Literatur Emailuak
127 zenbakia: 2004ko ekainaren 17an
Susa literatura argitaletxea

www.basquepoetry.eus

Euskal literatura munduan ezagutaraztea aspaldiko asmoa da Susa argitaletxean. Xede horrekin, eta Internet baliatuz, BASQUEPOETRY webgunea sortu da. XV. mendetik XXI.era bitarteko euskal poesiaren antologia bat bildu eta jaso da, eta pixkanaka horiek itzuli eta beste bost hizkuntzatan ematea da asmoa: ingelesa, alemana, katalana, frantsesa eta gaztelania. Oraingoz autore klasiko batzuen poemak itzuli dira (Etxepare, Mirande, Elizanburu, Aresti, Beretetxerreren kantorea...), baina hori abiapuntua izan dadin da helburua. Oraingoz 1.000 bat poema biltzen dira www.basquepoetry.eus webgunean, eta jada hainbat itzulpen. Armiarma proiektuaren baitan Susa argitaletxeak egindako webgunea da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz burutua.

Amaia lasaren Hitz nahastuak

Amaia Lasa poetaren ahotsa ekarri zigun Irrisko Sortaren bigarren zenbakiak, 1977an kaleratutako Hitz nahastuak poemarioak. 60ko hamarkadako bilduma kolektiboren batean plazaratua, aldizkarietan bere poemak emana, 1971n kaleratu zuen lehen liburua Amaia Lasak, Herri Gogoa argitaletxearekin ateratako Poema bilduma. Ahots berezi baten jabe, nitasunetik abiatuta kanporantz idazten duena, heldutasunezko lana da orain osorik eskaintzen dizugun Hitz nahastuak.

Bimihingainismoa hizpide "Oh Euzkadi"n

Orain dela 25 urteko Oh Euzkadi saileko artikuluan, 834. Zeruko Argian kaleratua, bimihingainismoa izan zuten hizpide Saizarbitoriak eta Izagirrek. Bimihingainismoa izan zuten jo-puntu, esan genezake, idazleon luma txit zorrotzak hitz bakoitzeko ebakia egiteko modukoa baitzen: irakurleeon gozamenerako. Gladys del Estalen hilketa eta Donostiako Udalak izandako erantzuna ere jorratu zituzten. Gonbidatuen atalean, tokia Gotzion Egiari egin zioten.

Bloomsday

100 urte betetzen dira 1904ko ekainaren 16an, James Joyce eta Nora Barnaclek, Dublinen maitasun ibilaldia egin zutenetik. 50 urte betetzen dira berriz, Ulysses nobelako ibilaldiak aintzat hartuaz, Dublingo kaleetan Bloomsday ospatzen hasi zirenetik. 1954ko ibilaldiaren aurretik, antzeko ibilaldi batzuk egin izan zituzten beste hiri batzuetan, Paris, New York eta Europako beste hiri batzuetan.. Dublingoa, nazioarteko literatur ekintza masiboa bihurtu da, eta Ulysses nobelako pertsonaiek 1904ko ekainaren 16an ibilitako lekuetatik ibiltzea da Dublingo Bloomsday ospakizunaren funtsa.
James Joycek idatzitako lanetatik euskaraz dauden batzuk jarri ditugu eskuragai beste orri honetan.

Efemerideak

1916 ekainak 10: Jose Ramon Astibia hil zen Tuteran.

1968 ekainak 10: Pedro Sarriegi hil zen Hernanin.

1901 ekainak 13: Manuel Mari Apalategi jaio zen Ataunen.

1828 ekainak 16: Wentworth Webster jaio zen Erresuma Batuko Uxbridgen.

1920 ekainak 19: Fernando Aire Xalbador jaio zen Urepelen.

1890 ekainak 20: Pierre Duhour jaio zen Beskoitzen.

1896 ekainak 20: Juan Ithurri hil zen Saran.

1896 ekainak 21: Koldo Jauregi Jautarkol jaio zen Errenterian.

1966 ekainak 22: Blas Fagoaga hil zen Iruñean.

1922 ekainak 23: Juan San Martin jaio zen Eibarren.

Linterna Gorria, paperean ere

2004ko urtarrilaren 17an Interneten argitaratzen hasi zenetik 6 zenbaki kaleratu ditu Linterna Gorriak. Ekainekoak bi bertsio ditu: orain arte publikatutako lanen bilduma bat paperean eta beste bertsio elektroniko bat sarean. Paperezko Linterna Gorria, ekainaren 17an (osteguna) 12:00etan aurkeztuko da Bilboko Likiniano liburudendan.

Agenda

Andoni Urzelaik Zirkulua aurkeztuko du ekainaren 17an (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegian. Argitaldaria: Erein.

Xabier Mendigurenek Arbelaren gainean liburuaz berba egingo du ekainaren 22an (asteartea) 19:30etan Villabonako Udaleko bilera gelan. Antolatzaile: Beterriko liburua.

Edu Zelaietak Mugaldekoak errezitaldia egingo du ekainaren 25ean (ostirala) 20:00etan Larrabetzuko gaztetxean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: