Literatur Emailuak
116 zenbakia: 2004ko apirilaren 1ean
Susa literatura argitaletxea

Literaturaren Zubitegia

Literaturaren Entziklopedia elektronikoa sortzea dugu helburu, eta datu-base entziklopediko horren enbor modura Literaturaren Zubitegia aurkezten dizuegu. Zubitegi honek euskal idazleekin eta euskarara ekarritako idazleekin zubi izan gura du; era berean, Interneten eskura dauden literatur edukiekin ere zubi. Oraingoz 637 euskal idazle, 3091 libururen berri, 2024 esteka, 678 kritika eta 1436 aipamen lotu ditugu entziklopedia txiki honetara. Idazle bakoitzaren efemerideak, bibliografia, kritika, aipamenak eta loturak batu ditugu Atik Zra.

Ramos Azkarate hil zela 100 urte

1904ko martxoaren 26an hil zen, 56 urte zituela, Ramos Azkarate idazle tolosarra. Galtzaundiren bertso-sorten egiletzat ezaguna, bertsogintzaz gain antzerkia ere landu zuen, eta ezagunak ditu Ijituen kontratuba eta ezkontza izeneko antzerkia edo Beotibar'ko jatzarraren oroipena. Aldizkaritan eman zituen argitara bere bertso, ipuin eta artikuluak. Karlismoaren defendatzaile sutsua, ika-mikarik izan zuen bizitzan zehar eta bere bertsoetan nabarmentzen dira, ika-mika horiek zein bere ideologia. Auspoak argitaratu zituen bere bertso zenbait, Galtzaundi eta beste bertso asko izenburupean, 1962an. Osorik irakur dezakezu hemen.

Milan Kunderaren Jacques eta Nagusia

1929ko apirilaren 1ean, orain 75 urte, jaio zen Milan Kundera idazlea. Literatur aldizkarien bitartez iritsi zen euskarara bere lana. 1987an Literatur Gazetan bi artikulu euskaratu zituzten, eta urte berean Porrot-en Koldo Etxabek narrazio bat itzuli zuen. Beste testutxo bat, azkenik, Garziarena Berria-n kaleratu zen. 1993 ezkeroztik, Karlos Cidek euskaratua, bere "narrazio" bilduma bat irakur daiteke euskaraz: Amodio barregarriak, Ereinek plazaratua. Aste honetan osorik eskainiko dizuegun liburua txekiarraren antzezlan bat da: Jacques eta Nagusia, egileak berak hitzaurrean esaten duenez Txekoslovakiako 68ko udaberriaren ostean sortua. Beatriz Zabalondok eta J.L. Aranguren Txilikuk euskaratua, 1990eko urriaren 18an taularatu zuen, estreinakoz, Bederen-1 taldeak. Susa argitaletxeak argitaratu zuen testua 1990ean.

Mikel Zarateren Euskal Literatura

Mikel Zarateren sorkuntzazko literatur lan guztiak ekarri ditugu azken asteotan. Sortu zuen besterik Lezamakoak; Euskal Literatura / Azterbideak, Azterketak, Aztergaiak izeneko liburua Derioko euskal ikastaroetan emateko material gisa atondu eta argitaratu zuen 1977an. Txomin Agirre, Otsalar, Joxe Azurmendi, Lauaxeta, Lekuona, Errose Bustintza, Bitoriano Gandiaga, Joseba Intxausti, Gabriel Aresti, Xalbador Garmendia eta Ramon Saizarbitoriaren lanak aztertzen ditu obra honetan.

Efemerideak

1944 apirilak 1: Julen Urkiza jaio zen Ondarroan.

1907 apirilak 2: Wentworth Webster hil zen Saran.

1871 apirilak 2: Julio de Urquijo jaio zen Deustun.

1914 apirilak 3: Pierre Duny Petre jaio zen Donibane Garazin.

1924 apirilak 4: Junes Casenave jaio zen Santa Grazin.

1944 apirilak 5: Xabier Lete jaio zen Oiartzunen.

1980 apirilak 5: Agustin Zarrantz Polikarpo Iraizozkoa hil zen Lekarozen.

1881 apirilak 6: Jose Mari Iparragirre hil zen Ezkio Itsason.

1889 apirilak 6: Katalin Eleizegi jaio zen Donostian.

1939 apirilak 6: JosAnton Artze jaio zen Usurbilen.

1888 apirilak 7: Jules Moulier Oxobi jaio zen Bidarrain.

1911 apirilak 7: Lino Akesolo jaio zen Diman.

1954 apirilak 7: Emeterio Arrese hil zen Tolosan.

Orixeren Euskaldunak Iruñean

Urtero Biurdana institutoan obra bat irakurtzen dute, egun osoko jardunean. Aurten ere, apirilaren 2an (ostirala) goizean hasi eta bukatu arte Nikolas Ormaetxea Orixeren "Euskaldunak" obra poetikoa (Itxaropena, 1950) irakurriko dute.

Agenda

Patxi Iturregik "Haize kontra" liburuari buruz berba egingo du apirilaren 1ean (osteguna) 16:30etan Barakaldoko Hizkuntza Eskolan. Ostean, 19:00etan, Iban Zaldua arituko da, berak "Euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategiko bat" aurkeztuko du, ohi duen moduan.

Bihotz Bakartien Klubak Zakil alu hori! errezitatuko du apirilaren 1ean (osteguna) 20:00etan Zamudioko Dorretxean. Antolatzailea: Gazte asanblada.

Hasier Etxeberriak Eulien bazka liburuari buruz hitzegingo du apirilaren 2an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Antolatzailea: Irakurriz dibertitzen gara.

Julen Gabiriak "Han goitik itsasoa ikusten da" liburuaz jardungo du apirilaren 2an (ostirala) 19:00etan Bilboko Likiniano liburudendan.

Alberto Ladronek "Eguzki beltzaren sekretua" liburua aurkeztuko du apirilaren 1ean (osteguna) 12:00etan Iruñeko Xalbador liburudendan. Aurkezlea: Aingeru Epaltza. Argitaldaria: Elkar.

Rafa Egigurenek Mandarin dotore lana zuzenean aurkeztuko du apirilaren 6an (asteartea) 20:00etan Loiolako elizan. Musikari lanetan lagun izango du Joserra Senperena eta Jose Luis Zumetaren irudiak proiektatuko dituzte.

Sarako idazleen biltzarra burutuko da apirilaren 12an (astelehena) eta bertan Jean Louis Davant idazlea omenduko dute besteak beste. Ur Apalategik arratsaldeko 16:00etan bere azken liburua "Gure gauzak S.A" aurkeztuko du. Argitaldaria: Utriusque Vasconiae.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: