Literatur Emailuak
136 zenbakia: 2004ko abuztuaren 19an
Susa literatura argitaletxea

 

Itxaro Bordaren Krokodil bat

Dagoeneko bibliografia luze bezain interesgarria egina du Itxaro Bordak. Bere azken liburuek bezala, 1980an plazaratutako idazlearen lehen lanak oso kontuan hartzekoak dira, egilearen panoramika osoago baten berri ematen baitigute. 1984an Basilika eleberria, Bizitza nola badoan poemarioa eta Emakumeak idazle saioarekin hasita, 1986an kaleratu zuen Susa argitaletxearekin bere bigarren poema liburua, Krokodil bat daukat bihotzaren ordez. XX. mendeko poeta ezinbesteko baten ahotsa sendotzen zihoan, 1988ko Just love poema liburuan baieztatu ahal izan zenez. Krokodil bat daukat bihotzaren ordez eskaintzen dizugu aste honetan osorik.

Czeslaw Milosz poetaren heriotza

1911n gaur egun Lituania den Szetejnien jaioa, 2004ko abuztuaren 14an hil da Cracovian Czeslaw Milosz idazle poloniarra. Poeta handia, 1980an Nobel saria jaso zuen. Euskarara gutxi ekarria izan da, baina apur bat bai. 1984an Pamielak karrikaratutako Alkohola poemak libururako haren bi poema euskaratu zituen Tere Irastortzak. Maiatz aldizkariaren 9. zenbakian, berriz, 1985ean, beste poema bat argitaratu zen. Eta Literatur Gazeta-k Nobel saria jaso zuenean eginiko hitzaldia plazaratu zuen, Eduardo Zabalak euskaratua. Testuok eskaintzen dizkizuegu. Hauez gain, Czeslaw Milosz-i buruz irakur daiteke Literatur Aldizkarien Gordailuan. Koldo Etxabek Literatur Gazeta-ko 6. zenbakian idatzitako artikulua, Poloniako Literatura izenekoa, edo gaztelaniaz argitaratutako poloniarraren poema liburu bati J.M.L.k eginiko kritika, Pamiela aldizkariaren 7. zenbakian plazaratua. 

Beste bi liburu berri euskaraz.net-en

Uda oparoa euskaraz.net-en, liburuen sareratzeari dagokionez. Batetik, Toribio Altzagaren Andre Joxepa Tronpeta sorgin ipuinaren bertsio digitala. Gerra aurrean jendaurrean antzeztu bazen ere, orain arte argitara eman gabe zegoen. Bigarrena, Kaietano Sanchez Iruren Bizi bedi euskera bertso bilduma da. Izen horrekin 1893 eta 1916 urte bitartean prentsan argitaratutako bertsoak bildu dituzte, hainbat gairen arabera sailkatuta. Abuztuaren 24an 88 urte beteko dira Sanchez Irure idazle donostiarra hil zela.

Bilatzailea Lazarragaren transkripzioan

Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren transkripzioarekin abiatutako web guneari, bilatzailea gehitu diogu egunotan. Euskarazko testuetan egiten du bilaketa, eta berau burutzeko hainbat aukera eskaintzen ditu: hitza edo lema, hitzaren hasieran edo bukaeran, hitz osoa edo zatia, eta abar. Bilaketak egungo grafian egin behar dira, adibidez: "itxi", "zorroz" edo "jakin". Erabiltzaileen zuzenketen eta iradokizunen esperoan.

Efemerideak

1888 abuztuak 20: Louis Dassance jaio zen Uztaritzen.
1906 abuztuak 20: Ramon Artola hil zen Donostian.
1915 abuztuak 20: Koldo Mitxelena jaio zen Errenterian.
1953 abuztuak 20: Errose Bustintza hil zen Mañarian.
1891 abuztuak 22: Bernardo Maria Garro Otxolua jaio zen Mundakan.
1916 abuztuak 22: Jose Antonio Loidi Bizkarrondo jaio zen Errenterian.
1935 abuztuak 22: Eñaut Etxamendi jaio zen Ezterenzubin.
1749 abuztuak 23: Salvat Monho jaio zen Isturitzen
.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: