Literatur Emailuak
138 zenbakia: 2004ko irailaren  2an
Susa literatura argitaletxea

 

Celso Emilio Ferreiro

Orain 25 urte, 1979ko abuztuaren 31n zendu zen Celso Emilio Ferreiro, literatura galegoaren XX. mendeko ahotsik gorenetako bat. Bere garaiko seme, poesia sozial-errealistaren eremuan ezaguna baina beste hainbat alor jorratutakoa, euskarara 1984an ekarri zen estreinako aldiz, literatur aldizkarietan. 1984ko maiatzean Korrok aldizkarian, 3. zenbakian, Harrizko gau luzea bere poema ezaguna argitaratu zen, eta Kandela aldizkariaren 2.ean Jon Iñaki Lasak Neno orfo con cabalos ao fondo eta Credo itzuli zituen. 1988an, Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez eta Galeuscaren baitan, Ferreiroren 14 poema euskaratu zituen Jesus Etxezarragak, Gabriel Aresti eta Salvador Espriuren antologia batekin batera hiru hikuntzatan prestaturiko edizio batean argitaratu zirenak, Ereinek argitaletxearekin. 1991n, azkenik, eta Galiziako Letren Egunaren karietara, Joseba Sarrionandiak itzulitako poemekin egindako Poemas naufragos elebiduna kaleratu zuen Susak —eta bertan Celso Emilio Ferreiroren Itsaso aurrean etzunik poema—, eta bere aldizkariaren 27. zenbakiaren separata gisa banatu. Poema guztiak jarri ditugu irakurgai, eta baita Ereinen Antologia libururako Xose Maria Alvarez Caccamok egindako hitzaurrea.

Euskal karma

Nobela-rapsodia generoaren baitan sartu zuen Jon Alonsok Euskal karma bere liburua, umorearen prismatik gure kulturari egindako begirada zorrotza. Ez zen lehenengo aldia generoen mugei ihes egiten ziela, 1998an fikzioa eta saioa bikain bildu zituen Camembert helburu liburura. Eleberriak, baina, egiten badaki (Katebegi galdua, 1995, eta Hodei berdeak, 2003), eta saioak ere bai: Idiaren eraman handia eta Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzuk. Jose Saramagoren Lisboako setioaren historia ere ekarria du euskarara. Goza dezakezu orain Alonsok guztioi egindako keinuez, eta jaurtitako geziez, Euskal karma liburua irakurriz.

Txillardegi Donostian omendua

Irailaren 27an 75 urte beteko ditu Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik. Bere ibilbide literario, pentsamenduzkoa, politikoa eta beste aztertuko dituzte Donostian astebetez. Irailaren 3an (ostirala) eguerdiko 12:00etan  Euskararen aldeko borrokan bere azken liburua aurkeztu ostean, irailaren 7an (asteartea) 19:30etan "Literatura eta pentsamenduzko ibilbideaz" arituko dira Markos Zapiain eta Koldo Izagirre. Hurrengo egunetan berriz, "Politikazko ibilbidea" eta "Hizkuntza gaietako ibilbidea" aztertuko dituzte.  8an (asteazkena). Aste honetako ekitaldi guztiak Donostiako Udal Liburutegiko sotoan izango dira. Argitaldaria: Elkar.

Efemerideak


1708 irailak 2:
  Sebastian Mendiburu jaio zen Oiartzunen.
1876 irailak 3: Federiko Belaustegigoitia jaio zen Laudion.
1899 irailak 3:  Errose Bustintza jaio zen Mañarian.
1949 irailak 3:  Pablo Fermin Irigarai Larreko hil zen Iruñean.
1912 irailak 4:  Eusebio Erkiaga jaio zen Lekeition.
1937 irailak 5: Arturo Kanpion hil zen Donostian. Bere jaiotzaren 150. urteurrenaren karietara Berriak gune berezia atondu zuen.
1878 irailak 7:  Kepa Enbeita Urretxindorra jaio zen Muxikan.
1887 irailak 7: Juan Bautista Bilbao Batxi jaio zen Arratzun.




Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: