, Antton Olanok euskaratua, Ibaizabalekin Literatura Unibertsala bilduman 2000. urtean kaleratua.


Efemerideak

1901 urriak 14: Iñaki Olabeaga jaio zen Donostian.

1933 urriak 14: Gabriel Aresti jaio zen Bilbon.

1936 urriak 15: Jose Markiegi fusilatu zuten Oiartzunen. 

1936 urriak 17:  Jose Ariztimuño Aitzol fusilatu zuten Hernanin.

1974 urriak 17: Gilen Epherre hil zen Baionan. 1911ko urriaren 19an jaio zen Altzürükün.

1770 urriak 18: Agustin Kardaberaz hil zen Bolonian.

1845 urriak 19: Juan Ithurri jaio zen Larresoron.

1886 urriak 19: Damaso Intza  jaio zen Intzan. Bere omenez Interneten topa dezakegu Euskal lokuzioak sarean Intza proiektua.

1962 urriak 19:  Jose Agerre Gurbindo hil zen Iruñean.

1977 urriak 20: Madeleine Jauregiberri hil zen Zibozen.

Agenda

Rafa Egigurenek Mandarin dotore ikuskizuna aurkeztuko du urriaren 14an (osteguna) 19:30etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Musikaria: Joserra Senperena. Irudiak: Jose Luis Zumeta.

Jon Arretxe Zazpi kolore liburuaz arituko da urriaren 14an (osteguna) 20:00etan Derioko kiroldegiko kultur aretoan.

Sándor Márái idazle hungariarra izango du hizpide Ander Irizarrek urriaren 14an (osteguna) 20:30etan Txantreako Biltoki elkartean.

Xabier Mendigurenek Ipuin izugarriak antologia aurkeztuko du urriaren 15ean (ostirala) 12:00etan Bilboko Abante Kulturgunean. Argitaldaria: Elkar.

Arantzazuko poetak  izango dituzte hizpide Xabier Mendiguren eta Joxe Azurmendik urriaren 16an (larunbata) goizeko 10:00etan Literatura Eskolaren lehen egunean. Ekitaldia Arantzazun izango da. Antolatzaile: Bihotz Bakartien Kluba.

Lezio Berri Bat Ostrukari Buruz
Bernardo Atxagaren testua estrainekoz antzeztuko dute Mikel Martinez eta Patxo Telleriak urriaren 16an (larunbata) 21:30etan Bilboko Arenalean.

Andolin Eguzkitza omenduko dute urriaren 19an (asteartea) 19:30etan Bilboko Poesia astearen barruan. Han izango dira Xabier Kintana, Tere Irastortza, Juanra Madariaga, Isabel Diaz eta Igor Estankona.

Joxemiel Bidador euskal literaturaz mintzatuko da urriaren 21ean (osteguna) 20:00etan Mendillorriko Ezpondapea elkartean.

Iban Zalduak Itzalak liburua aurkeztuko du urriaren 22an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezlea: Pello Lizarralde. Argitaldaria: Erein.

Harkaitz Canok gidatuta, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur liburua izango dute mintzagai urriaren 25ean (astelehena) 19:30etan Donostiako Udal liburutegian.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: