Literatur Emailuak
122 zenbakia: 2004ko maiatzaren 13an
Susa literatura argitaletxea

Edu Zelaietaren Mugaldekoak

Edu Zelaietaren bigarren poema liburua, Mugaldekoak, argitaratu dute koedizioan Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Susak. Lau ataleko liburuak hiru ditu poesiazkoak eta laugarrena narrazio labur bat. Muga kontzeptua da denetan ardatza. Edu Zelaietak errezitalak egingo ditu Beñardo Goietxe eta Raul Garcia musikariak lagun dituela, Beran (maiatzak 28), Gasteizen (ekainak 15), Larrabetzun (ekainak 25).

Kavafis eta Andolin Eguzkitza

Maiatzaren 6an omenaldia eskaini zioten hainbat lagunek Andolin Eguzkitzari, bera sustatzaile izandako Bilboko Kalderapekoko errezitaldi batean. Andolinen poemak ez ezik, berak euskaratutakoak ere errezitatu zituzten. Santurtziko idazleak Olga Omatos-ekin batera euskaratutako Konstantinos Kavafisen poema-antologia argitaratu zuen, Pamielarekin, 1995ean. Liburuko zenbait poema eskaini genizkizuen bere heriotza zela-eta egindako Emailu berezian. Aste honetan, maiatzaren 6ko errezitaldiaren osagarri, osorik eskaintzen dizugu liburua.

Casenave eta Larzabal Azkenean dilindan

1978ko abenduan plazaratu zen Jon Casenavek eta Mattin Larzabalek elkarrekin idatzitako Azkenean dilindan eleberria, Ustela Sailaren baitako lana. Bederatzi ataletan banatutako liburua, Azkenean dilindan gaude izeneko hitzaurrea dauka, bikote lanaren nolabaiteko aurkezpena, Jon-Kasko Tzarra eta Mattin-Kurios Pinterdi-k sinatua. Azaleko irudia Philipee Ducasouk egin zuen. Azkenean dilindan osorik daukazu orain irakurgarri.

MikelZarate.com

Mikel Zarate idazlearen literatur lan guztiak batu ditu MikelZarate.com gune berriak. 11 liburu daude osorik on line. Poesiazkoak: Higidura berdez (1977, GAK), Bizipenen bultzadaz (1978, Zugaza), Etorriaren zorabioz (2004, Zorrizketan). Literaturari buruzko saiakerak: Bizkaiko euskal-idazleak (1580-1968) (1970, Derioko Ikastetxea), Euskal literatura: azterbideak, aztergaiak, azterketak, I eta II (1977-1978, Zugaza). Haurgintza minetan (1973, Gero) nobela eta lau narrazio liburu: Ipui antzeko (1975, Gero), Ipuin antzeko alegi mingotsak (1975, Zugaza), Utopiaren fantasian (1979, Haranburu), Bilbo irribarrez (1980, Bizkargi).
Zorrizketan euskara elkarteak, Lezamako udalagaz batera antolatutako omenaldi ekitaldien barruan atondu du webgune hau, testuen digitalizazioa eta webgunearen diseinua armiarma.eusek egin du.

Efemerideak

1810 maiatzak 15: Jean Pierre Duvoisin jaio zen Ainhoan.

1921 maiatzak 15: Federiko Krutwig jaio zen Getxon.

1823 maiatzak 17: Juan Bautista Agirre hil zen Asteasun.

Agenda

Iban Zalduak Umorea euskal literaturan hitzaldia emango du maiatzaren 12an (asteazkena) 20:00etan Leioako Mastitxu euskaltegian.

Tiburtzio Ispizua izango dute hizpide maiatzaren 13an (osteguna) 20:00etan Larrabetzuko kultur etxean. Gerra eta literatura jardunaldiak.

Jon Gerediagak Fitola balba, karpuki tui poesia liburua aurkeztuko du maiatzaren 14an (ostirala) Bilboko San Frantzisko auzo etxean. Aurkezlea: Jose Angel Irigaray. Argitaldaria: Pamiela.

Castillo Suarezek Spam poemak liburua aurkeztuko du maiatzaren 14an (ostirala) 20:00etan Arbizuko Karrika tabernan aurkeztuko du liburua. Aurkezlea: Iban Zaldua. Argitaldaria: Elkar.

Mikelazulokoek Kilimamuak ikuskizuna egingo dute maiatzaren 14an (ostirala) 20:00etan Pasai San Pedroko kultur etxean, 4. poesiaren astean eta maiatzaren 15ean (larunbata) 20:00etan ALC sesioa eskainiko du Transpoem taldeak Mikelazulo elkartean.

Iñigo Aranbarri Nikola Agirre Metxa eta Pernando Amezketarrari buruz mintzatuko da maiatzaren 15ean (larunbata) 10:00etan Literatura Eskolan.

Bihotz Bakartien Klubak Sarri gure artean errezitatuko du maiatzaren 20an (osteguna) 20:30etan Hernaniko Biteri Kultur etxean. Antolatzaile: Dobera.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: