Literatur Emailuak
132 zenbakia: 2004ko uztailaren 22an
Susa literatura argitaletxea

 

Olarra eta Hemingway

Ohi bezala, kupidarik gabekoa eta komarik ez galtzekoa zen orain 25 urteko Izagirre eta Saizarbitoriaren Oh! Euzkadi saileko komentarioa, Zeruko Argia aldizkariaren 839. zenbakikoa. Enpresarioaren inguruko lerro batzuen ondoren, eta Nafarroaz eta Egin-ez idazteko beta galdu gabe, Pasaiako San Ferminen inguruko kronika eder askoa ekarri zuten. Idazle gonbidatua Jon Casenave izan zuten.

Polikarpo Iraizozen poemak

Kristo gure Jauna eta andredena Maria du izenburua Irrisko Xorta saileko zazpigarrenak, Polikarpo Iraizozen poemarioak. Izenburuak adierazten duenez erlijio gaia jorratzen du liburuak, 44 sonetok osatua. 1978. urtean Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Aurrezki Kutxak antolatutako Felipe Arrese Beitia saria irabazi zuen. 1897an jaioa, Polikarpo Iraizozek (jaiotzez Agustin Zarranz) bide luzea egina zuen euskalgintzan eta literaturgintzan, eta lan asko argitaratuak, batez ere prosan. Itzultzaile ere izana, 50 urtez euskal aldizkarietan kolaboratzaile jardundakoa dugu kaputxino nafarra. Euzko Gogoa eta Egan aldizkarietan, adibidez, poema mordoa argitaratua da (Euzko Gogoan Irisarri ezizenaz). Liburua argitaratu eta hurrengo urtean, 1980an, hil zen.

 

Efemerideak

1872 uztailak 22: Edmond Guibert hil zen Bordelen.

1876 uztailak 22: Indalezio Bizkarrondo Bilintx hil zen Donostian, non bestela. Bere bertso guztiak batuta daude sarean, baita faksimil erara jarrita ere.

1931 uztailak 22: Gregorio Mujika hil zen Donostian.

1966 uztailak 22: Alejandro Bilbao hil zen Armintzan.

1908 uztailak 23: Frantzisko Atutxa jaio zen Diman eta 1973 uztailaren 27an hil zen Liman, Perun.

1947 uztailak 23: Federiko Belaustegigoitia hil zen Areetan. Euskara eta kulturaren aldeko militante sutsua izan zen Laudiokoa, Gure Mendean irakurri dezakegun moduan.

1923 uztailak 24: Luis Eleizalde hil zen Bilbon.

1786 uztailak 26: Pierre Topet Etxahun jaio zen

1842 uztailak 26: Martin Landerretxe jaio zen Sarrasketan.

1847 uztailak 26: Charles Beccas jaio zen Ainhoan.

1855 uztailak 26: Antonio Arzak jaio zen Donostian.

1906 uztailak 26: Iokin Zaitegi jaio zen Arrasaten.

1981 uztailak 26: Etienne Salaberri hil zen Heletan. Ene sinestea lana osorik daukazu sarean.

1997 uztailak 26: Maria Dolores Agirre hil zen Donostian. Jaiotzaren mendeurrenaren karietara, bere lanak Interneten paratu genituen.

1910 uztailak 27: Frantzisko Lopez Alen hil zen Donostian.

1971 uztailak 27: Joseba Altuna hil zen Bilbon.

1971 uztailak 27: Juan Martin Pertika hil zen Donostian.

1887 uztailak 28: Maddi Ariztia jaio zen Saran.

1970 uztailak 28: Dominique Soubelet hil zen Hiriburun.

1897 uztailak 29: Manuel Sota jaio zen Areetan.

 

Gabriel Arestiren etxea

Gabriel Arestik, Eara jo zuen 1973ko udan, duela 30 urte. Eta orain, 30 urte beranduago herriko seme kutun izendatuko du Eako herriak uztailaren 24an (larunbata). Gabriel Arestiren etxea izeneko ekitaldia izango da uztailaren 24koa. Bere omenez bere etxearen ondoan haritza landatu; eta garai hartan Ean bertan idatzitako poema bat daroan harria izango du ondoan haritzak. Zakilixut elkartean egingo den bazkariaren ostean literatur tertulia bat izango da, eta arratsaldean berriz errezitaldia eta Agurt'erdi Aresti izeneko ikuskizuna. HEA elkartea, Bihotz Bakartien Kluba eta Udalak atondu dute egitarau osoa.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: