Literatur Emailuak - 121. zenbakia
Literatur Emailuak
121 zenbakia: 2004ko maiatzaren 6an
Susa literatura argitaletxea

 

Eider Rodriguezen lehen liburua

Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur liburuko hamasei narrazioak Joseba Sarrionandiaren hitzaurre batekin datoz: "Ondo bereizi behar dira fantasiak eta mamuak. (...) Eiderrek, errealitateak duen mamu partearen kronika egiten du ipuinotan zehar, bere fikzioa ez dabil fantasien bila, baizik eta mamuen bila".

Haize lainotuaren nekeak

Ustela bildumako 11.a izan zen Haize lainotuaren nekeak, Maripi Solbesek idatzi eta 1979ko azaroan kaleratua, aste honetan osorik eskaintzen dizuguna. Prosazko testu laburrek osatutako liburua, ikuspuntu berezi baten berri ematen digute testuok. Susa literatura aldizkarian jardundakoa, Susa argitaletxean zenbait egilek 1983an kaleratutako Eta zergatik ez... Sigrid poesia liburuan parte hartu zuen. Haize lainotuaren nekeak liburuko azala ere Maripi Solbesek berak egina da.

Efemerideak

1854 maiatzak 7: Arturo Kanpion jaio zen Iruñean.

1869 maiatzak 7: Rosario Artola jaio zen Donostia.

1810 maiatzak 8: Jean Martin Hiribarren jaio zen Azkainen. Euskal Herriaren agerpen osoa izan nahi duen Euskaldunak poema luzea (ia 5.500 bertso-lerro) osorik daukagu Interneten.

1938 maiatzak 8: Etienne Decrept hil zen Bidarten.

1909 maiatzak 10: Manuel Olaizola Uztapide jaio zen Endoian.

1804 maiatzak 11: Juan Antonio Mogel hil zen Markinan.

1907 maiatzak 11: Bernardo Estornes Lasa jaio zen Izaban.

Kirmen Uribe Estonian

Literature Across Frontiers elkarteak gonbidatuta eta iaz Eslovenia aldean izandako egonaldiaren jarraipen gisa, maiatzaren 8tik aurrera idazleen topagune batean hartuko du parte Kirmen Uribek Estonian, Käsmu kostaldeko herritxoan. Hango poesia festibalean poemak irakurri eta poesia eta itzulpengintza mintegian hiru egunez Holanda, Islandia, Irlanda, Norvegia, Eskozia, Gales eta Baltikoetako idazleekin batera. Idazle bakoitzak gainontzekoen poemak itzuliko ditu haren hizkuntzara, horrela hizkuntza horietan guztietara itzuliz bakoitzaren poemak.

Gerra eta literatura Larrabetzun

Bizkargi egunaren karietara Gerra eta literatura Euskal Herrian jardunaldiak antolatu ditut BBK-k (bizkargiko bekoki kulturala). Edorta Jimenezek gerrako argazkiekin maiatzaren 5ean (asteazkena) eskainitako hitzaldia, Tiburtzio Ispizuaren gerra eta erbesteko pasadizoak aztertuko dituzte maitzaren 13an (osteguna), Jon Benitok XX. mendean gerraren inguruan idatzi den euskal poesia izango du hizpide maiatzaren 19an (asteazkena) eta azkenik Markos Zapiainek, azkenaldi honetan gerra gaitzat daukaten hiru libururen gaineko irakurketa (Kilkerren hotsak, Kolosala izango da eta Soinujolearen semea) egingo du maiatzaren 26an (asteazkena). Ekitaldi guztiak Larrabetzuko Anguleri kultur etxean izango dira.

Poesia astea Oreretan

Mikelazulok poesiaren 4. astea antolatu du maiatzaren 10etik 15era. "... Eta elkartzen bagara" izango dute galdegai nagusia topaketok, sormenaren inguruan elkartuta hamaika ideia aurrera ateratzea lortzen duen jendearen lana ezagutzera eman eta, bide batez aldarrikatuz, Mikelazulokoek beraiek adierazi dutenez. Maiatzaren 10ean (astelehena) goizeko 10:00etan Lekuan lekuko ekimena lantzen hasiko dira Mikelazuloko idazleen eskutik, poesia ezohiko lekuetara eroanez. Antzerkiola Imajinarioak Jon Gerediagaren Fitola balba, karpuki tui liburuan oinarritutako lana antzeztuko du maiatzaren 11n (asteartea) 20:00etan Mikelazulon. Bihotz Bakartien Klubak Zakil alu hori irakurketaldia egingo du maiatzaren 12an (asteazkena) 20:00etan Mikelazulon. Esqalera Poesika taldeak ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 13an (osteguna) 20:00etan. Kilimamuak ikuskizuna berriz maiatzaren 14an (ostirala) 20:00etan Pasai San Pedroko kultur etxean. Azkenik, maiatzaren 15ean (larunbata) 20:00etan ALC sesioa eskainiko du Transpoem taldeak Mikelazulon bertan.

Agenda

Andolin Eguzkitza izan zen Bilboko Kalderapeko kultur gunean, Literatur Jazza ekimenaren bultzatzaileetako bat. Maiatzaren 6an (osteguna) Four Friends jazz-blues bandarekin batera, hainbat lagun bilduko dira irakurtzera: Asier Serrano, Aritz Gorrotxategi, Laura Mintegi, Juanra Madariaga, Iñigo Aranbarri, Karmelo Landa, Miren Agur Meabe, Jose Mari Iturralde, Paddy Rekalde, Maite Toledo, Igor Estankona, Lutxo Egia, Markos Zapiain eta Jose Luis Otamendi.

Bernardo Atxagak Begiradak eta memoriak ertzetik hitzaldia eskainiko du maiatzaren 7an (ostirala) 19:00etan Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Ostean Ruper Ordorikak kantuak eta poemen irakurketa egingo du John Bergerren haritik. Antolatzaile: Periferiak.

Sonia Gonzalezek Ugerra eta Kedarra liburuari buruz berba egingo du maiatzaren 7an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Arturo Kanpion euskaltegian. Irakurriz Dibertitzen Gara.

Castillo Suarezek Spam poemak liburua aurkeztuko du maiatzaren 12an (asteazkena) 11:30etan Gasteizko Arriaga liburudendan. Maiatzaren 14an (ostirala) 20:00etan Arbizuko Karrika tabernan aurkeztuko du liburua. Aurkezlea: Iban Zaldua. Argitaldaria: Elkar.

Zorrizketan euskara elkarteak Mikel Zarateren lanak Interneten aurkeztuko du maiatzaren 12an (asteazkena) 12:00etan Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Pako Aristi Libreta horiko poemak liburuari buruz arituko da maiatzaren 12an (asteazkena) 20:00etan Deustuko gazte lokalean. Antolatzaile: Berbaizu.

Edu Zelaietak Mugaldekoak poema liburua aurkeztuko du maiatzaren 13an (osteguna) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaratzaileak: EEF eta Susa.

Bihotz Bakartien Klubak Sarri gure artean errezitatuko du maiatzaren 20an (osteguna) 20:30etan Hernaniko Biteri Kultur etxean. Antolatzaile: Dobera.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: