Literatur Emailuak
130 zenbakia: 2004ko uztailaren 8an
Susa literatura argitaletxea

 

Emeterio Arreseren eskuizkribuak

Aurten 50 urte dira Emeterio Arrese hil zela. Poetaren eskuizkribu batzuk aurkitu dituzte berriki Javier Bello Portu musikari zenaren paperen artean, haren zaintzapean utzi baitzituen Arresek. Koaderno batean eskuz idatzirik datoz 31 poema, horietatik hamar Olerki berrizte bilduman (Kuliska Sorta 1952) argitaratuak, beste zenbait aldizkarietan plazaratuak, baina baita ere guretzat ezezagunak diren batzuk. David Azurza eta Joxemari Iturraldek utzi digute koadernoa, eta faksimilea egin dugu, berorren transkripzioaz.

Euskarazko etsaminak

EUTGko Letras-eko fakultatean azterketak euskaraz egin eta horren ondorioz sortutako zalaparta hartu zuten aintzat Saizarbitoriak eta Izagirrek orain 25 urteko Zeruko Argiako Oh! Euzkadi saileko komentarioan. Katedradunen batek azterketak euskaraz egin zituztenen aurka esandakoekin, atzekoz aurrera, osatu zuten artikulu nagusia. Idazle gonbidatua Pello Lizarralde izan zuten, eta tarterik ere bai orain 25 urte Madrilen hil zen Blas de Otero gogoratzeko.

Xabier Azurmendiren Jesus

Izatearen malura (1971) eta Maiteño(1973) poemarioen ostean, 1978an beste poema liburu bat kaleratu zuen Xabier Azurmendik: Jesus. Poetaz gain historialari eta ikertzailea ere bazenak Nazaret-eko Jesus gai zuen poema liburua idatzi zuen, ikuspuntu erlijioso bai baina berezi batetik. Irrisko Sortako bosgarrena egin zuen hauxe izan zuen poesian azkena, eta gerora Patri Urkizurekin batera kaleratu zuen Santa Kruz apaizari buruzko ikerketa lan bat. 1996an hil zen. Jesus bere liburua osorik eskaintzen dizugu.

Neruda eta Otero Egan-en

1904ko uztailaren 12an jaioa, mendeurrena da Pablo Neruda poeta txiletarrarena. 2003ko iraileko 89. Literatur Emailuan, bere heriotzaren 30. urteurrena zela-eta, eskaini genituen euskarara ekarritako Nerudaren bost poema. Bada besterik: Egan aldizkarian, 1973ko zenbakian, Ibon Sarasolak Pablo Nerudaren poema baten itzulpen "polemikoa" kaleratu zuen. Eta bestalde, mendeurrena dela eta, Jose Luis Padronek oraintsu kaleratu du Amodiozko hogei poema eta kanta bat bakar-mindua poemarioa Gara egunkariarekin. Liburu honetako poemak Nerudaren beraren ahotsean entzun daitezke. Maskarada taldeak, bestalde, Antonio Skarmetak idatzitako Nerudaren postaria taularatu zuen 1997an, Patxo Telleriak euskaratua.
     
Egan aldizkarian bertan, bestalde, aurki daitezke orain 25 urte zendutako Blas de Oteroren hainbat poema, gaztelaniaz lehenak, eta euskaraz, Gabriel Arestik itzuliak, beste dozena bat. Olerti eta Korrok aldizkarietan ere euskaratu zuten Oteroren poemarik: Literatur Aldizkarien Gordailuan irakur daitezke denak.

 

Efemerideak

1837 uztailak 9: Luis Zirilo Iza jaio zen Bilbon.

1875 uztailak 9: Jean Barbier jaio zen Donibane Garazin.

1877 uztailak 9: Pierre Lhande jaio zen Baionan.

1999 uztailak 9: Jose Antonio Loidi Bizkarrondo hil zen Irunen.

1969 uztailak 10: Rikardo Arregi hil zen Mendaron.

1782 uztailak 14: Sebastian Mendiburu hil zen Bolonian, Italian.

1915 uztailak 14: Mariano Izeta jaio zen Elizondon.

 

Agenda

Jon Iñaki Lasa ipuinak kontatzen arituko da uztailaren 9an (ostirala) 11:00etan Mutrikuko Zabier kultur etxean.

Jon Benitok Orbel zaku bat irakurriko du uztailaren 9an (ostirala) 22:00etan Azkoitiko Etxe-Haitz tabernan. Aurkezlea: Xabi Borda.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: