Literatur Emailuak - 142. zenbakia - 2004-09-30
Literatur Emailuak
142 zenbakia: 2004ko irailaren  30ean
Susa literatura argitaletxea

 

Xabi Bordaren Birika zatiak

Literatuzta aldizkariaren hiru aleetan irakurriko zenizkion poemak Xabi Bordari (1981, Azpeitia). Birika zatiak izenburuarekin plazaratu du bere lehendabiziko liburua, datorren astean (urriak 8) aurkeztuko duena Jon Benitoren laguntzaz. Aurrerapen gisa dakartzagu liburuko sei poema. Argitaldaria: Susa.

Jon Iñaki Lasaren Andaluziari ene bilduma

Andaluziari ene bilduma deritzo Jon Iñaki Lasak Susa argitaletxearekin 1984an kaleratu zuen poema-liburuak. Poeta ez zen berria, Alizia eta biok publikatua zuen Ustela Sailean 1982an. Han hasitako bidearen sendotzea erakutsi zuen orain osorik eskaintzen dizuegun Andaluziari ene bilduman. Literaturari lotua jarraitu badu ere —itzulpenak, poemak Galeuscan...—, hauxe izan zuen argitaratutako azken liburua.

 Iraultzaile eta konfliktibo

Aurreko astean heldua zioten iraultzaile eta konfliktibo gauza bera ez dela gaiari Oh Euzkadi sailean, eta sakondu zuten Zeruko Argiaren 845. zenbakiko artikuluan. Euskaltzaletasuna izan zuten hizketagai zehatza iraultzaile eta konfliktiboaren eremuan. 25 urte beranduago ondo asko irakurtzen diren hitzak. Iraileko bigarren emanaldi honetan errekuperatu zuten idazle gonbidatuaren saila, eta Ladix Arrosagarairen testua eskaini.


Efemerideak

1948  irailak 30: Joan Mari Irigoien jaio zen Altzan.

1829 urriak 1:  Juan Jose Alkain Udarregi jaio zen  Aian eta 1895eko urriaren 2an hil zen Usurbilen. 

1979 urriak 1: Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri  hil zen  Pauen.

1980 urriak 1: Xabier Peña hil zen Tolosan.

2003 urriak 1: Bixente Barandiaran hil zen Donostian.


Agenda

Karmele Jaiok Hamabost zauri liburua aurkeztuko du irailaren 30ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar.

Andolin Eguzkitza omenduko dute urriaren 4an (astelehena) 19:30etan Ortuellako Gorbea aretoan. Bere literatur ibilbidea aztertu eta bbk-ko irakurleek bere poema batzuk errezitatuko dituzte musikarien laguntzaz.

Bihotz Bakartien Klubak
Sarri gure artean errezitaldia egingo du urriaren 6an (asteazkena) 20:00etan Algortako kultur etxean. Antolatzailea: Bizarra lepoan.

Ion Aiastuik Biolinaren jatorria poesia liburua aurkeztuko du urriaren 7an (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar

Xabi Bordak  Biriki zatiak  poesia liburua aurkeztuko du urriaren 8an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Aurkezlea: Jon Benito.




Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: