Literatur Emailuak - 143. zenbakia - 2004-10-07
Literatur Emailuak
143 zenbakia: 2004ko urriaren  7an
Susa literatura argitaletxea

 

Jon Alonsoren  Hodei berdeak

Jon Alonsoren Hodei berdeak nobela 2003ko maiatzean argitaratu zen. Orain osorik emana dator Susaren webgunean. Aurtengo Euskadi Sariko epaimahaikideek finalistatzat aukeratutako bost liburuetarik bat da, nahiz eta saria hutsik lagatzeko aukera ere baztertu ez duten.

Martin Ugalderen omenez

Beste zenbait alorretan bezala, euskal literaturan ere toki berezia egina da Martin Ugalde, 2004ko urriaren 4an hil dena. Produkzio zabalekoa, hainbat jenerotan jardundakoa, narrazioen eremuan eman zituen lanik gogoangarrienak. Hiltzaileak, bere lehen narrazio liburua dakargu hona, 1985ean Erein argitaletxeak plazaratutakoa (lehenik 1961ean kaleratu zuen, Iltzalleak, Venezuelako Cromotip argitaletxearekin ): bere lehen liburua da, eta agian enblematikoena literaturaren alorrean. Literatur Aldizkarien Gordailuan irakurri ahalko dituzu, bestalde, Egan aldizkarirako egindako ipuin eta artikulu bat, eta, bere jardun ez hain ezagunean, Plazara aldizkarian 1985ean argitaratutako poema bat, Aberria, Hendaian 1975 izenekoa, Martin Ugalderen erretratua ongi islatzen duena.

Loreak udan intza bezela

Donostiako Oriamendi baserrian jaiotako Segundo Kalonje (1910-1986) bertsolariaren Loreak udan intza bezela bertso bilduma jarri du sarean euskaraz.net-ek. Auspoa liburutegian argia ikusi zuen liburu honek egunkari eta aldizkarietan argitaratutako, nahiz Segundoren eskuz idatzitako paperetan aurkitutako bertsoak biltzen ditu.

Antonio Arzak hil zela 100 urte 

Antonio Arzak duela 100 urte hil zen Donostian.  25 urterekin lehen poema argitaratu zuen, Azken agurrak gure etsaigoari Jose Manterolaren Cancionero vasco obraren barruan. Poema eta lan ugari argitaratu zituen gerora Donostiako Euskal Erria aldizkarian eta bi poesia liburu txiki ere plazaratu zituen: Amona 1900. urtean eta Sufritzen 1929an.
49 urterekin hil zen jaiotako etxe berean.  Euskaraz.net gunean bere bizitza eta obra irakurtzeko aukera paregabea daukagu.

Efemerideak

1893 urriak 8: Bingen Aizkibel jaio zen Ubidean.
1928 urriak 8: Bitoriano Gandiaga jaio zen Mendatan.
1932 urriak 9: Martin Iturbe Balda jaio zen Ikaztegietan.
1942 urriak 9: Jose Angel Irigaray jaio zen Iruñean.
1944 urriak 9:  Eustakio Mendizabal Txikia jaio zen Itsasondon. Bere olerki eta bertsoak, Hitz etena liburuan batuta daude.
1810 urriak 10: Augustin Xaho jaio zen Atharratzen.
1939 urriak 10: Luis Mari Mujika jaio zen Lizartzan.
1987 urriak 10: Koldo Mitxelena hil zen Errenterian.      
1947 urriak 12: Blas Alegria hil zen Lakuntzan.
1994 urriak 12: Antonio Maria Labaien hil zen Tolosan.
1884 urriak 13: Madeleine Jauregiberri jaio zen Alozen.

Agenda

Ion Aiastuik Biolinaren jatorria poesia liburua aurkeztuko du urriaren 7an (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar

Xabi Bordak  Birika zatiak  poesia liburua aurkeztuko du urriaren 8an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezlea: Jon Benito.

Juanjo Olasagarrek Ezinezko maletak liburua izango du hizpide urriaren 8an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Irakurriz Dibertitzen Gara.

Xalbadorren Odolaren mintzoa (3, argitalpena) aurkeztuko dute urriaren 13an (asteazkena) 19:30etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian. Argitaldaria: Auspoa.

Rafa Egiguren, Mandarin dotore ikuskizunarekin izango  da urriaren 14an (osteguna) 19:30etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Musikaria: Joserra Senperena. Irudiak: Jose Luis Zumeta.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: