Literatur Emailuak
133 zenbakia: 2004ko uztailaren 29an
Susa literatura argitaletxea

 

Alfontso Irigoienen Herrian gara bizi

Hizkuntzalari gisa ezagunagoa, eta oro har euskaltzale langile moduan, sormenezko literatur lana ere egin zuen Alfontso Irigoienek. Herrian gara bizi (1979) bere lehen poema liburua izan zen, baina gerora argitaratu zituen beste bi, Orbel eta orri 1980an eta Hi ta ni garade zu, to ez date no 1989an. Irrisko Xortaren azkena izan zen Alfontso Irigoienena. Zortzi liburu eta idazle berri pare bat ezagutzera eman eta gero, hortxe amaitu zuen Leopoldo Zugaza argitaldariak orain Interneten irakurgai dagoen bilduma interesgarri hau.

Politikoei mihitik helduz

EAEko estatutua zela eta hala jardun zuten Oh Euzkadi-koek 1979ko uztaileko azken asteko Zeruko Argia-n. EAErako estatutua burutu zela eta haren inguruko adierazpenekin hasita, bestelako gai batzuetan adierazpenak egindakoak izan zituzten jopuntu: Mitxel Unzueta, Xabier Arzalluz, Mario Onaindia... Abuztuko etena eta oporraldia bazetorrela eta oporrei buruzko atala ere eman ziguten. Ladix Arrosagarai izan zuten idazle gonbidatu. Eta, guk orain beraien sailarekin egingo dugun bezala, hilabete t'erdiko oporrak hartu zituzten.

Abelino Barriolaren Lagun txar bat

Abelino Barriolaren Lagun txar bat, Donostiako kaian girotutako antzerki lana, eskaintzen du euskaraz.net-ek udako egun hauetan irakurtzeko. Barriola Donostiako Udaleko zinegotzia izan zen eta bere ahaleginari zor zaizkio bai Artikutzako urak hirira ekartzea, bai Euskal Iztundea, Euskal Hizkuntza eta Deklamazio Eskola, sortzea.

Iñaki Uriarte joan da

Iñaki Uriarte kazetaria joan da. Euskaldunon Egunkaria eta Argiako kazetaria izan zenak, lehenago ere zenbait testu plazaratu zituen Ttu Ttua eta Susa aldizkarietan, Iñaki Goitioltza izengoitiaz. Atzo esan behar nizkizunak poema kaleratu zuen Ttu Tua aldizkarian 1985eko udazkenean. Klick! ipuina 1986ko azaroan Susan, eta Denborak berdin berdin korritzen du eta ipuina aldizkari berean 1987ko apirileko Gernika monografikoan.

 

Efemerideak

1897 uztailak 29: Manuel Sota jaio zen Areetan.

1906 uztailak 30: Ramon Murua jaio zen Ordizian.

1987 uztailak 30: Manuel Lekuona hil zen Oiartzunen.

1918 uztailak 31: Jaime Kerexeta jaio zen Elorrion.

1839 abuztuak 3: Martin Gilbeau jaio zen Urruñan.

1905 abuztuak 3: Estepan Urkiaga Lauaxeta jaio zen Laukizen.

1929 abuztuak 3: Bitor Garitaonaindia hil zen Donostian.

 

Agenda

Bernardo Atxagak hitzaldia eskainiko du abuztuaren 19an (osteguna) 20:00etan Irungo Ficoba erakustazokako Auditorioan.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: