Literatur Emailuak
126 zenbakia: 2004ko ekainaren 10ean
Susa literatura argitaletxea

"Oh Euzkadi" esan zuten Izagirrek eta Saizarbitoriak

Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak, "Baietz astea gaizki bukatu" saila 1977 eta 1978an egin eta gero, 1979ko ekainean "itzuli" ziren Zeruko Argia-ko orrialdeetara. Eta artikulu-sail gogoangarria berriro ere irakurleei eman: Oh! Euzkadi saila. 1979ko ekainaren 4an argitaratu zuten lehena, eta beste hamasei 1979ko azaroaren 11n azkena plazaratu zuten arte. Artikulu sorta honetan bilatu behar da, hain zuzen ere, 1980an plazaratuko zen Oh! Euzkadi aldizkariaren ernamuina (1979ko maiatzean argitaratutako zero zenbakiarekin batera), bertan topatuko ditugu aldizkari hartan parte hartu zuten izen asko. Izan ere, euren kronikarekin batera, astero gonbidatu bat zekarren Oh! Euzkadik, gonbidatuaren testu batek ixten zuen kronika (lehehengo biak, adibidez, Urtsuaran eta Ramon Etxezarreta). Gure historian benetan bizi izan den garai bateko asteroko kronika zorrotz eta bikaina, guk ere astero emango dugu artikulua. Lehenengo biak irakur ditzakezu Emailu honetan.

Irrisko Sortan Manu Ertzilla

Editore eta kultur eragile inportantea izan da Leopoldo Zugaza durangarra. Euskal letren munduan aspaldi murgildua, 1975etik aurrera euskarazko liburuak eta euskal gaien ingurukoak kaleratzen hasi zen, Leopoldo Zugaza argitaldaria izenpean. 1975etik 1979ra bitartean ia 40 liburu argitaratu zituen, horietatik lehenetakoa Mikel Zarateren Ipui antzeko alegi mingotsak. 1977an Irrisko sorta poema liburuen bilduma abiarazi zuen Manu Erzillaren Hitzik ainitz idatzi dut poemarioarekin, eta gero beste zazpi etorri ziren, 1979ra arte. Manu Erzilla bilbotarrarena eskaintzen dizugu aste honetan, osorik.

Lazarragaren transkripzioari zuzenketak

Duela aste bi argitaratu genuen Lazarragaren eskuizkribuaren transkripzioa. Handik hona, asko izan dira jaso ditugun zuzenketak eta iradokizunak. Une honetan hirurehun eta gehiago. Zuzenketok zeintzuk diren jakin gura izanez gero, PDF fitxategi honetan dago adierazia.

Antso Erregea antzezlana

Iruñeko erregearen koroaketaren milurtekoan Hasier Etxeberriak idatzitako Antso Erregea hamalau ekitaldiko antzezlana duzu hemen, Eugenio Arraizaren histori-edukiez eta Ramon Albisturren dramaturgiaz atondua. Ekainaren 12an (larunbata) jokatuko dute, gaueko 22:00etan, Hondarribiko harresietan: 40 jokolari, 4 musikari, 2 kantari eta Narbartenea abesbatzarekin. Antso Erregea antzezlanaren liburuxka estreinaldiaren sarrerarekin banatuko dute, espainolezko eta frantsesezko itzulpenekin.

Efemerideak

1916 ekainak 10: Jose Ramon Astibia hil zen Tuteran.

1968 ekainak 10: Pedro Sarriegi hil zen Hernanin.

1901 ekainak 13: Manuel Mari Apalategi jaio zen Ataunen.

1828 ekainak 16: Wentworth Webster jaio zen Erresuma Batuko Uxbridgen.

Agenda

Fernando Reyk La traduzione: finestra sul mondo per la lingua basca hitzaldia eskainiko du ekainaren 10ean (osteguna) 18:00etan Erromako Odradek liburudendan. Antolatzailea: Associazione Culturale Euskara.

Iban Zalduak Umorea euskal literaturan hitzaldia eskainiko du ekainaren 10ean (osteguna) 19:30etan Zaldibarko udal liburutegian.

Mikelazulo kultur elkarteak "kilimAmuak" disko-liburua (poesia, musika, pintura, antzerkia...) aurkeztuko du ekainaren 11n (ostirala) 12:00etan Pasai Antxoko Beni liburu-dendan.

Kirmen Uribek Silvia Plath, Alejandra Pizarnik, Anne Sexton: Heriotzaren marka hitzaldia emango du ekainaren 12an (larunbata) 10:00etan Literatura Eskolan.

Edu Zelaietak Mugaldekoak errezitaldia egingo du ekainaren 15ean (asteartea) Gasteizko Parral tabernan 20:00etan Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak lagun dituela.

Susa argitaletxeak basquepoetry.eus gunea aurkeztuko du ekainaren 17an (osteguna) 11:30etan Donostiako KMn.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: