Literatur Emailuak
131 zenbakia: 2004ko uztailaren 15ean
Susa literatura argitaletxea

 

Anton Txekhoven mendeurrena

1904ko uztailaren 15eko goizaldean hil zen Anton Txekhov idazle errusiarra. Ipuingintzako maisu, antzerkigile handia, bere heriotzaren mendeurrena dela-eta euskarara ekarri diren bere lan guztien bilduma egin nahi izan dugu. 1956an kaleratu zen lehena (Guraso zintzoa), Egan aldizkarian, Elizaldek euskaratua, eta gerora Egan-en bertan Pello Zabaletak bi ipuin (Ispilu okerra eta Atezain eskolatua) euskaratu ditu, D. de l'Ak bat (Vanka) Txistu & Tambolin-en eta bakarrizketa bat argitaratu da Zubizabal aldizkarian. Liburuak bi argitaratu dira. 1987an, Begoña Lasak euskaratuta, Bi antzerki labur plazaratu zuen Baroja etxeak. 1990ean, azkenik, eta Literatura Unibertsala bildumaren baitan, Xabier Mendigurenek itzulitako Ipuinak kaleratu zen. Denak dauzkazu hemen irakurgai.
      Mendeurren honetarako azken ipuin bat ere ekarri nahi izan dugu, baina ez Txekhovena, Txekhovez baizik. Raymon Carverren Mandatua ipuina itzuli du Harkaitz Canok, non idazle estatubatuarrak Txekhoven bizitzako azken uneekin narrazioa osatu zuen.

Oh! Euzkadi-koak Euskaltzaindiarekin

Zeruko Argia-ren 838. zenbakiarekin kaleratutako Oh! Euzkadi sailean Euskaltzaindiaren aldeko artikulua idatzi zuten Saizarbitoriak eta Izagirrek. Juan San Martinen aldekoa, egia esan, eta zehatzagoak izateko, hura bota zutenen aurkakoa. Kultura Kontseilaritzan zuzendaritza hartua zuen Juan San Martinek eta orduantxe kendu zioten, EAJko sektore batzuen presioz, artikuluan irakur daitekeenez. Idazle gonbidatua Juan Martin Alegria izan zuten.

Anacabe kapitainaren balada

Uztailean urtero Kale Antzerki jaialdia egiten da Lekeition. Aurtean, besteak beste Anacabe kapitainaren balada bakarrizketa aurkeztu zuten uztailaren 9an. Javier Gonzalez de Duranak idatzi eta Mari Jose Kerejetak euskaratutako lanaren antzezpena Ramon Castrok egin zuen, Karlos Paneraren zuzendaritzapean. Testu osoa eskaintzen dizugu aste honetan.

Augustin Zubikari hil da

Augustin Zubikarai Ondarroan jaio zen 1914ko azaroaren 3an eta Galdakaon hil zen 2004ko uztailaren 12an. Gaztetatik hasi zen euskaraz idazten eta 1937an gerra garaian kaleratu zen Eguna euskarazko egunkariko erredaktore izan zen. Gerra ostean ere etengabe segitu du idazten eta esan liteke bera dela egungo idazle oparoenetako bat.
        Literatur aldizkarietan ere asko idatzitakoa dugu ondarrutarra, Egan eta Olerti aldizkarietan topatu dizkiogu batez ere lanak. Olertin 1959tik 1987ra bitartean kolaboratu zuen —17 poesia sorta—; Egan aldizkarian 1957tik 1982ra bitartean aurkitu dizkiogu zortzi bat lan —tartean 6 antzerki saio—.

 

Efemerideak

1934 uztailak 15: Manex Erdozaintzi-Etxart jaio zen Oztibarren. Bere poemak batuta daude Poesia Kaieran.

1902 uztailak 16: Andoni Urrestarazu Umandi jaio zen Araian.

1912 uztailak 16: Serafin Baroja hil zen Beran.

1935 uztailak 18 : Julen Kaltzada jaio zen Busturian.

1849 uztailak 20: Juan Jose Mogel hil zen Markinan.

1902 uztailak 20: Marzelino Soroa hil zen Donostian.

1902 uztailak 20: Gexan Lantziri jaio zen Urepelen.

 

Agenda

Jon Benitok Orbel zaku bat irakurriko du uztailaren 14an (asteazkena) 22:00etan Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: