Literatur Emailuak
124 zenbakia: 2004ko maiatzaren 27an
Susa literatura argitaletxea

Bilbo dub kronikak

Hiriaren kronika bat egin du Paddy Rekaldek Bilbo dub kronikak poema liburuaren bitartez, eta Bilbo berrituak eta monumentalak ezkutatzen duen beste Bilbo hori agerian jarri du. Paddy Rekalderen bosgarren liburu hau idazlearen poesiazko bigarrena duzu.

Lazarragaren eskuizkribuaren transkripzioa

Lazarragaren eskuizkribuaz egindako transkripzioa eskaintzen dizuegu aste honetan. Zientzi helburuz baino, literaturazaleak eskuizkribua modu errazago eta arinago batez irakurri ahal izateko baliabidea sortzea izan da gure asmoa. Orriz orriko transkripzioaren testu osoa, RTF edo PDF formatuetan jaits daiteke. Irakurketa atseginagotu aldera, testuz testuko berrantolaketa ere, oso behin-behinekoa, badago PDF formatuan. Transkripzioaren egilea Iñigo Landa izan da.

Jon Gaztelumendiren Haizea mindu gabe

1999an argitaratu zuen Jon Gaztelumendik Haizea mindu gabe narrazio liburua: 11 ipuin, Haizea mindu gabe poema -Goizalde Atxutegirena- eta hitzaurrea. "Ihesi doazen izpirituak dira presoaren kontu idatziak; mezulariak dira", esaten du Bonxeko espetxean idatzitako hitzaurrean Jokin Urainek. Halaxe izan ziren hauek, presoaren kontu idatziak, espetxean idatzi baitzituen Jon Gaztelumendik. Orain aske da, Gaztelumendi, espetxean 18 urte egin eta gero. Hemen dituzu "izpiritu" horiek irakurgai: Haizea mindu gabe.

Robert Capa eta Argazki bete berba

Maiatzaren 25ean (asteartea) bete ziren 50 urte Robert Capa argazkilaria hil zela. Gerra batean argazkiak ateratzen hil ere. Egunotan, Edorta Jimenez idazleak hainbat hitzaldi eman ditu, Robert Capa eta David Seymour Chim argazkilarien lanen ingurukoak -Kilkerren hotsak liburuan agertzen dira argazkilariok ere-.
Hitzaldietako bat Larrabetzun eman zuen, eta Linterna Gorria aldizkarian Argazki bete berba ekimena atondu dute. Capa eta Chimen bosna argazkiri testua jarriko diote irakurleek eta testuok aldizkari digitalean argitaratuko dira ostean. 1937ko gerran ateratako argazkiak dira denak, tartean Euskal Herrian egindako zenbait foto.

Efemerideak

1941 maiatzak 27: Toribio Alzaga hil zen Donostian.

1667 maiatzak 28: Jacques Bela zuberotarra hil zen.

1812 maiatzak 28: Jose Antonio Uriarte jaio zen Arrigorriagan.

1891 maiatzak 28: Krispin Beobide hil zen Tolosan.

1901 maiatzak 28: Justo Mokoroa jaio zen Tolosan.

1908 maiatzak 28: Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri jaio zen Irurin.

1916 maiatzak 29: Jose Manuel Estonba jaio zen Irunen.

1879 maiatzak 30: Juan Etxamendi Bordel hil zen Luzaiden.

1907 maiatzak 30: Antonio Arozena jaio zen Lasarten.

1923 maiatzak 31: Jean Haritxelhar jaio zen.

1993 maiatzak 31: Eusebio Erkiaga hil zen Lekeition.

1981 ekainak 2: Nikolas Alzola Bitaño hil zen Irunen.

Agenda

Juan Ramon Makusok Bizitzeak hil egiten du liburua aurkeztuko du maiatzaren 20an (osteguna) 19:30etan Bilboko Casa del libro liburudendan. Aurkezlea: Pello Otxeteko. Argitaldaria: Beta.

Fernando Morillok Gloria Mundi nobela aurkeztuko du maiatzaren 27an (osteguna) 11:30etan Donostiako Koldo Mitxelenan. Aurkezlea: Pedro Miguel Etxenike. Argitaldaria: Elkar.

Bihotz Bakartien Klubak Sarri gure artean errezitatuko du maiatzaren 27an (osteguna) 19:30etan Hernaniko Biteri Kultur etxean. Antolatzaile: Dobera.

Bertol Arrietak Txikira beti hordago! eta Karlos Linazasorok Mendekuaren graziaz liburuak aurkeztuko dituzte maiatzaren 28an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Erein.

Mikelezuloko lagunek Kilimamuak eskainiko dute maitzaren 28an (ostirala) 23:30etan Oiartzungo Herriko tabernan.

Pablo Sastre Leuropa liburuari buruz mintzatuko da ekainaren 4an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Arturo Campion euskaltegian. Liburuak irakurriz dibertitzen gara (ikasturteko azken saioa).


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: