Literatur Emailuak
125 zenbakia: 2004ko ekainaren 3an
Susa literatura argitaletxea

Juanjo Olasagarreren Gaupasak

1991n plazaratu zuen Juanjo Olasagarrek Gaupasak poema-liburua, Susa argitaletxearekin. Jarraitu zaio poesiaren bideari eta haren ostean etorri ziren Bizi puskak eta Puskak biziz, non Olasagarrek lurralde poetiko oso bat definitu duen. Ez da poesia izan, ordea, landu duen genero bakarra: antzerkia argitaratua du (Hegazti errariak), kronikarik ere bai (Mandelaren Afrika), eta aurten eleberri bat kaleratu du: Ezinezko maletak. Osorik eskaintzen dizugu bere lehen liburua, Gaupasak. Liburuko poema batzuk Susa argitaletxearen webgunean entzun ere egin ditzakezu, autoreak errezitatuak.

Bi liburu berri euskaraz.net-en

Euskaraz.net-ek Donostiako idazle aspaldikoen liburuak berreskuratzearren aurrera daraman egitasmoak urrats berria bete du: beste bi liburu jarri ditu sarean. Lehena, Katalina Eleizegiren Garbiñe (1916), XIII. mendean girotutako antzezlana; eta bigarrena, Serafin Barojak 1875ean argitaratutako Gazi-gezak. Webeko bertsio "gaurkotuaz" gain, jatorrizko bertsioak ere jarri dituzte PDFn: hala Eleizegirena nola Barojarena.

Ustela Bilduma osorik

Koldo Izagirre eta Joxemari Olaizolaren bultzadaz sortu eta hazi zen Ustela Bilduma. 1977an kaleratu zen lehen liburua, Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera, eta 1983an azkena, Jose Luis Otamendiren Azken undinaren kaira. 19 lan argitaratu zituzten, horietarik 13 autoreen lehen lana. Apustu ausarta, hala obretan nola idazle berriak plazaratzeko orduan, liburu ederrak eskaini ditu. Osorik jarri ditugu azken hilabeteetan Literatur Emailuen bitartez, eta beraz orain bilduma osoa daukazu irakurgarri (Egunero hasten delako izan ezik, hauxe izan zen bildumako berragitalpen bakarra).

Efemerideak

1936 ekainak 3: Jose Manuel Lujanbio Txirrita hil zen Altzan.

1821 ekainak 4: Salvat Monho hil zen Bardozen.

1981 ekainak 4: Agustin Anabitarte hil zen Donostian.

1878 ekainak 5: Bonifazio Etxegarai jaio zen Zumaian.

1975 ekainak 5: Gabriel Aresti hil zen Bilbon.

1903 ekainak 8: Maria Dolores Agirre jaio zen Zizurkilen. Iaz, jaiotzaren mendeurrenean, bere lanak batu genituen gune batera.

1969 ekainak 8: Jose Olaizola hil zen Donostian.

1983 ekainak 8: Manuel Olaizola Uztapide hil zen Ergoienen.

1878 ekainak 9: Luis Eleizalde jaio zen Bergaran.

1881 ekainak 9: Jean B. Arxu hil zen La Réolen.

1884 ekainak 9: Jon Andoni Irazusta jaio zen Tolosan.

Agenda

Lander Garrok Orain galdera berriak ditut liburua aurkeztuko du ekainaren 3an (osteguna) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldariak: Txalaparta eta EEF.

Iban Zalduak Umorea euskal literaturan hitzaldia eskainiko du ekainaren 3an (osteguna) 19:30etan Zaldibarreko udal liburutegian.

Julen Gabiriak Han goitik itsasoa ikusten da liburua aurkeztuko du ekainaren 3an (osteguna) 20:30etan Larrabetzuko gaztetxean.

Castilo Suarezek Spam poemak aurkeztuko ditu ekainaren 3an (osteguna) 20:30etan Txantreako Biltokin.

Pablo Sastre Leuropa liburuari buruz mintzatuko da ekainaren 4an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Arturo Campion euskaltegian. Liburuak irakurriz dibertitzen gara (ikasturteko azken saioa).

Jon Gerediagaren Fitola balba errezitaldi dramatizatua egingo du Antzerkiola Imaginarioak ekainaren 8an (asteartea) 20:30etan Bilboko Kalderapeko euskal kultur gunean.

Sonia Gonzalezek Ugerra eta kedarra liburuari buruz berba egingo du ekainaren 9an (asteazkena) 20:00etan Deustuko gazte lokalean. Antolatzailea Berbaizuko Irakurlearen Txokoa.

Kirmen Uribek Silvia Plath, Alejandra Pizarnik, Anne Sexton: Heriotzaren marka hitzaldia emango du ekainaren 12an (larunbata) 10:00etan Literatura Eskolan.

Edu Zelaietak Mugaldekoak errezitaldia egingo du ekainaren 15ean (asteartea) Gasteizko Parral tabernan 20:00etan Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak lagun dituela.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: