Literatur Emailuak
117 zenbakia: 2004ko apirilaren 8an
Susa literatura argitaletxea

Gaztetxeak eta literatura, Galdu arte

Gaztetxeak eta literatura izango ditu aztergai datorren apirilaren 15ean (osteguna) eguerdiko 12:00etan Juan Luis Zabala idazleak, botatzeko arriskuan dagoen Larrabetzuko gaztetxean. Galdu arte bere nobela dagoeneko klasiko bat bihurtu da eta horren inguruan berba egiten saiatuko da aipatu hitzaldian. Guk ere, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxearekin elkartasunez Galdu arte liburua osorik jarri dugu Interneten.

Bost liburu berri euskaraz.net-en

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak bost testu berri jarri ditu osatzen ari den Donostiako idazleen testu bilduman. Martzelino Soroaren Iriyarena zarzuelatxo elebiduna euskal antzerki modernoaren lehen obra bezala aipatzen da eta orain testua irakurtzeaz gain, doinuak midi formatuan entzun ahal izango dituzu. Egile beraren Ezer ez, eta festa antzezlana ere jarri dute sarean. Fermin Imazen Bertso guziak izeneko argitalpenean, Donostiako bertsolariak Txirritarekin izandako eztabaida garratzaren berri ematen dutenak aurkituko dituzue, besteak beste. Tiro tartean bertsotan bertso bilduman "trentaiseis"-ko gerran izandako gorabeherak eta ibilerak kontatzen dizkigu Patxi Lazkanok, Ametzagainako bertsolariak. Aita Larrokaren Esku liburua, zeinean dauden mezaco... da sarera ekarri duten sorta honetako azken liburua.

Mikel Zarateren Euskal Literatura II

25 urte beteko dira apirilaren 10ean Mikel Zarate hil zela. Iragan igandean omenaldia egin zioten jaioterrian, Lezaman. Azken 10 asteotan liburu bana jarri dugu osorik Interneten. Asteon, Euskal Literatura Azterbideak, Azterketak eta Aztergaiak II jarri dugu on-line. Bere azterbide, azterketa eta aztergaietan, Lizardiren poesia eta prosa, Barbier, Iratzeder, Kirikiño, Bilbao, Txillardegi, Amaia Lasa eta Urretabizkaiaren lanak aztertzen ditu.

Efemerideak

1644 apirilak 8: Pedro Agerre Axular hil zen Saran.

1696 apirilak 8: Joan Batista Gamiz jaio zen Sabandon.

1985 apirilak 8: Paben Loidi hil zen Igeldon.

1979 apirilak 10: Mikel Zarate hil zen Lezaman. Bere literatur lan guztiak jarri ditugu sarean.

1879 apirilak 11: Ixaka Lopez Mendizabal jaio zen Tolosan.

1894 apirilak 12: Bitor Gaubeka jaio zen Bermeon.

1813 apirilak 13: Eusebio Azkue jaio zen Lekeition.

1958 apirilak 13: Joseba Sarrionandia jaio zen Iurretan eta Pablo Sastre Madrilen.

1828 apirilak 14: Gratien Adema Zaldubi jaio zen Senperen.

1871 apirilak 14: Baleriano Mokoroa jaio zen Tolosan.

1923 apirilak 14: Pedro Migel Urruzuno hil zen Mendaron.

1976 apirilak 14: Louis Dassance hil zen Uztaritzen.

Agenda

Sarako idazleen biltzarra burutuko da apirilaren 12an (astelehena) eta bertan Jean Louis Davant idazlea omenduko dute besteak beste. Ur Apalategik arratsaldeko 16:00etan bere azken liburua "Gure gauzak S.A" aurkeztuko du. Argitaldaria: Utriusque Vasconiae.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: