Literatur Emailuak
134 zenbakia: 2004ko abuztuaren 5ean
Susa literatura argitaletxea

 

Edorta Jimenez Atoiuntzia

Ipuin liburu bikaina da aste honetan osorik eskainiko dizuguna: Atoiuntzia. Edorta Jimenezek 1990ean idazle mundakarrak murgil egin zuen narratibaren uretan, eta txukun asko egin gainera. Omar Nabarroren izenpean poema-liburuak ezagutzen genizkion ordura arte (Itxastxorien bindikapena, Egutegi esperimentala, Gaua zulatzen duten ahausietan...), eta bere poemetakoaz gain beste mundu batzuk ere nabiga zitzakeela erakutsi zigun. Atoiuntzia-ko narrazioetan bere inguruari, geografikoari eta historikoari, begira jarri zen Jimenez eta begiratu beharrekoa dela erakutsi. Gerora bere eleberri batzuetan jorratu dituen elementuak (Azken fusila, Kilkerren hotsak) antzeman daitezke ipuin eder hauetan.

Sanchez Irure eta Joxe Ayerbe euskaraz.net-en

Euskaraz.net-ek beste bi liburu jarri ditu sarean. Lehenengoa, Loiolako Joxe Ayerbek, Bartolo Ayerberen semeak, jarritako bertsoekin osatutako Alako batean liburua, Antonio Zabalak Auspoa sailean argitaratua. Hirigintza baldarraren salaketa egiten duen "Gure baserriak" bertso sorta irakur daiteke bertso horien artean. Bigarrena, Kaietano Sanchez Irure (1856 -1916) idazle donostiarraren Azken beltza antzezlana. Lan honek Donostiako Udalaren saria jaso zuen 1915ean eta Euskal Iztundeak 1917an antzeztu zuen lehen aldiz Antzoki Zaharrean.

Antso Azkarra pastorala Maulen

Uztailaren 25ean (nesken egüna) lehen aldiz eta agorrilaren 1ean gero (igandea), aurten ere bitan jokatu dute pastorala Maulen. Jean Louis Davantek Antso Azkarraren milurtekoa hartu du gaitzat idatzi pastoralean. Berria egunkariak gune berezia atondu du pastoralaren karietarat, eta bertan afitxa ikusi, pastoralaren inguruan idatzi albisteak irakurri, edota pastoralaren testu osoa ere irakur daiteke. Lehen peredikütik, 12garren kantara, guztira 23 jelkaldik osatzen du Antso Azkarra pastorala. 

 

Efemerideak

1864ko abuztuak 5: Resurrecion Maria Azkue jaio zen Lekeition.
1900 abuztuak 5: Justo Garate jaio zen
Bergaran.
1592 abuztuak 7: Arnaud Oihenart jaio zen Maulen.
1971 abuztuak 7: Bingen Aizkibel hil zen Buenos Airesen.
1882 abuztuak 7: Emiliano Mujika jaio zen Albizturren. 
1961 abuztuak 9: Nikolas Ormaetxea Orixe hil zen Añorgan.
1897 abuztuak 10: Dominique Soubelet jaio zen Hazparnen.
1901 abuztuak 10: Charles Bernadou hil zen Baionan. .
1961 abuztuak 10: Jean Etxepare Landerretxe hil zen Hazparnen.
1999 abuztuak 10: Bernardo Estornes Lasa hil zen Donostian.
1899 abuztuak 11: Alejandro Tapia Perurena jaio zen Iruñean.
1919 abuztuak 11: Alfonso Maria Zabala hil zen Hernanin.
1924 abuztuak 12: Xabier Gereño jaio zen Bilbon.
1939 abuztuak 12: Juan Bautista Eguzkitza hil zen Lemoan. 
 

Agenda

Bernardo Atxagak hitzaldia eskainiko du abuztuaren 19an (osteguna) 20:00etan Irungo Ficoba erakustazokako Auditorioan.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: