Literatur Emailuak - 139. zenbakia - 2004-09-09
Literatur Emailuak
140. zenbakia: 2004ko irailaren  16an
Susa literatura argitaletxea

 

Rafa Egigurenen Mugarrien garraioan

Ustela Saila bildumako liburuak sarean jartzean eskaini genuen sail hartan mustu zen poeta bat: Rafa Egiguren. Liburua Txipiroiren bat edo beste zen, 1981ekoa. Lan hark poeta zorrotza erakutsi zigun, ironia oso fin batez jantzia, dotorea. Bere bigarren poemarioak, aste honetan eskaintzen dugunak, baietsi zuen: Mugarrien garraioan. 1986an kaleratu zuen Susa argitaletxearekin. Gerora, urte hainbat "isilik" eman eta gero, eleberria plazaratu zuen 1990ean Ereinekin, berak oso ondo ezagutzen duen mundu batean kokatua, Txinan: Ilargia putzuan ageri. Eremu horretakoa, VII-X. mendeetako poema txinatarren itzulpen ederra eskaini zigun 2003an: Mandarin dotore disko-liburua. Lana Jose Luis Zumeta artista eta Joserra Senperenarekin musikariarekin batera egindakoa, Paper Hotsak-ek kaleratu zuen.

Manuel Maria hil da

2004ko irailaren 8an hil da, 75 urte zituela, Manuel Maria idazle galiziarra. XX. mendeko literatura galegoaren zutabe nagusietako bat, "herriaren poeta" deitua, 50-60etako urteetan hasi zen ezaguna egiten hala poeta nola Galiziako kulturgile eta militante politikoa. Hainbat lanen egile, poema liburuak batez ere, euskarara lehenbiziko itzulitakoa bere bi antzerki-lan izan ziren, Koldo Izagirrek euskaratu eta Antzerti aldizkarian plazaratuak 1985ean: Maiatza zorabiatuaren pastorala (Auto do Maio esmaiolado) eta Berengela izeneko otarantza baten ibilketak eta biribilketak (Aventuras e desventuras dunha Espiña de Toxo chamada Berenguela). Gerora bi poema ere euskaratu zaizkio. Joseba Sarrionandiak Gure amari hitzak euskaratu zuen Susa aldizkariaren separata moduan banaturiko Poemas naufragos liburuan, 1991n, eta Itxaro Bordak Haur begiak, Maiatz aldizkariaren 30. alean, 1998an.

 

Efemerideak

1748 irailak 17: Joakin Lizarraga jaio zen Elkanon.
1914 irailak 18: Balendiñe Albizu jaio zen Zumaian. Duela bi urte zendu zen, 2002ko irailaren 17an, eta haren hilberritan Elixabete Garmendiak artikulu jakingarria argitaratu zuen Emailuotan.
1919 irailak 19: Bitoriano Iraola hil zen Donostian. Idazle donostiar honen liburu bi euskaraz.neten topa ditzakezu.
1932 irailak 20: Xalbador Garmendia jaio zen Zaldibian.
1772 irailak 21: Domingo Patrizio Meagher hil zen Florentzian.
1777 irailak 21: Juan Mateo Zabala jaio zen Bilbon.
1842 irailak 21: Jean Baptiste Kamusarri hil zen Ziburun. Kamusarriren lau poema irakur ditzakezu basquepoetry.eusen.
1942 irailak 22: Rikardo Arregi jaio zen Andoainen.
1982 irailak 22: Jose Manuel Estonba hil zen Urkiolan. Oh! Euzkadi aldizkariak elkarrizketa postumoa kaleratu zuen 1983an.
1986 irailak 22: Damaso Intza hil zen Iruñean.


Lucca-ko Festibala

"Uno Uno Prima" deritzon Lucca (Italia) hiriko festibalean hartuko du parte Kirmen Uribek irailaren 16tik 19ra. Uribek poemak irakurriko ditu hilaren 16an eta mintegi batean hartuko du parte 17an. Poesia, antzerkia, musika, artea eta ikusentzunezkoak elkartzen ditu Festibalak eta besteak beste William Klein argazkilariak, Emir Kusturica zinegileak, Michelangelo Pistoletto artistak eta Susanna Rafart idazle kataluniarrak hartuko dute parte bertan.
        Festibala idazle eta artista hasiberriei dago zuzendua batez ere eta emanaldiez gain topaguneak ere antolatzen dira hizlari eta ikusleen artean. Parmako Edison elkarteak antolatzen du egitasmoa eta Giussepe Bertolucci da arduraduna.

Verinesko Literatur Topaketak

Irailaren 23 eta 24an Literatur Topaketak izango dira Verinesen (Pendueles etxean). Topaketon gaia "aniztasunaren gerizpean" izango da, eta gai orokor horretaz jardungo du Jon Kortazarrek. Horrezaz gain, Miren Agur Meabek eta Kirmen Uribek euren poetika azaltzen ahaleginduko dira berbaldi labur banatan.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: