Literatur Emailuak - 139. zenbakia - 2004-09-09
Literatur Emailuak
139 zenbakia: 2004ko irailaren  9an
Susa literatura argitaletxea

 

Agostinho Netoren heriotzaren 25 urte

1979ko irailaren 10ean hil zen Agostinho Neto, Angolako idazle, iraultzaile eta estatu-gizona. Idazlea gaztetandik lotu zitzaion bere herriaren askapenaren aldeko borroka politikoari. MPLA taldeko sortzaile eta buru, 1975ean Angolak independentzia lortu zuenean Agostinho Neto hautatu zuten lehendakari. Hainbat hizkuntzatara itzulia, euskarara Urtzi Urrutikoetxeak ekarri berri du lehendabizi, Linterna Gorria aldizkariaren 3. zenbakirako euskaratu baitzuen Afrikako negarra poema. Orain, Literatur Emailu honetarako, Koldo Izagirrek, Bego Montoriok, Mikel Elorzak eta Iñigo Aranbarrik bere hainbat poema euskaratu dituzte. Hemen dituzu denak.

Negu Gorriak Tour

Ideia Zabaldu Tour zen, osorik, 1995ean Negu Gorriak taldeak Europan zehar egin zuen biraren izena. Taldeak jada tokia lortua zuen euskal musikagintzaren eremuan, eta ez soilik musikarenean, eta euren kantu eta aldarrikapenak Euskal Herrian ez ezik Europan zabaltzeko bira luzea egin zuten. Garbiñe Ubeda kazetaria haiekin joan zen, haiek bizitakoak bizi zituen, eta liburu batean jaso argazkiz hornituriko kronika bizi batean, kontzertuak bai, baina haien ingurukoak ere jasotzen direla, eta Europan bisitatzen dituzten tokien eta hango mugimenduen berri ere jasotzen dela. Osorik daukazu orain.

 

Efemerideak

1868 irailak 9: Gorgonio Renteria jaio zen Elantxoben.
1811 irailak 11: Jean B. Arxu jaio zen Altzürükun.
1984 irailak 12: Odon Apraiz hil zen Gasteizen.
1865 irailak 14: Jose Elizondo jaio zen Tolosan.
1960 irailak 14:  Bernardo Maria Garro Otxolua  hil zen bilbon.
1969 irailak 14: Jon Kurutz Ibargutxi hil zen Ubidean.
1981 irailak 15: Imanol Berriatua hil zen Jerusalenen.


Pello Lizarralderen isilaldietan barna

Horixe du izenburua Espainiako Tarazonan irailaren 6tik 10era bitartean egindako itzulpen mintegiak. Tarazonako Itzultzaile Etxeak eta EIZIEk antolatu dute ekimena. Helburua: euskaratik beste lau hizkuntzetara itzultzea Pello Lizarralderen zenbait literatur lan. Hizkuntzak: suomiera (Mia Rissanen eta Joseba Ossa), frantsesa (Edurne Alegria), daniera (Pernille Hansen eta Juan Mari Mendizabal) eta errusiera (Mikhail Zelikov eta Jose Morales).
Irailaren 10ean (ostirala) Donostian mintegian izandako esperientziaren berri emango dute mahai-inguru batean, eta landutako testu laburrak irakurriko dituzte bost hizkuntzatan, musikaz lagunduta.
Informazio gehiago: eizie.org

Agenda

Antton Kazabonek Pirtzina zilborrean liburua aurkeztuko du irailaren 10ean (ostirala) 12:00etan Donostiako udal liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: