Literatur Emailuak
135 zenbakia: 2004ko abuztuaren 12an
Susa literatura argitaletxea

 

Suetena Belfasten

Irlandako herriari eta hango gatazkari begiratu izan diogu, eta begirada hori fintzen lagundu ziguten Imanol Murua Uria eta Hunberto Unzueta kazetariek 1996an Susarekin kaleratu zuten Suetena Belfasten liburuarekin. Kronika liburu bikaina, Irlandan egindako hilabeteetan kazetariok herri hartako gatazka armatuaren muinari heldu nahi izan zioten, eta hura ezagutu eta entenditzeko lanabesak eman irakurleari historia, kronika sozialak, pasadizoak, protagonisten ahotsa, biktimena... estilo zuzen eta bizi batez jasoz. Kazetaritzak eta literaturak bat egiten duten eremu horretan murgildu ziren, trebetasunez, Murua eta Unzueta, eta orain zeu murgil zaitezke haien lanean liburu osoa hemen irakurriz.

Pako Aristiren zortzi poema ingelesez

Libreta horiko poemak liburuko zortzi poema ingelesez igorri dizkigu Jain Alkortak. Susaren webgunean zortzi erdara ezberdinetara egindako itzulpenak dituzu: ipuinak, nobelak, poemak. Aurrerantzean ere aintzat hartuko ditugu bidaltzen dizkiguzuenak.

125 liburu osorik

Astiro baina astero, iazko apiriletik abiatuta, liburu bat edo bi osorik paratzen dugu Literatur Emailuen bitartez. Liburutegi honetan 125 titulu dituzu dagoeneko; horien artean badira 75 euskal idazle, eta erdal idazleak 30 inguru. Irrisko Sorta (1977-1979) eta Ustela Saila (1977-1983) bildumak osatu samar daude. Saiatuko gara deskatalogaturik edo ahiturik dauden liburuak eta bildumak ekartzen.

Idazle eskolak L aldizkaria kaleratu du

Euskal Idazleen Elkarteak idazle eskola jarri zuen abian iaz. Lehen ikasturtearekin aldizkari bat plazaratu dute Idazle eskolan ibilitakoek: L luma berrien eleak (2004ko ekaina).  Liburu kritikak, narrazioak, poemak, gogoetak eta elkarrizketa bat batzen ditu 76 orriotan. Idazle berrien lanak dira guztiak, eta 3 €tan jarri dute salgai.

 

Efemerideak

1820 abuztuak 13: Jose Mari Iparragirre jaio zen Urretxun.

1820 abuztuak 14: Jean Baptiste Elizanburu jaio zen Saran.

1860 abuztuak 14: Jose Manuel Jujanbio Txirrita jaio zen Ereñozun.

1898 abuztuak 15: Ander Arzelus Luzear jaio zen Donostian.

1984 abuztuak 16: Pierre Narbaitz hil zen Kanbon.

2003 abuztuak 16: Sebastian Salaberria hil zen Hernanin.

1775 abuztuak 17: Jose Pablo Ulibarri jaio zen Okendon.

1950 abuztuak 17: Pablo Zamarripa hil zen Sondikan.

1979 abuztuak 17: Iokin Zaitegi hil zen Arrasaten.

1845 abuztuak 18: Juan Inazio Iztueta hil zen Zaldibian.

Antso Handia pastorala Hegoaldean

Maulen jokatutako Antso Handia pastorala Hondarribian eta Amurrion ikusi eta entzun ahal izango da datozen asteetan. Abuztuaren 21ean (larunbata) 17:30etan Hondarribiko harresietan eskainiko dute eta irailaren 12an (igandea) 16:30etan.

 

Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: